Joan Gurutzekoa
Juan de Yepes Álvarez (Fontiveros, Ávila, 1542ko ekainaren 24a - Úbeda, Jaén, 1591ko abenduaren 14a), erlijio izenez Joan Gurutzekoa[1] (gaztelaniaz: San Juan de la Cruz), espainiar fraidea eta Espainiako Urrezko Mendeko poeta handienetako bat izan zen. Erdi Aroko eta Pizkunde garaiko moldeak, herriko formak eta erlijio sinbolismo landua maisutasun handiz erabili zituen bere obra mistikoan. 1726tik Eliza Katolikoaren santua eta 1952tik gaztelaniazko poeten zaindaria da.
Joan Gurutzekoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Juan de Yepes Álvarez |
Jaiotza | Fontiveros, 1542ko ekainaren 24a |
Herrialdea | Gaztelako Koroa |
Heriotza | Úbeda, 1591ko abenduaren 14a (49 urte) |
Hobiratze lekua | Sepulcher of San Juan de la Cruz (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: estreptokozia |
Familia | |
Ezkontidea(k) | ezkongabea |
Hezkuntza | |
Heziketa | Salamancako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, poeta eta apaiz katolikoa |
Lan nabarmenak | |
Genero artistikoa | olerkigintza |
Santutegia | |
Abenduaren 14 | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Erlijio-ordena | Karmeldarrak Karmeldar Oinutsak |
Espainiako karmeldarren ordenaren erreformazale garrantzitsuena izan zen, Teresa de Jesusekin batera. Karmeldar oinutsen taldea indartu zuten biek Espainian zehar. 1577an, preso hartu zuten, karmeldar oinetakodunek eginiko presioengatik, eta Toledon giltzapetu zuten. Han idatzi zituen bere lehen poemak. Zortzi hilabeteren buruan, ihes egin zuen kartzelatik eta karmeldar oinutsen aldeko jardueran jarraitu zuen ondoko urteetan Andaluzia aldean. Hala ere, aurkari handiak sortu zitzaizkion karmeldar oinutsen artean ere eta, kargu guztiak kendu eta gero, fraide soil hil zen Ubedako komentuan. Bera hil ondoan eman ziren argitara Joan Gurutzekoaren obra guztiak. Hitz lauz eginiko mistika tratatuak (Karmelo mendirako igoera, Arimaren gau iluna, Amodiozko gar bizia eta Izpirituzko kantua) landu zituen hiru poema nagusien iruzkin luzeak dira: Gau iluna (1578-1583), Izpirituzko kantua (1584) eta Amodiozko gar bizia (1584).[2]
Juan Ignazio Goikoetxea "Gaztelu", Nikolas Ormaetxea "Orixe" eta Luis Baraiazarra idazleek eman dituzte Joan Gurutzekoaren poemen euskarazko bertsio aipagarrienak.[2]
Bizitza
aldatuJoan Gurutzekoa 1542. urtean munduratu zen, Avilako probintziako Fontiverosen. Gurasoak, Gonzalo de Yepes eta Catalina Álvarez, ehuleak ziren[3]. Hiru urte zituela, aita eta anaia gazteena hil zitzaizkion. Amak, familia aurrera ateratzeko, hainbat herritan lan egin behar izan zuen, harik eta 1551n Medina del Campora iritsi ziren arte. Garai hartan, Medina del Campo Iberiar goi-lautadaren iparraldeko hirigunerik handien eta aberatsenetako bat zen. Han, anaia nagusia ezkondu zenez, familiaren egoera ekonomikoa zertxobait hobetu zen eta Joan eskolara joan ahal izan zen. Beti ere, txiro nabarmena zenez gero, ikasketen kontraprestazio gisa elizmutil lanak egin behar izan zituen (meza ematen lagundu, limosnak jaso, hiletetan parte hartu...).[3]
Eskola horretatik jesuiten kolegio batera joan zen giza zientziak ikastera. Ikasketak ordaindu ahal izateko, Nuestra Señora de la Concepción de Medina ospitalean lan egin zuen. 1559-1563 bitartean egindako ikasketek latina guztiz menperatzea ahalbidetu zioten. Horrela, itzulpenez gain bere idazlanak ere latinez idazteko gai izan zen. Ikasle giro hartan, garaiko humanismo kristau berriaren erakusbidek («ratio studiorum») ezagutzeko aukera izan zuen.
1563an Medinako karmeldarren komentuan sartu zen nobizio, Juan de Santo Matía izenarekin.[3] Profesa egin ondoren Salamancan Arte-batxilergoa ikasi zuen. 1567an apaiztu eta Medinara itzuli zen lehen meza ematera. Bertan Teresa Avilakoa, karmeldarren ordena erreformatzen hasi zen lekaimea, ezagutu zuen. Hark bezala, Joanek ere ordena erreformatu nahi zuen, eta behinola izandako soiltasuna eta zorroztasuna berreskuratu, Aita Santuaren erabaki berezi bati esker baztertuak baitzituen ordenak. Santa Teresaren akuilurik gabe, San Joan, izpiritu delikatukoa eta osasun ahulekoa, ez zen ziur aski oso urrutira joango bere asmo erreformatzaileetan. Baina Teresaren indarrak bultzatu zuen, mojen parez pare, Karmeloko fraideen erreforma egitera, eta Karmeldar Oinutsen ordena sortzera-[4]
1567-68 ikasturtean Salamancara itzuli zen Teologia ikastera, baina berehala Teresarekin batera Valladolidera joan zen oinutsen ordena ezartzera. 1568an, oso bitarteko gutxirekin, Karmeldar Erreformatu edo Karmeldar Oinutsen lehen monasterioa sortu zuen Duruelon, eta orduan hartu zuen fray Juan de la Cruz izena. Ordutik aurrera, gero eta zeresan gehiago izan zuen karmeldar erreforman; bera izan zen, Teresa Avilakoarekin batera, Karmeldar oinutsen artean karisma berria zabaltzen lan gehien egin zuen erlijiosoa. Beste monasterio batzuk fundatu ondoren, 1572an, Teresa Avilako etxe nagusiko abadesa egin zutenean, Joan izendatu zuten komentu hartako zuzendari espirituala.[4]
Karmeldarren erreformak gatazkak sortu zituen Oinutsen eta Oinetakodunen artean. Berehala hasi zen Oinetakodunen erasoa, erreforma gerarazi nahi baitzuten. 1577ko abenduko gau batean fraide talde batek, jende armatuaren laguntzaz, preso hartu zuen Joan Avilako komentuan; Toledora eraman zuten eta karmeldar komentuko lurpeko ziega batean itxi. Han era guztietako nekeak, umiliatzeak eta bortxa espiritual eta fisikoak pairatu behar izan zituen. Zortzi hilabete preso eman ondoren, ihes egitea lortu, eta Teresaren laguntzarekin Almodóvar del Campoko monasterio batean babesa aurkitu zuen. Garai hartantxe onetsi zituzten Oinutsak Karmeldarren Ordenako sail independente moduan; hala, amaitu egin zen San Joanen esetsaldia, eta lan egin ahal izan zuen komentu berriak antolatzen eta zuzentzen, eta orobat izan zuen orduan idazteko beta.[4]
Andaluziara joan, eta hantxe egin zituen azkeneko urteak. Artean ere arazo asko izan zuen ordea: erreformari buruzko iritzi desberdinak zirela eta, 1591n karguak kendu zizkioten eta, berriz ere, neke gogorrak jasan behar izan zituen. Haren nagusien asmoa Mexikora bidaltzea zen. Urte horretako abuztuan, Andaluziara bidean, geldialdi bat egin zuen La Peñuelako komentuan (La Carolina, Jaén). Han idatzi zituen bere azken eskutitzak. Eritu zenez gero, irailean Úbedara eraman behar izan zuten,[3] eta hantxe hil zen abenduaren 14an.
1657an dohatsu aitortu zuten, eta 1726an Benedikto XIII.ak kanonizatu zuen. 1926an Pio XI.ak Elizako Doktore titulua eman zion eta honen ondorengoak, Pio XII.ak, gaztelaniazko poeten zaindari izendatu zuen.
Joan Gurutzekoaren obrak
aldatuGau illuna[5] «Nere zoriona! — Gau illunean, |
Laburra da Joan Gurutzekoaren poesiazko emaitza. Baina poesia hori hain da trinkoa, hain da ederra, halako intentsitate handia du, non ezinbestean sortzen baitu irakurtzen duten guztien miresmena eta atxikimendua. Bestalde, bere poema batzuen komentarioak edo glosak eginez, teoriazko lanak ere osatu zituen (glosen parte bat bakarrik iritsi zaigu); komentario horiek balio handia dute, eta hori dela eta doktore mistiko nagusitzat hartzen da. San Joanen obra, beraz, bere garrantzi espiritual eta filosofikoagatik, kristau literaturaren gailurretako bat da. Pizkundeko poesia espainolaren panoraman -ospe handiko idazleak ditu: Alonso Ertzilla, Joan Boscà, Garcilaso de la Vega, Luis Leongoa, Fernando de Herrera- Joan Gurutzekoak leku guztiz berezia hartzen du: lehena.
San Joanen poesia lana bi sailetan bana daiteke:
- Aurrenekoan erromantzearen eta forma tradizionaleko kantuen metroa erabiltzen duten lanak sartzen dira, pizkundeko lirikaren moldea baliatzen dutenak, hau da, Garcilasoren edo Luis Leongoaren lira (bost bertsok osaturiko estrofa mota, jatorriz italiarra), eta baita metro konbinazio berriak ere; guztira bost kanta dira, 10 erromantze eta bi jainkozkoari egindako glosak.
- Beste sailean dago berez poesia mistikoa dena, bere obraren gailurra; hiru lan besterik ez dira:
- Noche oscura del alma («Arimaren gau iluna»); «Perfekzioaren egoera gorena iritsi izanaz loriatzen den arimaren kantuak, Jainkoarekin bat egitea baita perfekzio hori, negazio espiritualaren bidetik» ; trinkotasunagatik, gartsutasunagatik eta iradokizun indarragatik, hauxe da aditu askorentzat Joanen obra nagusia;
- Cántico espiritual («Kantu espirituala»); «Arimaren eta Senarraren arteko kantuak», eta
- Llama de amor viva («Maitasun gar bizia»); «Arimaren kantuak Jainkoaren maitasunezko batasunaren komunikazio minean».
Obra horiek, hurrenez hurren, zortzi, berrogei eta lau estrofa dituzte. Lehenengo biek Garcilasoren lirak baliatzen dituzte, eta hirugarrenak sei bertsoko estrofak. Elkarrekin lotura estua dute hirurek, eta goraldi mistikoari buruzko lan bakarra osatzen dute: Arimaren gau iluna-n arimaren ihesa kontatzen du poetak, gauaren erdian, zentzuen presondegitik, eta, libre azkenean, bat egiten du Maitearekin; Kantu espirituala-n jainkoarengana iristeko bidearen prozesu mistikoa agertzen du: lehen bi estrofetan, bide garbigarriarena, bide argigarriarena erdiko bederatzietan eta, gainerakoetan, bat egiteko bidea; azkeneko lauetan batasunaren egoera deskribatzen du. Maitasun gar bizia-ren lau estrofetan, bozkarioz eta maitemindurik, atsegin gorena kantatzen du poetak.
Bestalde, bere bertsozko lanak argitzeko, glosa modura, hitz lauzko komentarioak -aski poetikoak horiek ere- idatzi zituen Joanek. Arimaren gau iluna-ri bi lan eskaini zizkion: bat, Subida del monte Carmelo («Karmelo mendiko igoera»), eta beste bat poemaren izen berekoa, baina bukatu gabea, bi estrofa eta hirugarren parte bat besterik ez baitu komentatzen; beste bi poemei dagozkien glosek zeinek bere poemaren izena du.
Obra horiek ez zituen bizirik zegoela argitaratu nahi izan egileak, agian heterodoxotzat joko zituztelako. Poeta hil eta handik hogeita zazpi urtera, 1618an, kaleratu ziren gehienak eta 1627an argitaratu zen Kantu espirituala.
Joan Gurutzekoaren mistika
aldatuAlde batera uzten badira Eskritura Santuak eta patristikako edo eskolastikako ohiko gaiak, Joan Gurutzekoaren lanean ez dago ia aipamenik batere, eta mistikaren autodidaktatzat edo hartu dute luzaroan adituek. Alabaina, duela gutxi egindako ikerketek agertu dute aski kultura zabala zuela alor horretan. Pseudo-Dionisio Areopagokoa, VI. mendeko teologo grekoaren eragin sakona du, eta era berean ondo ezagutzen zituen Erdi Aroko mistiko renaniar-flandriarrak, latinezko itzulpenetan irakurri zituenak. Bereziki nabarmena da Johannes Tauler alsaziar mistikoari egozten zaizkion obra benetako edo apokrifoen lanen oihartzuna, zeinen bitartez Eckhart maisuarenganaino iristen den pentsamendu joera bat ezagutu zuen San Joanek.
Joanen mistika guztiz anti-intelektuala da edo, zehatzago esanda, anti-kontzeptuala. Meditazioa berez ez zitzaion interesatzen, eta hasiberriaren ariketa moduan bakarrik lantzen zuen. Kontenplaziozko egoerak erakartzen zuen ororen gainetik. Haren metodoa negazioan oinarritzen da batez ere, sortutakoaren ukoan, ezerezean. Haren Jainko absolutuak ez du zerikusirik batere sorkariekin eta, horren ondorioz, ez dago ezer ez zentzuen munduan, ez adimenarenean, ez dago ezagutzarik -berdin dio nondik etorrita, baita mirarizko argitasun batek ekarria bada ere-, jainkozko batasunera eramango duenik. Arimak beraz ezereztu egin behar du, sorkari oro ukatu eta baita arima bera ere, bere gaitasunez osorik hustu, borondatea, adimena eta oroimena ere ezabatu, gauean erabat sartu -metafora horren bidez, San Joanek erabateko gabetzea adierazten du-. Egoera horretara iristeko arimak egiten duen ahalegina, poetak gau aktiboa deritzanari dagokio, zentzuaren eta izpirituaren gauari. Arimak ordea, bere ahalegin hutsez, ezin du bere gaitasun oro ezabatu eta, horregatik, Jainkoaren premia du guztiz biluzteko; ekintza hori gau pasiboa da, eta zentzuetan eta espirituan gertatzen da, froga oinazetsuen bidez. Honi guztiari dagokionez, garbikuntza pasiboen teorialari benetan koherentea eta aurrenekoa izan zen San Joan; garbikuntza hori, harentzat, oinarrizko gertaera da Jainkoarekin bat egitera daraman bidean.
Mistikoaren ibilbidea, beraz, ilunpetan murgildua dago Joanentzat; ez dator bat beraz ibilbide horri nolakotasun argitsua egozten dioten beste mistiko batzuen ikusmoldeekin. Bide ilunpetsu hori fedean berean egiten da, fedea ere ilunpetsua gertatzen baitzaio adimenari, gaua bezalaxe; izan ere, bide horrek ezagutzaren giza moduak baztertzea eskatzen baitu, Jainkoaren nozio orokorra eta nahasia baita bidearen helburua. Hala, ezagutza zehatz oroz gainetik, formulazio, ikusmolde, sentimendu guztien gainetik dagoen Izaki batekin bateratu behar du arimak. Zoritxarrez, ez dauzkagu eskura San Joanen orririk sakonenak, bizitza espiritualaren amaierako jainkozko batasunaz, hau da, espezialistek egoera teopatikoa deitzen duten horretaz, mintzatzen direnak. Zenbait komentario-egileren arabera, egoera hori absolutuaren bizikizun dogmaren gainekotzat eta panteistatzat hartzen zuen poetak. Izan ere, zenbait daturen arabera, San Joanek ibilbide mistikoaren gailurra modu hirukoitzean ulertzen zuen, bere aurretik, XIII. mendean, panteismoz salatu zuten Jan van Ruysbroek flandriar teologoak bezalaxe.
Karmelo mendiko igoera eta Arimaren gau iluna lanek, batez ere, jainkozko esentziarekiko batasunari dagokionez planteatzen dute arazo espirituala; Kantu espirituala eta Maitasun gar bizia poemek berriz, Kristorekiko batasun pertsonalaren gunean kokatzen dira, Kristo Hitz haragiztatutzat, arimaren Senartzat hartuta: azken bi obra horiek, hortaz, beste pentsabide bati jarraitzen diote. Beti ere eginkizun nagusia fedeari emanez, hasiera-hasieratik agertzen da maitasuna ibilbide mistikoaren eragile nagusitzat. Amodiozko harreman hori deskribatzeko, ezteiez mintzatzen da Joan, ezkontzaz, eta era horretan eztei mistikaren tradizioan kokatzen da, zenbaitetan oso metafora ausartak erabiliz (Salomon erregearen Kantarik Ederrena-ren oihartzun argia dute metafora horiek). Ikuspuntu horretatik, Kantu espirituala da kristau literaturak eman duen sintesi espiritual indartsuenetako bat.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2015-06-30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
- ↑ a b «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-08).
- ↑ a b c d San Juan de la Cruz: Biografia. in: Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes. cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2015-06-30).
- ↑ a b c Lur Entziklopedia Tematikoa. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-06-30).
- ↑ Gurutzekoa, Joan. Gau illuna. in: Nikolas Ormaetxea, Orixek euskaratua, Lur Entziklopedia Tematikoa. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2015-06-30).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joan Gurutzekoa |
- Euskarari ekarriak: San Juan de la Cruz Ekarriak.armiarma.eus