Kaio hauskara
Kaio hauskara (Larus argentatus) laridae familiako hegazti zangaluzea da[1], iparraldeko eta mendebaldeko Europan, Eskandinavian eta Itsaso Baltikoko kostaldetan bizi dena.
Kaio hauskara | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Charadriiformes |
Familia | Laridae |
Generoa | Larus |
Espeziea | Larus argentatus Pontoppidan, 1763
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 1,34 m |
Deskribapena
aldatuTamaina handiko kaioa da, itxura sendoduna. 1200 g pisatzera irits daitezke, eta 1,3 eta 1,6 m bitarteko hego-zabalera izaten dute. Burua eta buztana zuriak dira, eta hegoen goialdea grisa, ertz beltzekin. Mokoa horia da, eta orban gorri bat izan ohi du behealdean. Bi sexuen artean ez dago ezberdintasun morfologikorik.
Ale gazteak arre kolorekoak dira, eta mokoa beltza izan ohi da. Heldu-itxura hartzeko 4 urte inguru behar izaten dute.
Kantua
aldatuOso altu kantatu ohi du, nota altu eta garrasi-antzekoak eginez.
Banaketa
aldatuIpar hemisferio osoan hedaturiko espeziea da, eta Ipar Amerikan, Asian, Europan zein Afrikan aurki daiteke. Kostaldean arruntagoa izan arren, kontinente barruetako lakuetan ere ohikoa da espeziea. Europan hegoalderen txitotzen duten aleak Bordele inguruan daude.
Euskal Herrian neguan ikusi ahal izaten dira, iparraldetik migratzen duten aleak iristean. Noizean behin udan ere ikusi ahal izaten da aleren bat edo beste.
Habitata
aldatuKostaldeko eta lakuen ertzetako labarrak dira espezie honen habitat naturala, eta harraldean, hondartzetan eta paduretan oso ohikoak dira. Dena den, gizakiak sortutako hainbat egoerara moldatzeko gaitasun handia izan du. Hori dela eta, kostaldeko herri eta hiri askotan oso ugaria da, eta zabortegiak ustiatzen ere ikasi du, zenbait lekutan arazo handiak sortzeraino
Elikadura
aldatuLarus generoko kaio gehienak bezala, hau ere omniboroa eta oportunista da. Arrainak, moluskuak eta intsektuak dira ingurune naturaletan jaten dituen elikagaiak. Dena den, askok eta askok gizakiak sortutako zaborra jaten dituztenez, edozer irenstera irits daitezke.
Ugalketa eta ontogenia
aldatuEspezie monogamoa da, eta bikote gehienak bizi osokoak izan ohi dira. Habiak algekin eta lehorreko landareekin sortzen dituzte, eta taldean txitatu ohi dute. Emeak 3 arrautza inguru jartzen ditu eta hilabete inguruz inkubatzen ditu. Kumeak jaio ostean 35-40 egun behar izaten dituzte lehen hegaldia gauzatzeko, eta 3-6 hilabetez gurasoek elikatzen dituzte.
Heldutasun sexuala 5 urte ingururekin lortzen dute. Bizi-luzetasuna 10 eta 20 urte bitartekoa izan ohi da, baina inoiz ezagutu den kaio hauskara zaharrenak 49 urte zituen.
Bizimodua
aldatuMonogamoak izan arren, talde handietan ibili ohi dira. Oso oldarkorrak dira, eta ohikoa da elkarren artean elikagaiagatik borrokan ikustea.
Taxonomia
aldatuKaio hauskarak azpiespezie bi ditu:
- Larus argentatus argentatus, mendebaldean bizi dena.
- Larus argentatus argenteus, ekialdean bizi dena.
Amerikar Ornitologoen Elkarteak Ozeano Barean bizi diren L. (a.) smithsonianus eta L. (a.) vegae kaioak hauskaratzat jotzen ditu, Britainarrak, berriz, ez[2].
Lehen bazeuden beste kaio asko espezie honetan barruan sartuta, egun, berriz, adituen ustez, kaio hankahoria (L. michahellis), kaspiar kaioa (L. cachinnans), armeniar kaioa (L. armenicus) edo Heuglin kaioa (L. heuglini) espezie ezberdinak dira.
Galeria
aldatu-
Museum specimen
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |