Kontxa

Donostiako hondartza
Artikulu hau Donostiako hondartzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kontxa (argipena)».
43°19′03″N 1°59′12″W / 43.31750°N 1.98667°W / 43.31750; -1.98667
Kontxa
Irudia: Kontxa
Kontxa, mendebaldetik —Loretope gainetik— ikusia.
Bandera urdina Sorosleak Elbarrientzat prestatuta Eremu babestua
Ezaugarri orokorrak:
 - Kokalekua Donostia
 - Luzera 1.350 m
 - Batez besteko zabalera 40 m
 - Betetasun maila Handia
 - Urbanizatze maila Handia
 - Pasealekua Bai
Hondartza mota:
 - Hondar mota Fina
 - Bainuaren egoera {{{bainua}}}
 - Hondartza nudista Bai
Kirolak:
 - Surfa egiteko Desegokia
 - Urpekaritza Bai
 - Besterik {{{beste kirolik}}}
Ingurumena:
 - Landaredia Bai
 - Eremu babestua Bai ([[{{{babestua}}}]])
 - Bandera urdina Bai
Segurtasuna:
 - Arrisku seinaleak Bai
 - Hondartzaina Bai
 - Udaltzaingoa Bai
 - Sorosle taldea Bai
Sarbideak:
 - Elbarrientzat Bai
 - Sarbide mota Pasealekutik
 - Sarbide seinaleztatua Bai
Bestelako informazioa:
 - Taberna kopurua 2 (arkupeetan)
 - Kanpina Bai
 - Herrigunerako distantzia 0 m

Kontxa Donostiako hiru hondartzetako bat da (besteak Ondarreta eta Zurriola dira), izen bereko badiaren hego-ekialdean dagoena, arku bat eratuz. Mendebaldeko muturrean, Ondarreta hondartzarekiko muga du Loretopea; eta iparraldeko muturrean, Donostiako portutik eta Donostiako udaletxetik gertu dagoen Klub Nautikoaren eraikina du muga. Izan ere, badiak maskor forma duelako eman zitzaion Kontxa izena.[1] 1.350 metro inguru luze da, eta batez beste 70 metroko zabalera eta 54.000 m2ko azalera ditu.[2] Hondar fin eta urre-kolorekoa du, eta, udan ura epeltzen denean bereziki, bainurako egokia eta arrisku gabea da, badiak ematen dion babesagatik, itsaso zabaleko olatuak leuntzen baitizkio. Bere luzera osoan hormek bereizten dute lehorretik, eta hormen gainean Kontxa pasealekua eta Alderdi Eder lorategia daude. Donostiarren aisialdi eta kirolgune garrantzitsua da, zerbitzu ugari eskaintzen ditu eta hiriaren turismo erakargarri nagusienetakoa da, udan bereziki. Hondartza inguratzen duen eskubanda hiriko ikur bilakatu da.

Historia

aldatu
 
Kontxa hondartzan XIX. mendetik XX. mendearen hasierara arte udan jartzen ziren bainurako etxetxoak.
 
Espainiako Erregearen bainurako etxetxoa 1911 urtera arte ikus ahal izan zen Kontxan.

XIX mendearen bigarren erdialdean Donostiara udaldia pasatzera etortzen zen Espainiako Errege Familiak eman zion Kontxa hondartzari egun duen ospea. Hori baino lehenago, hondartzak ez zuen aparteko garrantzirik eta Donostiako Alde Zaharretik Antigua auzora joateko pasabide moduan, badia ainguraleku moduan erabiltzen zuten itsasontzietatik txalupen joan etorrirako erabiltzen zen. Haurrak eta gizonezko zenbait ere bainatzera joaten ziren hondartzara. 1845 urtean Elisabet II.a Espainiakoa badian bainuak hartzera etorri zen udan eta berarekin batera Maria Kristina Borboikoa bere ama eta Luisa Fernanda infanta bere ahizpa. Garai hartan ez zegoen goiko pasealekurik eta hondartza egungo Donostiako erdigunean dagoen San Martin kaleko inguruetaraino iristen zen, dunak osatuz eta profil irregularrez. Erreginaren bisita 1865 eta 1868 urteetan errepikatu zen. Urte hartan bertan Borboiak erregetzatik kendu zituen iraultza gertatu zen. Borboien berrezarkuntza gertatu eta urte batzuetara, 1885 urtetik hain zuzen, Espainiako Errege Familiaren udaldiko bisitak etengabeak izan ziren, 1898 urtean kenduta. Haiekin batera, Espainiako eta Europako noblezia eta burgesiako kideak etortzen hasi ziren eta Donostia hiri turistiko moduan jarri eta horren baitan Kontxa hondartza ikurra zelarik. 1893 urtean Kontxako hondartzaren gainaldean Miramar jauregia eraiki zen Espainiako Errege familiarentzat.

Urte horietan, XX. mendearen hasierara arte, Kontxako hondartza bainurako etxetxo mugikorrez betetzen zen udan. Gurpildun etxetxo hauen helburua bainua eta jantzien aldaketa erabateko diskrezioz egitea zen, barandan zebilen jendearen bistatik urrun, eta horretarako bainuzaleek joan etorriak egiten zituzten horien barruan, batzuetan abelgorriek bultzatuta. Etxetxo kopurua 295 izatera heldu zen, hondartzaren azalera osoa betez horrela. Etxetxo guztietan nabarmenena Espainiako Errege Familiarentzat eraikitakoa izan zen, arabiar estilokoa eta burnibide baten gainean mugitzen zena.

1867 urtean, La Perla del Océano izeneko bainutegia eraiki zen Kontxa hondartzaren erdialdean. Han, ur geza eta gaziko bainuak hartzeko instalakuntzak, dutxak, saunak eta bestelako zerbitzuak eskaintzen ziren. Eraikinaren dimentsioak eta egiturak kritikak eragin zituen eta azkenean eraitsia izan zen eta horren ordez egun ezagutzen La Perla eraikin multzoa eraiki zen 1911 urtean[3]. 1912 urtean, erregearen bainu-etxetxoaren ordez, bainu-etxe finko bat eraiki zen goiko pasealekuan, hondartzarako sarbide berezia zuena eskaileren bitartez eta egun ondare elementu babestua dena[4]. XX. mendeko lehen hamarkadetan, Kontxa hondartza hiriko turismo-ikurra bilakatzen joan zen, garaiko Art Déco estiloko kartel turistikoetan ikus daitekeen bezala.

Urte horietan, bainuzaleek, gehienetan noblezia eta burgesiako kideak, begirunezko arau zorrotzak jarraitzen zituzten. Kabinak edo etxetxoak itsasertzeraino hurbiltzen baziren ere, emakumezkoak bereziki bainujantzi luzeekin jantzita ateratzen ziren etxetxoetatik. Perlako eraikinetik egun Donostiako Udaletxea den Kasinorainoko tartea emakumeentzat erreserbaturik zegoen eta udaltzainek zelatan egoten ziren gizonezkoek goiko barandatik begiratzen has ez zitezen[5]. Debekatuta zegoen gainera kabinetatik kanpo bainujantziarekin soilik geratzeko txabusina erantzi eta janztea. Urteak aurrera joan ahala, ohitura horiek lasaitzen joan ziren eta bainujantziaren tamaina txikitzen joan zen. 1926 urtetik Kontxa hondartzako arkupeetan jarritako kabina finkoekin ordezten joan ziren[6]. 1931 urtean txabusinaren gerra delakoa izan zen, pertsona batzuk kabinetako zerbitzuak baztertuz etxetik hondartzaraino txabusina jantzita joan eta besterik gabe lurrean utzita bainujantziarekin bainatzen zirenean, kontzesio publikoko kabinetako langileen protestak sorraraziz. Azkenean, horrela jokatzen zuten pertsonei tasa bat kobratzeko ahalmena eman zien udalak langileei[7]. Bainurako moralaren arauak XX. mendearen bukaerara arte luzatu zen: adibidez, 1967 urtean Diario Vasco egunkariak bikiniaren aurkako editoriala plazaratu zuen.[8]

Hondartzako kabinak desagertu ziren arren, toldo, karpa eta eguzkitakoek, marra zuri eta urdinekin, XX. mendean zehar Kontxa hondartzako udako paisaia osatu dute. Toldo eta karpa hauek alokairuz eskuratzen ziren, dirudunek bereziki, eta hondartzan klase sozialen bereizketa nabarmen sorrarazten zuten garai batean, familia batzuek toldo eda karpa bera urtez urte bereganatzen baitzuten[9]. XXI. mendearen hasieran toldoak kopuruz nabarmen murriztu ziren Espainiako Kosta Legeak ezarritako mugek behartuta (eguzkitakoak guztiz desagertu ziren) eta urteroko zozketa batez esleitzen hasi ziren.

Zerbitzu hauen inguruan lanbide anitz sortu ziren, maiz emakumezkoen esku: mari moldariek aulkiak jarri eta jasotzearen ardura zuten; kabinera edo kabinetako langileak, kabinak atontzen zituztenb, kabinetako takilerak ere bazeuden[10]. Tolderoarena, berriz, gizonezkoen lanbidea izan da gehienetan.

Urteetan zehar, gertakari ikusgarriak izan dira hondartzan. 1945 urtean, Léon Degrelle belgikar faxista Heinkel 111 hegazkin batean lurreratu zen hondartzan Bigarren Mundu Gerraren amaieran aliatuengandik ihesi. Batzuetan, gertakari meteorologikoek ere gogor jo izan dute hondartz: gogoangarria da 1965 urteko urtarrilean izandako enbata, hondartza hondarrik gabe utzi zuena eta La Perla eta Rotonda eraikinak guztiz hondatu zituena. Beste alde batetik, Kontxako hondartza pertsonaia ospetsuen bisitak izan ditu historian zehar eta horietatik batzuk hondartzaren zaletu amorratuak izan dira, hala nola Alfredo Landa aktorea hondartzako bainuzale ohikoa izan zena. Jende asko biltzen duen hondartza iznaik, aldarrikapen politikoetarako gunea ere izan da, euskal preso politikoen alde[11] nahiz Abiadura Handiko Trenaren aurka. 2010 urteko ekainean Real Sociedad taldeak Espainiako ligako lehen mailara itzuli zela ospatzeko, donostiar gazteak Kontxa hondartzako urtean bainatu ziren gauez[12].

Ingurumena

aldatu
 
Kontxa hondartza erakusten duen Pedro Teixeiraren XVII mendeko margolana: eskubian, Urumea ibaitik bereizten zuen tonboloa; ezkerrean, Añorgako erreka. Egun, bi ibaien sedimentu-ekarpen egonkor ezean, hondar falta nabarmena izan da batzuetan.

Kontxa hondartza Kontxako badiako hegoaldean dago, 1350 metro inguruko luzera du ekialde-mendebalde norabidean eta arku itxura du, badiak duen maskor itxuran, bi kuskuen irekiera aldea irudikatuz. Añorgako erreka, egun Ondarreta hondartza den horretan itsasoratzen zena[13], eta Urumea ibaiko sedimentuen ekarpenez osatu zen holozenoan, zenozoikoko kostaldeko mendilerroan diaklasaz osatu eta Santa Klara uhartea eta Urgull mendia isolaturik utzi zituen badian. Kontxa hondartza bi ibaiek mugatzen zuten eta Urgull uhartea zen. 1150 urte aldera, ordea, Urgull mendiaren hegoaldean tonbolo bat eratu zen hondartzaren ekialdean, hondartza alde horretatik itxiz. Egun, hondartza XIX. mendean itxi zuen hormari atxikita eta Loretopeatik hurbil, antzinako itsaslabarren arrastoak daude.

Bere zabaleraren zati handi batean, profil leuneko hondartza da. Horregatik, alde handia dago itsasgora eta itsasbeherako hondartza-azaleren artean. Udazkenetik udaberrira, ohikoa da olatuek hormaren aurka indarrez jo eta hondarra badia barrura eramatea. Udan, berriz, olatuak ez dira hormaraino iristen eta ezponda osatzen joaten da olatuen joan etorriei esker, beti lehorrean dagoen hondartza azalera iraunkorra utziz horrela. Edonola ere, itsasgoran geratzen den hondartza azalera txikia izaten da eta batzuetan desagertu ere egiten da, bereziki mendebaldean.

Hondartzaren higadura eta hondarraren mugimenduak nabarmenak dira, leku aldakorretan putzuak utziz itsasbeheran. Hondar falta nabarmena izan da denboraldi batzuetan eta kanpotik hondarra ekarri izan da falta hau betetzeko: Txofreko zezen plaza eraitsi zenean, hango hondarra Kontxa hondartzara bota zen; Alderdi Eder azpiko aparkaleku berria eraiki zenean ere, azpiko hondarra garbitu eta hondartzan zehar sakabanatu zen.

Kantauri itsasoko ur epelenak izaten dira Kontxa hondartzakoak, 12 °C (neguan) -22 °C (abuztua) bitartekoak[14][15].

Kontxa hondartzak ez du hirikoak ez diren beste hondartzetan ohikoak izaten diren dunako landaredirik. Hala ere, Loreatopeatik gertu dauden itsaslabar txikietan eta pasealekutik bereizten duten hormetan Crithmum maritimum espeziea ugaria da. Asplenium marinum iratze-landarea ere aurki daiteke hormako harri tartean.

Giza presioaren eraginez, itsasbehera eta itsasgoraren arteko azalerako gunea, beste toki batzuetan hain oparoa dena, antzua da Kontxa hondartzan[15]. Ohikoa da, ordea, bereziki hondoko itsaso eta denboralen ondoren, udazkenean batik bat, hondartza eta badian Gelidium sesquipedale alga kopuru handiak agertzea, badian sarez eta lehorrean eskuz bildu ohi dena, gero agar-agar izeneko substantzia ekoizteko.

Crithmum maritimum ugaria da Kontxako itsaslabar eta hormetan.
Asplenium marinum harri tarteko zirrikituetan ikus daiteke.
Caloplaca generoko likena, Kontxa hondartzako horman.
Gelidium generoko alga elikagai eta kosmetikoen industrian dituen aplikazioengatik biltzen da Kontxa hondartzan, bereziki udazkenean.
Lehorrean aurkitutakoak: behetik gora, Himanthalia elongata, Fucus vesiculosus eta txibiak flotatzeko barruan duen hezurra. Eskubian, hondartzan maiz agertzen diren kaioen lumak.
Giza presioaren eraginez, moluskuen maskorrak nekez aurkitzen dira Kontxa hondartzan. Irudian, hondartzan aurkitzea ohikoa ez den kusku biko molusku bateko bi maskorrak.

Zerbitzuak

aldatu

Bisitari, bainuzale eta kirolarientzako zerbitzuak udaldira mugatzen dira. Bainuzaleentzako azalera balizaz mugaturik dago, badian ibiltzen diren ontzietatik babesteko; kayak, piragua eta beste ontzi txikietarako sarrera ere mugatua dago. Kontxa pasealeku azpiko arkupeetan dauden kabina kolektiboetan komun publikoak, dutxak, eskuoihalak, aldagelak, telefono publikoa eta, besteak beste, galdutako haurren eta alerta meteorologikoen berri ematen duen megafonia zerbitzua daude. Hondartzan zehar, aire libreko dutxak eta iturriak daude. Eguzkitik babesteko toldoak ere aloka daitezke, alokairua udaldi osorako izaten bada ere. Sarbidea zenbait arrapala eta eskailerari esker egiten da, gutxituentzako sarbidea ere eskainiz. Ondarreta hondartzarako pasabidea ere badago, Loretopeatik, itsasbeheran soilik erabil daitekeena.[16]

Bainuzaleen zaintzarako Gurutze Gorriaren sorosleak daude udaldian, behaketa-dorre eta ontzi neumatikoez lagundurik. Behaketa-dorreetatik bainurako egoeraren berri ematen da, bandera berde, hori eta gorriekin. Hala ere, bainuzaleentzat hondartza segurua da eta bertako uretan itota hildako bakanak osasun-arazoek eraginda izan dira gehienetan. Horrela, egindako sorospenak marmoken ziztadekin, intsolazioekin eta kristalek eragindako ebakiekin izaten dira. Orobat, hondartzaren mendebaldean dauden itsaslabarretatik itsasgoran egoten diren uretako pasabideak bandera horiz eta gorriz seinalatzen dituzte sorosleek.

 

Kirola Kontxa hondartzan

aldatu
 
Udan bainuzaleekin gatazka sor ez dadin, hondartzako kirolgunea mugatzen duen seinalea.

Itsasbehera dagoenean uzten duen azalera handiari esker, kirol anitzerarako leku bilakatu da Kontxa hondartza. 1940ko hamarkadatik haurren hondartza futbol txapelketa ospatzen da, gero futbolari ospetsuen harrobia izan dena. 2001 urtetik hondartza errugbi txapelketa ere ospatzen da. Horretaz gainera, hondartzaren parean egoitza dute Donostiako kirol erakunde nabarmen bi: Club Atlético San Sebastián eta Fortuna Kirol Elkartea. Bi elkarte hauen kirol eskaintzan piraguismoa da Kontxa hondartza eta badia praktikatzeko lekua duena. Hegalak gutxituentzako kirol egokiturako zentroak ere sarbide zuzena du Kontxa hondartzara. Gainera, Club Atlético San Sebastián elkarteak Onditz Memoriala triatlon froga antolatzen du 1986 urtetik, non igeriketa froga Kontxako badian egiten den, Kontxako hondartzatik abiaturik.

Kirol ekitaldi ofizial hauetaz gainera, Kontxako hondartzak kirol praktikarako berariazko gunea du La Perla eraikinetik mendebaldera. Hor, kirolariek lehentasuna dute euren jarduna egiteko, bereziki futbola eta pala, gune horretan pasealekuko hormak duen altuera baliatuz. Horretaz gainera, hondartza osoa kirol jolasetarako gunea da. Ohikoa da urte osoan zehar korrikalariak, palak erabiliz tenisaren antzeko jolasetan aritzen diren bikoteak, bainuzaleak eta igerilariak ikustea. Bereziki udan eta goizez, pertsona heldu asko ibiltzen da itsasertzean zehar Donostiako Klub Nautikotik Loretoperaino joan eta etorriak egiten. Udazkenetik udaberrira bitartean, denboraleek sorrarazitako olatuek surflariak erakartzen dituzte, Zurriola hondartza ez bezala surferako egokia izateagatik nabarmentzen den hondartza ez den arren.


Palan jolasten Kontxa hondartzako kirolgunean. Itsasertzetik udan ohikoa den paseoa egiten duen jende ilara ere ikus daiteke.
Onditz memoriala izeneko triatloi frogako kirolariak Kontxako hondartzako itsasertzean igeriketa froga bukatu ondoren.

Kontxa hondartza kulturan

aldatu
 
Hondarrezko gaztelu lehiaketa Kontxa hondartzan, 1962 urtea.
  • Mariquita Pérez panpina Kontxa hondartzan sortu zen. 1938 urteko udan panpina asmatu zuen Leonor Coello izeneko emakumeak bere alabarekin paseatu ohi zen Kontxan zehar, alabak bezala jantzitako panpina eskutan. Coellok berak egiten zituen panpinaren eta alabaren jantzien erabateko berdintasunak inguruko jendearen lilura eragiten zuen. Horrela bururatu zitzaion Espainian XX. mendeko hamarkada batzuetan panpina ekoizteko ideia[17].
  • 1974. urteko Díselo con flores filmaren eszena zenbait Kontxa hondartzan eta La Perla eraikineko barrualdean errodatu ziren. Filma garaiko destape estilokoa da eta emakumeek hondartzan bainujantziak eranzten dituzteneko eszenak ditu.
  • La Oreja de Van Gogh musika taldearen Soñaré abestiaren bideoklipa Kontxa hondartzan errodatu zen 1998 urtean. Talde beraren La playa abestia haurtzaroan hondartzan bizitako esperientzietan dago oinarrituta.
  • Donostiako Aste Nagusiko Abordatzera! jaiko ontziak Kontxa hondartzan lehorreratzen dira.

Ingurumenaren kudeaketa

aldatu

Donostiako hondartzen kudeaketa hondarraren garbiketa, uretan dauden hondakinen bilketa, erabiltzaileari arreta eta erabilera publikoko instalakuntzen mantenimendua biltzen ditu modu integralean. Hondartzen ingurumenaren kudeaketak ISO 14001 eta EMAS II egiaztapen-sistemen ziurtagiriak jaso ditu. Hondartzek bestelako agiri eta sariak jaso dituzte, hala nola, Ecoplayas bandera, 2008 urtean, Ondarretarekin batera.

Hondartzaren garbiketa urte osoan zehar egiten da. Udaldian, ekainaren 1etik irailaren 30era, garbiketa trinkoagoa egiten da: hondartzan zehar egunero husten diren zakarrontziak jarri, itsasoak ekarritako hondakinak eskuz bildu eta baliabide mekanikoak erabiliz hondarra bahetu eta arrastelatu egiten da. Aldi berean, badian zehar hondakinak biltzen dituen ontzi bat ere badago. Udako denboraldia hasi baino lehen, hondartza-profil egokia izateko hondarra mugitzeko lanak egiten dira behar den lekuan. Udazkenetik udaberrira bitartean, uholde eta denboraleen ondorioz itsasoak ekarritako hondakinen bilketari soilik ekiten zaio[18].

Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Badira zenbait iturri, XVI. mendean dagoeneko hondartzari eta badiari toponimo hori emana zitzaiela baieztatzen dutenak. Ikus: (Gaztelaniaz) Goikoetxea, Imanol. (1991). 20 paseos y excursiones en Donostia-San Sebastián. .. Koldo Izagirre idazleak izena geroago sortu zela eta seguru asko herritik ez baizik eta udatiarrengandik jasotako izena dela aipatu du. Ikus: Ibargutxi, Felix: «Kontxako kontuak», Diario Vasco, 2011-09-16.
  2. «Kontxa», Donostiako Udala, 2012-08-18an kontsultatua.
  3. (Gaztelaniaz) Múgica, Serapio. (1918). Geogragía general del País vasco-Navarro. .
  4. (Gaztelaniaz) Caseta real de Baños[Betiko hautsitako esteka], PLAN ESPECIAL DE PROTECCION DEL PATRIMONIO URBANÍSTICO CATALOGADO, 2008ko uztaila.
  5. (Gaztelaniaz) Goikoetxea, Imanol. (1991). 20 paseos y excursiones en Donostia-San Sebastián. ..
  6. (Gaztelaniaz) Bañistas en la playa de la Concha, www.ingeba.org, 2012-08-18an kontsultatua.
  7. (Gaztelaniaz) Sada, Javier: Era obligatorio el uso de cabinas en la playa, www.diariovasco.com (hemeroteka), 2008-08-26.
  8. (Gaztelaniaz) Contra bikinis y taparrabos, www.diariovascocom, 2012-08-20an kontsultatua.
  9. (Gaztelaniaz) Historia de un toldo, www.diariovasco.com, 2012-06-03.
  10. (Gaztelaniaz) Campos Santacana, Miren Koro; Rodríguez Zamarreño, Laura. (2000). «El papel de las mujeres donostiarras en los siglos XIX y XX» Vasconia (30): 454..
  11. Hondartzetara iritsi da euskal presoen aldeko aldarrikapena[Betiko hautsitako esteka], www.berria.info, 2003-08-04.
  12. (Gaztelaniaz) Oleaje y baño realista, www.diariovascoc.com, 2010-06-14.
  13. Egun, tunel baten bitartez Igeldo mendia zeharkatu eta Tximistarrira bideratzen dira errekako urak.
  14. (Gaztelaniaz) 1950-1989 urte bitarteko uraren batezbetseko tenperatura Donostian, www.ingeba.org, 2012-08-20an kontsultatua.
  15. a b (Gaztelaniaz) Ibáñez Artica, Miguel. El mar. ., GEOGRAFIA E HISTORIA DE DONOSTIA-SAN SEBASTIAN, www.ingeba.org, 2012-08-20an kontsultatua.
  16. Kontxa (Donostia). Ekipamenduak eta zerbitzuak., Gipuzkoako ingurumenaren ataria, 2012-09-01ean kontsultatua.
  17. «Mariquita Pérez, una muneca bien» Revista Ballesol (Noiz kontsultatua: 2012.08-11).[Betiko hautsitako esteka]
  18. Hondartzen garbiketa, www.donostia.org, Donostiako Udala, 2012-08-29an kontsultatua

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia


  NODES
Idea 9
idea 9