Lantalde

Lan-talde» orritik birbideratua)

Lantaldea erakunde batean lan jakin bat egiteko osaturiko pertsona-multzo bat da, horretarako erabakiak modu adostuan hartzen dituena. Lantaldeak egiten duen lanari eta lan honen antolakuntzari talde-lana deritzo. Pertsona bakar batek egiten duen lan batean ez bezala, lantaldean pertsona bakoitzak egin behar dituen lanak zein izango diren eta lan horiek beste pertsonekin nola koordinatu behar den erabaki behar da. Talde-lanak baditu abantailak eta eragozpenak: hartzen diren erabakiak egokiagoak izaten dira, pertsona anitzen irizpideak hartzen direlako kontuan; erabakiak hartzeko prozesua motelagoa eta konplexuagoa izaten da, ordea. Taldea osatzen duten pertsonen ekimena bultzatu eta beraien arteko harremanak helburu komunaren alde kudeatzeaz arduratzen den arloari talde-dinamika deritzo. Ildo horretatik, talde-lana arrakastaz egiteko, taldekideek aldiro bilerak egitea gomendatzen da, prozesuaren martxaren berri eman eta beharrezko erabakiak hartzeko; bilera hauek antolatu eta kideen proposamenak bateratzeko koordinatzaile izeneko pertsona bat izatea ere komenigarria da.

Talde-lana arrakastatsu izan dadin funtsezkoa da pertsona guztiak helburu beraren alde lan egitea, norberaren interes pertsonalak bigarren maila batean utziz.

Lantaldearen kontzeptua eta tipologia

aldatu

Erakunde bateko taldeak iraunkorrak edo behin behinekoak izan daitezke. Lantaldeak, zentzu hertsian, edo ingelesez task force izenez ere ezagunak, berriz, helburu jakin baterako eratzen dira eta helburu hori burutu bezain laster desegiten dira. Talde iraunkorrei, berriz, komite edo batzorde deitzen zaie eta eta zeregin orokorrak dituzte erakundean, lantalde moduan ere jarduten badute ere.

Beste alde batetik, lantaldeak erakundeetan espresuki eta helburu jakin batez osatzen diren talde formalak dira. Erakundeetan, talde informalak ere badaude, erakundearen helburu, organigrama eta arauz kanpo osatzen direnak.

Talde informalek, berriz, eragin positiboa izan ditzakete erakundeko helburuak lortzeko (adibidez, afaltzera doan lantegi bereko lagun talde batek taldearen eta beraz enpresaren motibazioa indartu dezake) eta lantalde moduan ere balia daitezke, baina erakundeko helburuen aurka ere jo dezakete, helburu horiek taldearen aurkakoak direla irizten denean. Lagun-taldeez haraindi, talde informalak lausoagoak ere izan daitezke: erreferentzia-taldeak ezaugarri eta interes berdinak dituztela irizten duten pertsonez osaturik daudela, beraien artean zuzeneko harremanik ez badago ere.

Lantaldeak talde zuzenduak zein zuzendugabeak izan daitezke. Talde zuzenduetan buruzagi batek bere ardurapean dauden pertsonak biltzen ditu bere inguruan helburu jakin lortzeko. Aldi berean, buruzagi hauek beste talde zuzendu baten baitan izan daitezke, maila goragoko buruzagi baten inguruan. Talde zuzendu horiek, beraz, erakundeko organigramari jarraitzen diote, organigraman zehar multzo zenbait osatuz. Zuzendu gabeko taldeak, berriz, [hierarkia]]-maila berean edo buruzagi jakinik gabeko lantaldeak dira, bertan liderrak izan badaitezke ere.

Lantaldeen abantailak eta eragozpenak

aldatu

Banakako jardunaren aldean zein erakundeko bateko hierarkian oinarriturik egiten diren zeregin finko eta sistematikoen aldean, lantaldean jarduteak abantaila zenbait ditu:

  • lan taldean, ikuspuntu gehiago planteatzen dira, eta, horrela, lana arrakastaz egiteko aukerak handitu egiten dira;
  • lan taldeak informazio eta ezagutza handiagoa du egin beharreko lanari buruz;
  • lan taldean hartutako erabakiak aiseago eta motibazio handiagoz gauzatzen dira, taldekideek beraiek hartutakoak direlako;
  • lan taldean, komunikazio-arazo gutxiago izaten da, kide guztiek hartu baitute parte prozesu osoan.

Lantaldeen eragozpen zenbait ere aipatu dira:

  • erabakiak azkarregi hartzeko joera dago lan taldeetan, sarri adostasun-maila onargarri batera heltzen den lehenengo erabakia aukeratzen baita, interesgarriagoak izan daitezkeen beste aukerak sakonago aztertu gabe;
  • liderren jokabidea proiektuaren mesedetarako zein kaltetarako izan daiteke; izan ere, lider formalak problemak ebazteko duten abilezia edo prestakuntzagatik baino erakundeko buruekin izan dituzten harreman lagunkoiengatik soilik izan daitezke aukeratuak; lider informalak, berriz, karisma hutsagatik eta ez talde bat ezarritako helburura eramateko duten ahalmenagatik izan daitezke;
  • batzuetan taldekideek aurrez hartutako erabaki batekin datoz, besteen proposamenak aztertu gabe; kasu horietan, taldean botere edo karisma handiena duen kideen hautua aukeratzen da, sarri egokiena ez dena;
  • taldearen baitan sortutako proposamenak taldekide jakin batenak direlako soilik onartu edo baztertu egiten dira, lan taldearen helbururako egokitasuna kontuan hartu gabe.

Lantalde baterako ildoak

aldatu

Lantaldeak bost ezaugarri hauek ditu oinarri:

  • Osagarritasuna: Kide bakoitza proiektuaren esparru jakin batean da aditua. Denen ezagutzak dira beharrezkoak arrakasta lortzeko.
  • Koordinazioa: Profesionalen lantaldeak, lider bat buru duela, modu antolatuan jardun behar du.
  • Komunikazioa: Banakakoen jarduerak koordinatzeko, beharrezkoa da kide guztien arteko komunikazio egokia.
  • Konfiantza: Kide bakoitzak uste osoa du gainerakoen lanean; lantaldearen arrakasta lehenesten da batik bat, ez norbera nabarmentzea.
  • Konpromisoa: Taldeko kide bakoitzak konpromisoa hartzen du onena emateko eta lana aurrera ateratzeko ahalegin guztiak egiteko.

Lantaldeak antolatzeko askatasuna du, eta bere kabuz har ditzake erabakiak, goragoko estamentuei baimenik eskatu gabe.

Lantaldeen garapenaren etapak

aldatu

1.Prestakuntza: Produktibitatea oso baxua da, langileek ez dute beren buruarekiko segurtasunik. Liderrarekiko mendetasun handia dute.

2.Gatazka: Aurrera egin ahala helburuak eta prozedurak argiago daude. Kideen ezagutza. Liderrak entrenatzaile gisa jokatzen du.

3.Normalizazioa: Kideen artean kofiantza eta begirunea sortzen dira. Lantaldearen koordinaioari esker aurrerapenak egiten dira proiektuan. Liderrak erraztu egiten du eta besteak errespeta egiten ditu.

4.Jarduna: Lantaldeak kontralpean dauka eginkizuna, eta kideak elkarrekin ikasten dute, oso produktibitate handiko fasea da. Liderrak taldearen esku uzten ditu zenbait gauza.

5.Amaiera: Helburua lortu ostean taldea desegin egiten da. Errendimenduak behera egin dezake, kide batzuengan segurtasunik eza sor daitekeelako.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 3
idea 3