Landare inbaditzaileak Urdaibain

Landare inbaditzaileak Urdaibain azken urteotan ugaritu egin dira, gizakiak nahita edo nahi gabe bertakotuak, ingurune berrian garapen handia izan dutenak bertako espezieak eta oreka ekologikoa aldatuz.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Urdaibai»

Urdaibai, Biosfera Erreserba da eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidego osoan gainerako ingurune babestuek ez duten esker ona disfrutatzen du. Esker on hori duen paisaia-kalitatea, ondare kultural eta naturalak direla medio jaso du. Ondare horren zati bat arriskuan dago. LAIen eraginez, hainbeste habitat sakon aldatzen ari dira, batez ere itsasertza eta padurak.

Oraintsuko ikerketek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako 236 LAIetatik 67 daude komunitate natural edo sasi-naturaletan. Horietatik 11 arriskutsu modura izendatu dira (Campos & Herrera, 1997). Azken horietatik gehienak Urdaibaiko itsasertzeko ekosistemetan daude.

Urdaibain dauden landare inbaditzaileen artean nabarmenenak bi dira, hedapen eta bortizkeria handikoak direlako: Baccharis hamilifolia eta Cortaderia selloana. Lehenengoa, Urdaibaiko izurriterik handiena da. Bere erradikazioa oso zaila da, ia ezinezkoa. Bigarrena, baztertutako nekazaritza-lurzoru hezeetan eta Biosfera Erreserbako beste toki batzuetan dago. Beste landare batzuk hedatze-prozesuan daude, batez ere itsasertzean. Adibidez, Carpobrotus edulis, Arctotheca calendula eta Oenothera glazioviana.

Datu kezkagarri horien aurrean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako itsasertzeko ekosistemak inguruko paregabeenak direla kontuan hartuta, espezie horien kontrolerako neurriak hartu dira.

Katalogoa

aldatu

Ondoko landare inbaditzaileak hedatu dira Urdaibai Biosfera Erreserbako hainbat ekosistemetan. Gainera, bertan Euskal Herrian aurki daitezkeen gehienak ordezkatuta daudela aitortu beharra dago.

Baccharis halimifolia

aldatu

Jatorria: Amerikako Ipar-mendebaldea.

Habitata: Padurak, dunak eta labarretako marea goitiko eskualdeak.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duen espeziea, komunitate naturaletan ezarpen iraunkorrekoa.

Sartze-era: Ornamentazio-lorezaintzan erabili da. Lorategietatik eratorria da.

Ezaugarriak: Urdaibaiko Biosfera Erreserban dagoen izurriterik handiena da. Amerikako Ipar-mendebaldetik dator (Massachusetts, Florida, Texas, etab.), bere habitatak itsasertzeko padurak, dunak eta labarrak dira. XIX. mendearen amaieran Australian sartu zuten ornamentazio-lorezaintzan erabiltzeko. Kontinente horren itsasertzeko eskualde zabaletan (30.000 ha) hedatuta dago, gaur egun. Deskribatutako lehenengo indibiduo Allorgue-k aipatu zuen Lekeition, 1941. urtean. Ondoren, Guinea-k, 1953an, beste bat deskribatu zuen leku berean.

Urdaibaiko belardi hezeetan burutzen ziren nekazal ustiapenek Baccharis-a kontrolpean mantendu zuten XX. mendeko 1950ko hamarkadaren amaiera arte. Ziurrenez, munen (polderren –itzen– babes harresiak) ertzetan ohikoa izango ei zen. Nekazaritza baztertu zenean, belardi horietan espeziea hedatu zen era esponentzialean itsasadarraren zehar.

Espezie inbaditzaile horren arrakasta hazi-ekoizpenean (landare bakoitzeko 1,5 miloi hazi baino gehiago), haizeak eragindako hazi-dispertsioan, gaztaroan duen hazkuntza-tasan (nitrogeno gutxi egonda ere) eta gazitasunarekiko, behin behineko uholdearekiko eta lehortearekiko landareak duen tolerantzian datza. Espeziaren hostoak toxikoak dira eta abereek ezin dituzte jan. Kantauri aldean egindako saiakeren arabera, Baccharis-ak ezin du luzaro jasan ur gazitan. Urdaibain 300 Ha inguru hartzen du, Gernikako hezegune eta paduretatik Busturiko San Kristobaleko hareatza arte. Espezie honen indibiduo kopuru handien duen eskualdea Forua-Murueta eta Arteaga-Kortezubi artean dagoen padura da.

Panpa-lezka edo Cortaderia selloana

aldatu
 
Panpa lezka edo Panpa belarra (Cortaderia selloana)

Jatorria: Hego Amerika.

Habitata: Arekak, ezpondak, landutako lurzoruak eta sastrakadiak.

Estatusa: Itsasadarreko marearteko eskualdetan ondo hedatutako espeziea (Muruetako munan, adibidez).

Sartze-era: Apaintzeko bakarrik erabilita, etxalde eta lorategiekin estuki erlazionatuta.

Ezaugarriak: Xede ornamentalekin landatu zen eta, gaur egun, komunitate sasi-naturaletan ezarri da. Estreinako aldiz Santanderren aipatu zen (Guinea, 1953). Urdaibai Biosfera Erreserban dagoen bigarren izurritea da.

Landutako eta degradatutako lurzoruak arin kolonizatzen ditu. Bere dispertsio-sistema hazi hegazkorren eta lurpeko errizomen bitartekoa da. Komunikabide arinak erabiltzen ohi ditu hedatzeko, bereziki autobiak.

Halere, ez da ikusten Urdaibaitik hurbil dauden beste eskualdeen eragina (Kantabria, barez ere). Azken urteetan hedapen handia izaten ari da itsasadarretik kanpo.

Kanabera edo Arundo donax L. eta banbua edo Phyllostachys flexuosa

aldatu

Jatorria: Espezie biak, ziurrenez, Asiako Ekialdetik datoz, Txinatik.

Habitata: Kostaldeko ezpondak eta putzu eta ur-ibilguen ertzak.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duten espezieak, komunitate naturaletan ezarpen iraunkorrekoak.

Sartze-era: Xede ezberdinekin landatu ziren, normalean indaba moduko baratze-landaketen euskarri modura erabili ohi dira.

Ezaugarriak: Ibaiertzetan landatzen dira eta masa monoespezifiko dentsoa sortzen dute. Hezetasun edafiko handiko eskualde termofiloak bilatzen dituzte. Errizoma oso dinamikoen bitartez hedatzen dira. Landareak ingurumen-baldintza egokiak topatzen dituztenean, ibaiertzetako landareki autoktonoa bazter dezakete.

Landarea horiek behin egonkortu ondoren, oso zaila da eskuz kentzea. Seguru asko, banbua hedakor eta oldarkorragoa da kanabera baino. Gaur egungo arazoak sortzen hasi dira bide eta belardietan. Errizomen eta lurpeko kimuen bitartez errepidetako asfalto-geruza apur dezakete. Oso zaila da landareak kentzea sistema mekanikoz baliatuz.

 
Lila (Buddleja davidii)

Jatorria: Asiako Ekialdea: Txina.

Habitata: Arekak, ezpondak eta baztertutako lurzoruak.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duen espeziea, komunitate naturaletan ezarpen iraunkorrekoa.

Sartze-era: Ornamentazio-lorezaintzan erabili da. Hortaz, lorategietatik eratorria da.

Ezaugarriak: Azken urteetan Urdaibain hedapen handia izan duen landarea da. Ezkutuan denbora luzean egon arren, egun hedatzeko eskualdean ugaritu diren baso-bideak, ezpondak eta arekak erabiltzen ditu. Hedapen-foku berrien zapalkuntza komenigarria da horiek hazitoki bihurtu baino lehenago.

Katu-azazkala edo Carpobrotus edulis

aldatu
 
Katu-azazkala (Carpobrotus edulis)

Jatorria: Hegoafrika (Lurmutur Hiria).

Habitata: Itsasertzeko dunak eta labarrak.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duen espeziea, komunitate naturaletan ezarpen iraunkorrekoa.

Sartze-era: Ornamentazio-lorezaintzan erabili da. Beraz, lorategietatik eratorritakoa da.

Ezaugarriak: Mediterraneo itsasertzean zabalera handia duen espeziea dugu. Urdaibain ia ez dago. Foku bat egon zen Lagako hondartzan baina Urdaibaiko Galtzagorriak (ondarea babestu eta berreskuratzeko boluntarioen taldea) plataformak deuseztatu zuen 2003an. Dena dela, kontuan hartuta inbaditzailea dela eta Kantabriako duna eta labarretan dagoen egoera larria dela zurt egon behar da etorkizunean heda ez dadin.

Oenothera glazioviana edo oenetera handia

aldatu

Jatorria: Ipar Amerika.

Habitata: Itsasertzeko dunak eta ibaiertz hareatsuak.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duen espeziea, komunitate naturaletan ezarpen iraunkorrekoa.

Sartze-era: Ustekabean sartutako landarea, askotan merkataritza garraioak ekarrita.

Ezaugarriak: Lore horiduneko landare liraina (Oenothera glazioviana eta Oenothera biennis). Polen eta hazi ugari ekoizten ditu. Haziak denbora luzean egon daitezke lurzoruan garatzeko ahalmenarekin. Dunetan hedatzeko baldintza egokiak aurkitzen dituzte, lehia handirik ez dutelako. Lagako hondartzan, hain zuzen, Urdaibaiko Galtzagorriak (ondarea babestu eta berreskuratzeko boluntarioen taldea) plataformako kideek identifikatu eta deuseztatu egin dute hasierako zabaltzen aldian zegoela.

Barrabas belarra, Bermeo belarra, Txomin belarra edo Oxalis latifolia

aldatu
 
Barrabas belarra (Oxalis latifolia)

Jatorria: Hego Amerika.

Habitata: Soro komunitateak.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duen espeziea, komunitate nitrofiloetan, erruderaletan edota soro komunitateetan ezarpen iraunkorrekoa.

Sartze-era: Ustekabean sartutako landarea, askotan merkataritza garraioak ekarrita.

Ezaugarriak: Ohiko landarea da Urdaibaiko soroetan. Belar txar modura izendatzen da eta hazi eta errizomen bitartez hedatzen da nekazaritza makineriaren laguntzaz. Landatutako lurzoruetara mugatzen da bere banaketa.

Sasiakazia edo Robinia pseudoacacia

aldatu
 
Sasiakazia (Robinia pseudoacacia)

Jatorria: Ipar Amerika eta Ameriketako Estatu Batuetako ekialdea eta erdialdea.

Habitata: Erreketatik hurbil dauden baso mistoak eta harizti azidofiloak ordezkatuz.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duten espeziea, komunitate naturaletan ezarpen iraunkorrekoa.

Sartze-era: Ornamentazio-lorezaintzan erabili da. Lorategietatik eratorria da.

Ezaugarriak: Robinia edo sasiakazia Ipar Amerikako zuhaitza da eta XVII. mendean sartu zen Europan. Apaingarri eta basogintzarako xedearekin landatu zen eta, gaur egun, oso hedatuta dago Hego Euskal Herrian.

Ameriketako Estatu Batuetako Apalatxe mendietatik dator et klima atlantiko hezean garatzen da. Maldetan, baso-ertzetan edo basoen zabalgunetan kokatzen da urkia edo sahats arruntaren nitxo ekologikoa okupatuz. Lurrazpiko sustrai-kimuen bitartez hedatzen da. Haritz txortendunaren garapena ere zailtzen du. Hots, maldak eta bere ohiko lekuak okupatzen ditu inbaditzaile honek.

Hazkuntza arina eta indartsua eta sustraiaren kimu berriak sortzeko ahalmen izugarria duenez, suteen edota mozketen ondoren birsortzen da. Horregatik, oso ohikoa da maldetan, landutako lurzoruetan edo basogabetutako larretan. Leku horietan baso dentsoak garatzen ditu eta bertoko basoen garapena oztopatzen du.

Herbiziden aurreko erresistentzia handia du. Espezie hori kontrolatzeko bide biologikoak ez daude frogatuta orain arte. Urdaibain, bailaretako heze guneetan, ibai ertzetan eta errepideen ondoko maldetan ikusi da. Horrelako asko dago Zugastietan, Albizen, Belendizen, Arratzun, Morgarako igoeran eta Errigoitirako errepidean. Espezie honen inpaktu-maila esanguratsua da, hazkuntza arineko espezie baita eta bertoko formazioen hazkuntza zaildu eta berandutu egiten baitu. Horrela, oihanpeko floraren aniztasuna kaltetzen du nabarmen (Silvan, Campos, 2001).

Arctotheca calendula

aldatu
 
Arctotheca calendula

Jatorria: Hegoafrika.

Habitata: Itsasertzeko hareatzak eta kostaldeko txilardiak.

Estatusa: Jatorri aloktonoa duten espeziea, komunitate naturaletan ezarpen iraunkorrekoa. Sartze-era: Ustekabean sartutako landarea, askotan merkantzia-garraioak ekarrita.

Ezaugarriak: Hedapenean dagoen landarea da. Gaur egun hiru hareatzetan dago Urdaibaiko Biosfera Erreserban: Kanalan, San Antonion eta Lagan. Azken honetan, batez ere, atzeko aldekoan eta hondartzako barne pinudian dago. Landare hori mundu osoan zehar hedatuta dago. Australia eta Portugalen kalte larriak sorrarazi ditu bertako duna-landarediaren gainean.

Bibliografia

aldatu
  • CAMPOS, J.A.; SILVÁN BERAZA, F. (2001): Flora exótica de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai. Evaluación de impacto ambiental, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatua. Gernika-Lumo (Bizkaia).
  • HERRERA GALLASTEGI, M.; CAMPOS PRIETO, J.A. (2003): "Gestión de especies exóticas invasoras (EEI) vegetales: metodología para establecer prioridades de actuación", I Congreso nacional sobre especies exóticas invasoras “EEI 2003”, Leon, 2003ko ekainaren 4-7a.
  • RECARENS,J.; CALVET, V. & CONESA, J.A. (2003): "Comportamiento demográfico, en ecosistemas agrícolas, de una mala hierba alóctona invasora", I Congreso nacional sobre especies exóticas invasoras “EEI 2003”, Leon, 2003ko ekainaren 4-7a.
  • DE LA TORRE FERNÁNDEZ, F. & GUTIÉRREZ GARCÍA, J.L.: Control de plantas invasoras en el litoral asturiano por la Dirección General de Costas, Ingurumen Ministerioa.
  • CEPEDA MARTÍN, X. (2003): Urdaibaiko Biosfera Erreserbako landare arrotz inbaditzaileak ezagutu eta kontrolatzeko eskuliburua, Aixerreku elkarteak eta Urdaibaiko Galtzagorriak plataforma, Gernika-Lumo (Bizkaia). 30 orr.

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 2
idea 2
todo 1