Mangaka
Mangaka (japonieraz: 漫画家 ) istoriotxoen marrazkilaria izendatzeko japonierazko hitza da. Japoniatik kanpo eta bereziki Mendebaldean, hitza istoriotxo japoniarren edo mangagileei deitzeko erabiltzen da. Autore horiek gehienetan japoniarrak dira, baina ez beti.
Normalean, mangakaren lanak lan nagusia hartzen du, bai bilbean eta bai istoriotxoaren marrazkian. Hala ere, ez da harritzekoa izaten mangagileren batek idazle batek emandako istoriorako marrazkiak egitea, ezta marrazkien xehetasunetan kanpotiko laguntza jasotzea ere. Kasuren batean, zenbait mangakak taldean egiten dute lan, produktu bakarra sortzeko (Clamp-ek, esate baterako), hain ohikoa ez bada ere.
Hitzaren esanahia
aldatuMangaka hitza bi elementuz osatua da: manga eta ka. Lehenak (漫画) artistak erabiltzen duen medioa adierazten du: komiki japoniarra edo, Japonian, "komikia" orokorrean; bigarrena, -ka (家), alegia, euskarazko -gile atzizkiaren baliokide da eta nolabaiteko maisutasun zentzua hartzen du. Adibidez, termino hori ez da erabiltzen istorio bat idatzi ondoren, manga egiteko marrazkilariari ematen dionarentzat: istoriotxogileentzako termino japoniarra gensaku-sha da.
Laguntzaileak
aldatuMangaka askok laguntzaileak izaten dituzte, eginbeharren arabera. Mangaka batzuek oinarrizko zirriborroak besterik ez dute egiten eta laguntzaileek xehetasun guztiak fintzen dizkiete; beste batzuk, berriz, besteen laguntzaz kontu jakin batzuetarako soilik baliatzen dira (Go Nagaik, adibidez, behin laguntzaile bat hartu zuen helikopteroak eta bestelako ibilgailu militarrak marrazteko soilik). Paisaiak, koloreztatzea, pertsonaien diseinua... batzuetan laguntzaileen esku uzten dira, halaber.
Beste mangaka batzuek ez dute inongo laguntzailerik eta nahiago izaten dute dena beraiek egitea. Hori baino ohikoagoa da laguntzaileek mangaren hondoko marrazkiak egitea eta mangakak, pertsonaia nagusiak marraztu eta tindatzea. Askotan, marrazkietan laguntzeko hartzen badituzte ere, laguntzaileek ia inoiz ez diote laguntzen mangakari istorioa edo argumentuarekin, ideia orokorren bat emateaz haratago.
Gaur mangagile ezagun gehienak laguntzaile moduan hasi ziren marrazten, baina laguntzaile asko osperik gabe ere oso gustura daude eta beren ibilbide osoa lan hartan igarotzen dute.