Mary Ann Aldham
Mary Ann Aldham (Deptford, Erresuma Batua, 1858ko irailaren 28a – Uxbridge, AEB, 1940) sufragista britainiarra zen, Women's Social and Political Union (WSPU) erakundeko kidea, eta hainbat aldiz kartzelaratu zuten Erresuma Batuko emakumeen boto-eskubidearen aldeko ekintza militanteetan parte hartzeagatik. WSPUren Hunger Strike Medal saria jaso zuen.
Mary Ann Aldham | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Deptford (en) , 1858ko irailaren 28a |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Heriotza | Uxbridge, 1940 (81/82 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | sufragettea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Biografia
aldatuMary Ann Mitchell Wood Deptforden (Kent) jaio zen, 1858an. Mary Annen eta Alfred Robert Wooden (kapitaina) alaba zen, eta bera jaio eta gutxira hil zitzaion ama.[1][2] Arthur Robert Aldhamekin ezkondu zen, 1883an P&O ontzi-konpainiako merkataritza-langilea bera, eta bi alaba izan zituzten. Senarra 1905ean hil zen.[3][4][5]
Aldhamek Women's Social and Political Unionekin bat egin zuen, 1908an.[6] Hainbat izengoitirekin parte hartu zuen, besteak beste, Oldham edo ezkon aurreko bere izenarekin, Wood. Zazpi aldiz atxilotu zuten: 1908ko urriaren 14an eta 1908ko azaroaren 19an (Mary Ann Mitchell Oldham izenarekin), 1911ko azaroaren 22an, 1912ko martxoaren 7an, 1912ko martxoaren 19an, 1913ko azaroaren 17an eta 1914ko maiatzaren 4an.[7][8] 1911ko azaroan, kristalak hausteagatik atxilotu zuten, eta epaiketa batean agertu behar izan zuen lehen akusatua izan zen, zeinetan Christabel Pankhurst eta Sylvia Pankhurst agertu ziren. Ez zuen ezarritako isuna ordaindu nahi izan, eta Hollowayn hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. 1912ko martxoan berriro ere sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta gose-greba hasi zuen; 1912ko ekainaren amaiera baino lehen askatu zuten.
Hollowayn atxilo zeudela, zenbait sufragistek zapi bat sinatu zuten, zeina Janie Terrerok brodatu zuen.[3][4][9] Aldham izan zen sinatzaileetako bat.
1913ko azaroan, Jane Shorten (ezizenez Rachel Peace) epaiketan Old Baileyn manifestatu ziren lau sufragistako taldeko kide izan zen Aldham. Short, epaiketaren zain atxilo zegoela, bortxaz elikatu zuten. Kristalak haustea leporatzen zioten, eta hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Kondena amaitu baino lehenago askatu zuten, Cat and Mouseren Legearen arabera, zeinak ahalbidetzen baitzuen preso gose-grebalariak askatzea, harik eta osasuna berreskuratu arte, eta gero berriz espetxeratzea, kondenaren gainerakoa betetzeko.[3][4]
Royal Academyren aurkako erasoa
aldatu1914ko maiatzaren 4an, udako erakusketak ateak zabaldu zituenean Royal Academyn, Aldhamek bisitariekin bat egin zuen, eta John Singer Sargentek Henry Jamesi egindako erretratua hondatu zuen, babes-kristala apurtuz eta oihala xehagailu batekin ebakiz, "Vote for Women" WSPUren eslogana oihukatzen zuen bitartean. The Daily Telegraph-ek jakinarazi zuenez, 13:30ean, bazkalordua tarteko, bisitariak gutxitzen ari zirela, kristal hautsiaren zarata entzun zen, eta andre zahar ile zuri bat ikusi ahal izan zen Sargenten erretratua xehagailu batekin ebakitzen. Daily Sketch-ek, berriz, jakinarazi zuen bisitari bat “jende artetik atera eta [Aldham] jo zuela, eta Aldham babesten saiatzen ari zen gizon bat ere joa izan zela”. The Daily Telegraph-en arabera, gizon hori sufragistaren aldekotzat hartu zuen berehala jendetzak. The Daily Graphic-ek gehitu zuenez, "harategiko aizto batekin armatutako emakumeak Royal Academytik jendetza aterarazi zuen bere ingurunetik".
Aldhamek WSPUri bidalitako gutun batean azaldu zuenez, "jendeari erakutsi nahi zion bere ondasun eta altxor artistikoak ez zirela seguru egongo emakumeen emantzipazio politikoa onartzen ez zen artean".[10][11][12]
Aldham berriro kartzelaratu zuten Hollowayn, epaiketaren zain. Cat and Mouse Legearen arabera askatu zuten, eta atseden-etxe batera eraman zuten, eta, gero, Mary Aldham bere alabaren esku utzi zuten, hark zaindu zezan. WSPUren izenean egindako ekintza militanteak 1914an amaitu ziren, Lehen Mundu Gerra hasi zenean.[3][4]
Bizi-amaiera eta ondorengotza
aldatuMary Ann Aldham 1940an hil zen Uxbridgen (Middlesex). Bere gose-grebaren domina eta sufragista-jardunaren beste lekukotza batzuk enkantean jarri zituen familiak 2015ean, 23.450 liberengatik.[4][13]
Sariak eta aintzatespenak
aldatu- WSPUren Hunger Strike Medal saria.
Erreferentziak
aldatu- ↑ 1901 England Census for Mary A M Aldham: London, Greenwich, Greenwich West - Ancestry.com Txantiloi:Inscription nécessaire
- ↑ Surrey, England, Church of England Marriages and Banns, 1754-1937 for Mary Ann Mitchell Wood: Thornton Heath, St Paul, 1872-1893 - Ancestry.com
- ↑ a b c d Votes for Women - Uncover Your Ancestors website
- ↑ a b c d e Suffragette Medal with original named fitted case awarded to Mary Aldham - Lockdales Coins & Collectables Auction (2015)
- ↑ Roll of Honour of Suffragette Prisoners 1905-1914 - The National Archives
- ↑ Mrs Mary Ann Mitchell Aldham - Women's Suffrage: History and Citizenship resources for schools
- ↑ England, Suffragettes Arrested, 1906-1914 for Mary Ann Mitchell Oldham: HO 45/24665: Suffragettes: Amnesty of August 1914: Index of Women Arrested, 1906-1914 - Ancestry,com
- ↑ England, Suffragettes Arrested, 1906-1914 for Mary Ann Aldham: HO 45/24665: Suffragettes: Amnesty of August 1914: Index of Women Arrested, 1906-1914 - Ancestry.com
- ↑ The Suffragette Handkerchief at the Priest House, West Hoathly - Sussex Past
- ↑ ‘Deeds not words’: Suffragettes and the Summer Exhibition - Royal Academy of Arts, (2018).
- ↑ Miranda El-Rayess, 'The violence of representation: James, Sargent and the suffragette' - Critical Quarterly 14 July 2011
- ↑ Marry Ann Aldham - National Portrait Gallery
- ↑ 'Suffragette memorabilia – separating the fact from the fiction' - Antique Collecting 8 October 2015