Nadine Gordimer
Nadine Gordimer (Springs, 1923ko azaroaren 20a - Johannesburg, 2014ko uztailaren 13a) Hegoafrikako eleberrigile eta ipuin-idazlea izan zen, ingelesez idazten zuena. Apartheida borrokatu zuen, eta Literaturako Nobel saria jaso 1991n. Haren liburuetan, Hegoafrikako apartheida aztertzen da ikuspegi askotatik, batzuetan arrotzarenetik, beste batzuetan bertakoenetik. Pertsonen arteko komunikazio-arazoa ere sarri erabiltzen du gai gisa.[1][2]
Lehen urteak
aldatuNadine Gordimer Springs meatzari herrian jaio zen 1923ko azaroaren 20an. Judu europar batzuen alaba zen —ama ingelesa zuen, erdiko maila sozialekoa eta kultua; aita, letoniar bitxigilea—, eta idazle izan baino lehen dantzari izan nahi izan zuen. Bihotzeko gaitz batek, ordea, letretara bideratu zuen. Irakurri egiten zuen oso gaztetatik, eta 9 urterekin idatzi zituen aurreneko ipuinak. Argitaratzeko lehen aukera 15 urterekin iritsi zitzaion, egunkari baten bitartez.[1]
Ordurako bazekien kasta bateko kidea zela. Ikasten zuen eskola erlijiosoan neskak zituen ikaskide guztiak; zuriak denak. Asteburuetan sos batzuk ematen zizkioten, eta zinemara joaten zen. Han ere, beltzen arrastorik ez aretora sartzeko ilaretan. Nerabezaroan ikusi zuen "zerbait ez zihoala ondo", eta 18 urterekin ohartu zen gertuago sentitzen zituela gazte beltzak zuriak baino. Eta horrek eraman zuen sistemaren aurka borrokatzera.[1]
Ezta liburutegian ere. Idazlea izateko irakurri egin behar da, eta nire herrian beltzik ez zen sartzen liburutegian. (Nadine Gordimer)
Idazle ibilbidea
aldatu1949an argitaratu zuen Face to face kontakizun laburren bildumarekin hasi zen ezaguna egiten. 1953an karrikaratu zuen The Lying Days lehen nobela, kutsu autobiografiko handikoa. 1958an, berriz, lehen aldiz ezagutu zuen zentsura, A World of Strangers eleberria ezin izan baitzuen argitaratu jaioterrian —Hegoafrikara iritsita beltzen komunitatea ezagutuko duen Toby gazte ingelesa zuen protagonista eleberri hark—.[1]
Gordimer beti gelditu zen Hegoafrikan, baita Afrikako Kongresu Nazionala erakunde klandestinoan lanean hasi zenean ere. 1962an ezagutu zuen Nelson Mandela gaztea, eta orduan jakin zuen zein izango zen bere zeregina: segregazionismoaren aurka borrokatzea. Eta, horretarako, buru politikoarentzat hitzaldiak prestatu zituen, etxea utzi zien iheslariei, hegoafrikar beltzen eskubideen bozgorailu bihurtu zen mundu osoan...[1]
Booker McConnell saria irabazi zuen 1974an, The conservationist lanari esker. Gai politikoa azken muturreraino eraman zuen 1979ko Burger´s daughter eleberrian, askoren ustez haren lan nagusia den horretan. July´s people (1981) eleberriak, aldiz, emakume zuri bat, haren familia eta morroi beltza azaltzen ditu, parabola mingots batean. Eleberri batetik bestera, kontakizun laburren bildumak egin zituen. Haren prestigioa haziz joan zen mundu osoan, eta Literaturako Nobel saria jaso zuen 1991n.[3]
Ahots sendoa
aldatuNelson Mandela Fundazioak omenaldia egin zion Gordimerri, "Hegoafrikako literaturaren dama handia galtzeagatik" tristura handia zuelako. "Idazle handi bat, patriota bat eta berdintasunaren eta demokraziaren aldeko ahots sendoa galdu ditugu munduan", gehitu zuen.[4]
Azken urteotan, Gordimerrek aktibismoa egin zuen GIBaren eta HIESaren aurkako borrokan, eta dirua bildu zuen Treatment Action Campaign taldearentzat. Hegoafrikako gaixoei bizitza salbatzeko doako botikak lortzen lagundu nahi zien talde horrek.
Lanak
aldatu- Eleberriak
- The Lying Days (1953)
- A World of Strangers (1958)
- Occasion for Loving (1963)
- The Late Bourgeois World (1966)
- A Guest of Honour (1970)
- The Conservationist (1974)
- Burger's Daughter (1979)
- July's People (1981)
- A Sport of Nature (1987)
- My Son's Story (1990)
- None to Accompany Me (1994)
- The House Gun (1998)
- The Pickup (2001)
- Get a Life (2005)
- No Time Like the Present (2012)
- Antzerki lanak
- The First Circle (1949)
- Besteak
- On the Mines (1973)
- Lifetimes Under Apartheid (1986)
- Choosing for Justice: Allan Boesak (1983)
- Berlin and Johannesburg: The Wall and the Colour Bar
Bizitza pertsonala
aldatu2006an, lapur batzuek eraso egin zioten Gordimerri, eta horrek haserretu egin zuen herrialdea. Dirudienez, Gordimerrek ez zuen konplexu itxi batera joan nahi, lagun batzuen aholkuaren kontra.[5]
1979-80ko elkarrizketa batean, Gordimer ateoa zela esan zuen, baina honako hau gehitu zuen: "Uste dut batez ere erlijiosoa naizela, beharbada are erlijiosoagoa".[6]
Gordimerrek alaba bat izan zuen, Oriane (1950ean jaioa), 1949an Gerald Gavron herriko dentistarekin izan zuen lehen ezkontzatik. Hiru urtera dibortziatu zen.[7] 1954an, Reinhold Cassirer-ekin ezkondu zen. Arte-merkatari oso errespetatua zen Reinhold, eta Hegoafrikar Sotheby's delakoaren filiala sortu zuen. Geroago, bere galeria zuzendu zuen. Bere "ezkontza zoragarria" 2001ean senarra enfisemaz hil zen arte iraun zuen.[8] Haren semea, Hugo, 1955ean jaio zen eta New Yorken zinemagilea da. Gordimerrek bi dokumentaletan gutxienez lagundu zion.
Nadine Goldimer 2014ko uztailaren 13an hil zen, 90 urte zituela, Johannesburg-eko egoitzan.[9]
Baimenik gabeko biografia
aldatu2006an Ronald Suresh Robertsek Gordimerren No Cold Kitchen biografia argitaratu zuen. Gordimerrek elkarrizketak eman zizkion Robertsi eta bere dokumentu pertsonaletarako sarbidea ere eman zion, biografia baimena emango ziolakoan, argitaratu aurretik eskuizkribua berrikusteko eskubidearen truke. Hala ere, Gordimer eta Roberts ez ziren ados jarri Gordimerren senarraren, Reinhold Cassirerren, gaixotasunari eta heriotzari buruzko kontakizunean, Gordimerrek 1950eko hamarkadan izan zuen abenturan, baita palestinarren eta israeldarren arteko gatazkari buruz egindako kritiketan ere. Robertsek bere aldetik argitaratu zuen, ez "baimendu" gisa, eta Gordimerrek arnegatu egin zuen baimendu ez zuen biografia hori, Roberts konfiantzaz abusatu izanaz akusatuta.[10]
Desadostasun horiez gain, Robertsek kritikatu egin zuen Gordimerrek apartheidaren ondoren hegoafrikar beltzen alde egin zuen defentsa, batez ere HIESaren krisiaren gobernuaren kudeaketaren aurka, liberalismo zuri paternalista eta hipokrita zela uste baitzuen. Robertsek gaineratu zuen, Gordimer-en "A South African Childhood" (Hegoafrikako haurtzaroa) saiakera, 1954an New Yorker-en argitaratua, ez zela guztiz biografikoa eta asmatutako zenbait gertaera biltzen zituela.[11]
Irudi galeria
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e Lizarralde, Mikel. Arrotzen munduan, lagun. Berria, 2014ko uztailak 15, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-23).
- ↑ (Ingelesez) «Nadine Gordimer | South African author | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-19).
- ↑ Nadine Gordimer hegoafrikarrarentzat literaturako aurtengo Nobel Saria. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko urriak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-1-23).
- ↑ «Nadine Gordimer, anti-apartheid author, dies aged 90» The Telegraph 2014-07-14.
- ↑ Johnson, RW. (2006-10-29). «Nobel writer Nadine Gordimer, 82, attacked and robbed» The Times (London).
- ↑ Jannika Hurwitt, Interview with Gordimer, Paris Review, 88, Summer 1983.
- ↑ Jonathan Steele, "White magic", The Guardian (London), 27 October 2001.
- ↑ «Nadine Gordimer, anti-apartheid author, dies aged 90» The Telegraph 2014-07-14.
- ↑ «Fallece la Nobel Nadine Gordimer, voz literaria contra el ‘apartheid’» El País 14 de julio de 2014.
- ↑ Donadio, Rachel. (2006-12-31). «Nadine Gordimer and the Hazards of Biography» New York Times.
- ↑ Donadio, Rachel. (2006-12-31). «Nadine Gordimer and the Hazards of Biography» New York Times.
Kanpo estekak
aldatu- Behatzaile konprometitua Berria, 2023.11.26
Aurrekoa: | Literatura Nobel saria
1991 |
Hurrengoa: |