Nigeriako historia
Nigeriako historiak Nigerian gertatu direnak jasotzen ditu. Nigerian gizateria historiaurretik bizi izan da, baina bere ezagutzarik handiena Europaren kolonizazioaren ostean dugu.
Kolonizazioaren aurrekoa
aldatuJorubak, Nok zibilizazio zaharraren ondorengoak, hiribide zabalekiko hiri harresituetan bizi ziren. IX. menderako hiria administratzeko sistema demokratikoa zuten, herritarrek hautatutako udalbatza eta guzti. Hurrengo bi mendeetan, joruben herria Niger ibaitik egungo Togoraino zabaldu zen; Ife, Oyo, Ilorin eta Benin ziren joruben estatu-hiri nagusiak. Ife erlijiogune nagusia zen, eta hala da gaur egun ere. Oyo erregearen bizilekua zen, eta XVI. mendetik aurrera esklaboen salerosketarako gune nagusietako bat izan zen. Iparraldean hausa estatuak bizi ziren ezaugarri desberdin askoko kulturagunean, eta ipar-ekialdean, berriz, igbo merkatariak, joruben enbor berekoak.
Hegoaldeko joruben hegemonia 19. mendean amaitu zen, Oyo erresumaren gainbeherarekin. Desengorkotasun fase batean, Oyoko probintzia ezberdinek independentzia hartu zuten txandaka. Iparraldetik Fula eta Hausa agintaritzek aprobetxatu zuten egoera kaotikoa jihad gerlak antolatzeko yoruben aurka, dominazioa inposatzeko eta Islamera bihurtzeko asmoz. Joruben eta herri indigenen azken egitura independenteak 1897an amaitu ziren britainiar kolonizazioarekin.
Kolonia ingelesa
aldatu1914an, ingelesen kolonizazioak administrazio batera bildu zituen kultura horiek guztiak, eta estatu artifizial bat sortu zen. Gaur egun ere, estatu horren batasun nazionala lortu gabe dago. Ingelesen helburua eztainua eta nekazaritzako eta basoko aberastasunak ustiatzea zen. Beste kolonia batzuetan bezala, britainiarrek bitartekarien bidez gobernatzen zuten, eta iparraldeko emir musulmanez baliatu ziren horretarako, hausa herriari lehentasuna eta nagusitasuna emanez, are haien hizkuntzari ofizialtasuna emanez ere (Hegoaldean, berriz, ingelesak baino ez zuen ofizialtasuna).
Praktikan, zeharkako gobernuaren menpeko administrazio-prozedura britainiarrak agintari kolonialen eta tokiko agintarien arteko etengabeko elkarrekintza zekarren; sistema aldatu zen eskualde bakoitzaren beharretara egokitzeko. Iparraldean, esaterako, legediak gobernadoreak eta emirrek sinatutako dekretu baten forma hartu zuen, Hegoaldean, berriz, gobernadoreak Legegintza Kontseiluaren onespena eskatzen zuen.
Eskualde desberdinen arteko batasun handiagoaren aldeko presiorik ez zegoen ia Bigarren Mundu Gerra amaitu arte.
Independentziaren ondorengoa
aldatuNigeriak burujabetasuna lortu zuenean, 1960an, Northern People's Congress alderdiak (iparraldekoak) hartu zuen agintea, National Council of Nigerian Citizen (igbo etniakoa) alderdiarekin banatuta. Baina estatuaren egitura federala eta bi ganberako legebiltzarra ez ziren lurraldeko ezaugarrietara behar bezala egokitzen. Tokian tokiko gobernariek lehendakariak berak (Nnamdi Azikiwe) baino ahalmen handiagoa zuten. Hauteskunde-iruzurra zela-eta, alderdi progresistak baztertuak izan ziren behin eta berriz, eta buruzagiek, ikuspegi nazionalik ezean, norbere etniaren alde egin zuten. Azkenean, gudarosteak hartu zuen gobernua, Yacubu Gowon jeneralaren lehendakaritzapean. Orduan hasi zen petrolioaren ustiapena ere.
Aldi berean, 1967an, Frantziak igboen separatismoa bultzatu zuen Biafran. Hiru urteko gerra zibilaren ondoren (zeinari Biafrako gerra esan izan zitzaion nagusiki), Nigeria bereizteko ahaleginak porrot egin zuen, baina kostu izugarriarekin: Gobernu federaleko armadak Biafra inguratu, petrolioaren azpiegituraz arduratu eta Port Harcourt hiria indarrez hartu zuen. Blokeoak gosetea eragin zuen eta, gerran zehar, 100.000 militar hiltzeaz gain 500.000 eta 2 milioi arteko briafar zibil ere gosez hil ziren.
Gerra amaitu zenerako, Nigeria munduko zortzigarrena zen petrolioa ekoizten zuten herrien artean. Gowonek enpresa transnazionalen erdiak desjabetu zituen, eta bertako enpresaburuei lagundu zien. Gobernuaren arduradunak aldatuz zihoazen bitartean, Batzorde Militar Gorenak Estatu Batuen instalazio militarrak ixtea erabaki zuen. Olusegun Obasanjo lehendakari zela, Barclays eta British Petroleum nazionalizatu ziren, Hegoafrikari ezarritako blokeoa hausteagatik.
Hauteskundeak, krisiak eta estatu-kolpeak
aldatuHamahiru urtez militarren mendean egon ondoren, 1978an konstituzioa aldatzea, hauteskundeak deitzea eta zibilei gobernuko ateak irekitzea erabaki zuten. Hauteskunde Batzordeak bost alderdi besterik ez zituen onartu, finantza eta politikako elite tradizionalaren ordezkariak; alderdi sozialistak eta iraultzaileak baztertu egin ziren, atomizazio politikoa eragozteko aitzakiarekin. Nigeriako Alderdi Nazionalak botoen % 25 eskuratu zuen, eta Nigeriako Alderdi Batuak % 20. Shehu Shagari lehendakari berriak hazkunde-plangintza kapitalista bultzatu zuen, petrolioak sortutako irabazietan oinarritua, Nigeria Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialde nagusia bilakatzeko asmoz. Besteak beste, hiriburu berri bat eraikitzea, lehen eta bigarren mailako irakaskuntzan matrikula-kopurua bikoiztea, eta biztanleen elikagai-beharrizanak asetzea ziren gobernu berriaren helburuak. Ez ziren bete, ordea. Ekonomia-indizeak ere ez ziren batere baikorrak: kontrabando handia; hiriak inmigrantez eta behartsuz beteak; langabezia-tasa handia; diru-sarrera gutxiko soldatapekoen bizi-mailaren galera; Nazioarteko Diru Funtsaren baldintza gogorrak kanpo-zorra ordaintzeko.
Hurrengo hauteskundeetan, Shagari bera atera zen garaile, iruzur salaketen eta militarren konspirazioen erdian. 1984ko urtarrilaren 1ean, Nigeriako historiako laugarren estatu-kolpea izan zen, Muhamadu Buhariren eskutik. Shagariren gobernuaren aurkako salaketetako bat petrolioaren inguruko ustelkeriarena zen. Militarrek jende mordoa atxilotu zuten, eta gobernadore zibilen ordez gobernadore militarrak jarri zituzten, baina krisia ez zen konpondu, eta arrozaren prezioa laukoiztu egin zen urte baten buruan. 600.000 atzerritar legez kanpoko kanporatu zituzten, eta kanpo-zorra 15.000 milioi dolarretara iritsi zen.
Krisiaren erdian beste estatu-kolpe bat izan zen, 1985eko abuztuaren 26an, eta Ibrahim Babangida jeneralak hartu zuen lehendakaritza. 1987ko abenduan, tokian tokiko estatu-erakundeetarako hauteskundeak egin ziren. 15.000 hautagai zeuden. Baina hauteskundeak ez ziren behar bezala prestatu, eta iskanbila eta borroka ugari izan zen. Azkenean, baliogabetu egin ziren. 1989ko abendurako deitu zen berriro ehendakaritzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeetara (lehenengoak 1983az geroztik), baina, abenduan bertan, gobernuak hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen. Handik gutxira, Babangidak jarduera politikoaren gaineko debekua kentzea erabaki zuen, gobernu militarretik zibilerako trantsizioa gainbegiratzeko asmoz.
1990eko apirilean eta ekainean, agintea indarrez hartzeko saioak izan ziren, baina gobernuaren indarrek zapuztu zituzten. Etnia etsaiak elkarrengandik bereizteko estatu berriak sortzeak ere istilu handiak eragin zituen; gudarostek gogor zapaldu zituen protestak eta, abuztua eta urria bitartean, 300 pertsona hil ziren borroketan. 1991ko abenduaren 14an, existitzen ez ziren hautagaiak erroldatik kendu ondoren, gobernadoreak hautatzeko hauteskundeak egin ziren: Alderdi Sozialdemokratak 16 gobernu (edo estatu) eskuratu zituen, eta Konbentzio Nazional Errepublikarrak 14.
1992an, estatu batzuetan istilu gogorrak izan ziren etnien artean. Taraba estatuan, esate baterako, 5.000 lagun hil ziren lurraren jabetzarengatik borrokan. Urte horretan Europar Erkidegoak 240 milioi dolarreko laguntza eman zuen, nekazaritza, osasun, telekomunikazio, errepide eta parke naturalen proiektuetarako. Legegintzarako hauteskundeak 1992ko uztailean egin ziren: Alderdi Sozialdemokratak 52 aulki eskuratu zituen Senatuan, eta 314 diputatu; Konbentzio Nazional Errepublikarrak 52 aulki eskuratu zituen Senatuan, eta 257 diputatu. Azkenik, Nigeria gobernu zibilerako bidean zela ematen zuen, 23 urtez militarren agindupean egon ondoren. Urrian, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren. Babangida lehendakariak baina, iruzur egin zelakoan, baliogabetu egin zituen, eta kargutik kendu zituen bi alderdi nagusietako buruzagiak. Hil horretan bertan, gobernu militarrak debekatu egin zuen jarduera politikoa, eta jendeak zalantzan jarri zuen gobernua zibilen eskuetan jartzeko borondatea. Azkenik, zenbait atzerapenen ondoren, 1993ko ekainean egin ziren lehendakaritzarako hauteskundeak, lehenengo aldiz 1983az geroztik. Ekainean, baina, Babangidak hauteskundeak baliogabetu zituen, eta hautagaiei botoak erosi izan egotzi zien. Abiola, Alderdi Sozialdemokratako hautagaia hauteskundeetako irabazlea Londresa joan zen erregimenaren nazioarteko kondena lortzearren. Estatu Batuek eta Britainia Handiak bertan behera utzi zituzten laguntza ekonomikoak eta harreman diplomatikoak. Kanpoko erantzunak adoreturik, Abiolak desobedientzia zibilera deitu zuen; protesta jendetsuak egin ziren, eta gudarosteak gogor zapaldu zituen. Oposizioko 25 talde demokraziaren alde elkartu ziren. Alde guztietarik presionaturik, gobernuak lehendakaritzarako hauteskundeetara deitu zuen berriro, baina Alderdi Sozialdemokratikoko eta Konbentzio Nazional Errepublikarreko buruzagiak Abiola eta Othma Tofa, hurrenez hurren, ez zituen onartu. Protesta eta istilu gehiago izan zen, eta abuztuaren 26an, Babangidak uko egin zion karguari. Ernest Shonekanen eskuetan utzi zuen lehendakaritza, eta hauteskunde berriak iragarri zituen. Abiola Londresa itzuli zen, eta sindikatuek grebara deitu zuten Nigeriako lehendakari gisa onar zezaten. 1993ko bukaeran, Sani Abacha jeneral eta defentsa-ministroak kargutik kendu zuen Shonekan, Legebiltzarra desegin zuen, eta jarduera politikoa debekatu zuen. Abiola bere karguan onartzeko protestak etengabeak ziren, eta hura atxilotu zutenean, 1994ko ekainean, petrolioaren sektoreko langileek, Nigeriako sektorerik inportanteena askogatik, hamar eguneko greba egin zuten. Abachak ez zuen amore eman, eta ez zuen Abiola askatu. 1995eko apirilean, Desmond Tutu artzapezpikua Nigeriara joan zen, Hegoafrikako lehendakari Nelson Mandelaren ordezkari gisa, Abiola aska zezaten eskatzera. Abiolak 1993ko hauteskundeak baliogabetzea onartu bazuen ere, lehendakariak ez zuen askatu. Azaroan, gobernuak ogoni herriaren aldeko erakunde bateko bederatzi kide hilarazi zituenean, erregimen militarra bakarrik geratu zen. Herrialde batzuek, Estatu Batuak barne, enbaxadak itxi zituzten. Hauteskunde Batzorde Nazionalak egindako erregistroa oinarri hartuta, Abachak eta haren junta militarrak bost alderdi politiko legeztatu zituzten: Nigeriako Kongresu Batuaren Alderdia, Kontsentsu Nazionalerako Batzordea, Nigeriako Alderdi Zentral Nazionala, Nigeriako Alderdi Demokratikoa eta Grassrotts Mugimendu Demokratikoa.
1997an, petrolioaren prezioaren gorakadak ekonomiaren hazkundea bultzatu zuen. Gobernuak behin eta berriro azaldu zuen horrek herrialdearen egoera soziala hobetzen lagundu zuela. Hala ere, datu ofizialen arabera, biztanleen % 80 behar gorrian bizi zen. 1998ko apirilean, Abachak hauteskundeen ordez erreferenduma iragarri zuen, berak aginpidean jarraitu behar zuen ala ez erabakitzeko. Ekainaren 8an, baina, ustekabean, lehendakaria hil egin zen.
1999an, Olusegun Obasanjo hautatu zuten nigeriarrek lehendakari; haiek ziren 16 urtean egiten ziren lehenengo hauteskundeak. 2003an ere Obasanjoren alderdiak irabazi zituen hauteskundeak, eta, ustelkeriaren kontrako eta herrialdearen garapenaren aldeko hainbat lege eta neurri hartu bazituen ere, kritika ugari egin zizkioten berari ere ustelkeria-kontuengatik.
2007ko hauteskudeetan Umaru Yar'Adua irten zen garaile. Nazioarteko behatzaileen ustez, ordea, hauteskunde haiek ez ziren garbiak izan. Umaru Yar'Adua 2010eko maiatzaren 5ean hil zen eta biharamunean Goodluck Jonathan izendatu zuten presidente[1]. Jonathan bera nagusitu zen 2011ko apirileko presidentetzarako hauteskundeetan, aspaldiko garbienak nazioarteko ikuskatzaileen arabera[2]. 2011 eta 2012an Boko Haram, Nigeriako iparraldean xaria ezarri nahi duen sekta islamikoaren atentatuek hildako ugari eragin zituzten[3][4].
2014ko abuztuaren 5ean, epaiz kanpoko exekuzioak egitea egotzi zion AIk Nigeriako armadari. Bornon jasotakoak ziren testigantzak eta irudiak. "Horiek frogatzen duten epaiz kanpoko exekuzioak ohikoak bihurtu direla", nabarmendu zuen AIk. Aldiz, Nigeriako Gobernuak "kezka" agertu zuen salaketagatik, baina ukatu egin zuen militarrek halakorik egin izana. "Halako ankerkeriak eta zigorgabetasunak ez du tokirik Nigeriako armadan", adierazi zuen Gobernuak komunikatu baten bidez. Egun berean, Boko Haramek Maiduguriko espetxe bati eraso zion[5].
Azaroaren 3an, Nigeria iparraldeko Potiskum hirian eraso suizida bat egin zuten xiiten zeremonia batean. Gutxienez hogei lagun hil zituzten. Inork ez zuen erasoa bere gain hartu, baina Boko Haram talde islamista egin zuten errudun[6].
Azaroaren 6an, gutxienez 16 pertsona hil zituzten eraso suizida batean eta beste 20 lagun zauritu ziren erasoan. Gizon bat kutxazain automatiko bateko ilarara hurbildu zen, lehergailua plastikozko poltsa batean zeramala, eta leherrarazi egin zuen[7].
Azaroaren 10ean, 48 hildako egon ziren aentatu batean. Gizon batek bere buruaz beste egin zuen eskola batean, gorputz inguruan zuen bonba lehertuta[8].
Abenduaren 8an, Minna hirian 270 presok ihes egin zuten kartzelatik[9].
Abenduaren 18an, Armadaren ezintasuna agerian gelditu zen Nigeriako ipar-ekialdeko herrixka batean gutxienez 185 lagun bahitu eta beste 32 hiltzean[10].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Goodluck Jonathanek hartu du Umaru Yar'Adua Nigeriako presidente zenaren kargua Gara.net
- ↑ Bozen osteko liskarretan ehundik gora lagun hil dira Nigerian Berria.info
- ↑ Nigeria, mehatxupean[Betiko hautsitako esteka] Berria.info, 2012-01-08
- ↑ 38 pertsona hil dira Nigerian, bi elizaren kontra egindako atentatuan Eitb.com, 2012-04-08
- ↑ «Epaiz kanpoko exekuzioak egitea egotzi dio AIk Nigeriako armadari», Berria, 2014-08-05
- ↑ «Xiiten aurkako atentatu bat egin dute Nigerian», Berria, 2014-11-04
- ↑ «Gutxienez 16 pertsona hil dituzte eraso suizida batean, Nigerian», EiTB, 2014-11-07
- ↑ «48 hildako eragin ditu atentatu batek Nigerian», Berria, 2014-11-10
- ↑ «270», Berria, 2014-12-09
- ↑ Adrian Garcia, «Armadaren ezintasuna, agerian», Berria, 2014-12-19