Nitrobacter
Nitrobacter generoa bakterio Gram negatiboz osatua dago, bazilo itxura dutenak eta kimiolitotrofoak direnak. Beste nitrobakterio batzuen antzera (Nitrosomonas, Nitrospira...) bakterio hauek funtsezko zeregina burutzen dute nitrogenoaren zikloan.
Nitrobacter | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Pseudomonadota |
Klasea | Alphaproteobacteria |
Ordena | Hyphomicrobiales |
Familia | Nitrobacteraceae |
Generoa | Nitrobacter Winogradsky, 1892 |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Genero honetako bakterioek behar duten energia (ATP) nitrogeno erreduzitua oxidatuz lortzen dute; zehazki, nitritoak (NO2-) nitrato (NO3-) bihurtzen dituzte:
NO2- + 1(1/2) O2 → NO3- + energia
Nitrobacter-ek aurreko oxidazioan lortzen duen energia atmosferako CO2 finkatu ahal izateko erabiltzen du, Calvin zikloaren bidez (autotrofoa da, landare guztien antzera).
Bakterio hauek lurzoruan zein ur gezatan bizi ohi dira.
Genero honetako espezie gehienak autotrofo hertsiak badira ere, beste batzuk mixotrofoak dira; horrek esan nahi du bide autotrofoa zein heterotrofoa -biak- osatzeko gai direla: hots, ingurugiroan materia organikoa dagoenean hori ere erabil dezakete karbono zein energia iturri modura.
Gemazioaren bidez ugaltzen dira eta batzuetan mugikorrak dira [1].
Nitrobacter-ek, Nitrosomonas, Nitrococcus eta Nitrospira generoekin batera, bakterio nitrifikatzaileen taldea osatzen du. Bakterio hauek guztiek nitrogedun konposatu inorganiko erreduzituak oxidatzen dituzte energia lortzeko, era kimiolitotrofoan. Sergei Winogradsky mikrobiologoak erakutsi zuen lehenengo aldiz bakterio horiek gai zirela ingurune inorganiko batean hazteko, atmosferako CO2 erabiliz eta konposatu inorganikoak ( NH3, NO2-, NH2OH...) oxidatuz.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:461 orr.