Pablo Sarasate

Iruñean jaiotako eta Biarritzen bizi izandako biolin jotzailea eta musikagilea

Artikulu hau biolinistari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Saratsate (argipena)».

Pablo Sarasate (Iruñea, 1844ko martxoaren 10a - Biarritz, Lapurdi, 1908ko irailaren 20a), izen osoa Martin Meliton Sarasate Navascues, nafar biolin jotzailea eta musikagilea izan zen, Francisca Sarasate idazlearen neba. Ibilbide profesional arrakastatsua izan zuen bai Europan, bai Amerikan. Biolinari soinu goxo eta garbia ateratzen zion, eta berebiziko teknika zuen; guztiz berritu zuen biolina jotzeko modua.

Pablo Sarasate

Bizitza
JaiotzaIruñea1844ko martxoaren 10a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaBiarritz1908ko irailaren 20a (64 urte)
Hobiratze lekuaSan Jose hilerria
Heriotza modua: bronkitisa
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaParisko Kontserbatorioa
Hizkuntzakgaztelania
Irakaslea(k)Lambert Massart
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea eta biolin-jotzailea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Genero artistikoaerromantizismoa
Musika instrumentuabiolina

IMDB: nm1120135 Spotify: 3L1iFJfRzE7yzilr2yGl6t iTunes: 319949 Last fm: Pablo+de+Sarasate Musicbrainz: 05f12d97-ecae-4fd6-bb03-53a4bd1322a8 Songkick: 360842 Discogs: 873814 IMSLP: Category:Sarasate,_Pablo_de Allmusic: mn0002176046 Find a Grave: 16615427 Edit the value on Wikidata

Biolinerako zenbait lan ondu zituen, hala nola, Jota aragonesa, Romanza andaluza, Caprice Basque, Zapateado, Zigeunerweisen, Habanera eta Aires navarros.[1]

Haren omenezkoak dira Iruñeko Sarasate pasealekua, Pablo Sarasateren monumentua eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionala. Kondestablearen jauregian Pablo Sarasate museoa dago.[2]

Bizitza

aldatu

Martin Meliton Sarasate Navascues 1844ko martxoaren 10ean jaio zen, Iruñeko San Nikolas kalean; aita, Miguel Sarasate, Iruñekoa zen, eta ama, Javiera Navascues, Orbaizetako olakoa.[3] Bi urte besterik ez zuen igaro Nafarroako hiriburuan; izan ere, aita musikari militarra zen, Espainiako 20. erregimentuko musika bandaren zuzendaria, eta Valladolidera igorri zuten. Geroago, Santiago de Compostelan eta Coruñan bizi izan zen.[4][5] Hiri horietan guztietan, gurasoek aurkitu ahal izan zituzten biolin irakasle hoberenekin ikasi zuen.[6]

Zazpi urte zituelarik eman zuen lehenbiziko biolin kontzertua, Coruñan. 1853an, Juana de Vega Espoz Minako kondesak emandako dirulaguntza bati esker, Madrilera joan zen amarekin. Bertan, Manuel Rodriguez biolinista handia izan zuen irakasle. 1854ko martxoaren 23an jo zuen lehenbiziko aldiz Errege Antzokian, eta 1855eko maiatzean, Elisabet II.a erreginaren aitzinean.[6][7]

Umearen maisutasunak liluraturik, Elisabet II.ak pentsio bat ematea erabaki zuen Parisen ikas zezan. 1856ko uztailean abiatu zen harantz, amarekin, eta zenbait kontzertu eman zituen bidean, Iruñean eta Donostian besteak beste. Abuztuan, ordea, Baionara iritsitakoan, ama koleraz eritu eta hil egin zen. Ignacio Garcia Etxeberriak, Espainiako kontsulak, haren ardura hartu eta Frantziako hiribururaino eraman zuen. Horrez gain, gestioak egin zituen Nafarroako Diputazioak beste dirulaguntza bat eman ziezaion.[7][4]

Parisen Lassabathie senar-emazteek hartu zuten etxean. Pariskoa maila handiko kontserbatorioa bazen ere, gogor lan eginez, bertan ere nabarmentzea erdietsi zuen; biolin irakasle zuen Jean-Delphin Alardek hauxe idatzi zuen 1857ko ekaineko azterketa txostenean: “erraztasun harrigarria, akatsik gabeko zehaztasuna, itxaropen handia". Abuztuan, ahobatez eman zioten biolineko lehen saria. Horren ondoren, beste bi urtez segitu zuen harmonia ikasten, 1859 arte.[7]

Ikasketak amaitu ondoren, Madrilen edo Parisen biolin katedra hartzen saiatzea aholkatu zioten arren, munduko entzunleku nagusietan agertu nahi izan zuen bere antzea.[4] 1860ko hamarkadan, Parisko musika aretoetan maiz jotzeaz gain, Europan barrena ibili zen bere burua ezagutzera ematen: Bartzelona eta Madril (1860), Londres (1861), Bordele eta Frantziako beste hiri batzuk (1863), Saint-Malo (1864), Bukarest (1869)... Eta, 1870etik 1872ra, kontzertu bira handia egin zuen Ameriketan zehar, arrakasta gaitza bilduz.[7][6]

Ameriketatik itzulitakoan, Parisen kokatu, eta kontzertuak emateari ekin zion berriz ere. Haren bakarlari ospea sendotzeko, ordea, urrats erabakigarria eman zuen 1876an: Alemanian jotzea. Berlinen ez zuen harrera onik jaso, baina Leipzigeko kritikariak erabat irabazi zituen Gewandhaus aretoan eman zuen kontzertuarekin, eta gauza bera gertatu zen apur bat geroago Vienan, Austria-Hungariako Inperioaren hiriburuan. Harrezkero, harreman estua izan zuen bizi osoan alemaniar entzuleekin, eta baita musikagile batzuekin ere (Otto Goldschmidt, Max Bruch, Joachim Raff, Leopold Auer). 1879an, aurreneko aldiz jo zuen Errusian. Bestalde, urte horretatik aurrera, urtero Iruñeko Sanferminetan aritu zen, 1884an eta 1889an izan ezik.[7][6]

 
Sarasateren karikatura, Vanity Fair, 1889

1880ko hamarkadan, etengabe ibili zen kontzertu-itzuliak egiten Europan zehar. Entzun-aretoak lepo betetzen zituen, eta omenaldi ugari egin zioten. 1880an, oso bira arrakastatsua egin zuen Iberiar penintsulan barna, Italian 1882an jo zuen lehenbiziko aldiz, 1888an Danimarkaraino heldu zen... Musikagile askok biolinerako lanak ondu zituzten harentzat: Max Bruchek, Camille Saint-Saënsek, Édouard Lalok, Henryk Wieniawskik, Alexander Mackenziek eta Antonín Dvořákek, besteak beste. Garai hartan, Berthe Marx pianista handiarekin hasi zen kontzertuak ematen.[7][6] Beste birtuosoekin batera ere behin baino gehiagotan jo egin zuen, esaterako Louis Diémer musikagile frantziarrarekin.

1889ko azarotik eta 1890eko apirilera, Ameriketako bigarren itzulia egin zuen, nekagarria bezain arrakastatsua, Estatu Batuetan, Kanadan eta Mexikon barrena; Eugen d’Albert eta Berthe Marx pianistak izan zituen lagun. Hurrengo urteetan, Europa osoan jotzen segitu zuen, Erresuma Batuan, Alemanian, Frantzian, Herbehereetan, Belgikan, Errusian, Italian, Espainian... Bisitatzen zituen herrialdeetako doinuak baliatu zituen bere konposizioak ontzeko; Airs Écossais (1891), Mélodie Roumaine (1901) edota Chansons Russes (1902) horren adibide dira.[7][6]

 
1908ko irailaren 25ean, andetan eraman zuten Sarasateren hilotza Iruñeko San Jose hilerriraino, iruindar ugarik lagundurik.

1908ko irailaren 20an hil zen Villa Navarra-n, Biarritzen zeukan etxean, biriketako gaixotasun baten ondorioz. Bost egun geroago, Iruñeko San Jose hilerrian ehortzi zuten. 1909ko abuztuaren 24an, Ramon Carmona Urrutiak egindako mausoleora eraman zituzten gorpuzkinak.[8]

Konposizioak

aldatu
Carrie Rehkopfek interpretatua

Roxana Pavel Goldsteinek eta Elias Goldsteinek (biolinak) interpretatua, Cliff Colnotek zuzendutako Depaul Symphony orketrarekin

Arazoak fitxategi hauek entzuteko? Ikus multimedia laguntza.
 
Sarasateren Spanische Tänze, Berlin, 1878 aldean
 
Villa Navarra, Sarasateren Biarritzeko etxea
Opus Konposizioa Instrumentazioa
Fantasia capriccio Biolina eta pianoa
Souvenir de Faust Biolina eta pianoa
1 La forza del destino-ren gaineko fantasia Biolina eta pianoa
2 Omenaldia Rossiniriri Biolina eta pianoa
3 La dame blanche de Boieldieu Biolina eta orkestra
4 Réverie ("Ameskeria") Biolina eta pianoa
5 Roméo et Juliette-ren gaineko fantasia Biolina eta pianoa
6 Mireilleren gaineko kapritxoa Biolina eta pianoa
7 Confidences Biolina eta pianoa
8 Souvenir de Domont ("Domonten oroitzapena") Biolina eta pianoa
9 Les adieux ("Agurrak") Biolina eta pianoa
10 Sérénade andalouse ("Andaluziako serenata") Biolina eta pianoa
11 Le sommeil Biolina eta pianoa
12 Moscovienne ("Moskukoa") Biolina eta pianoa
13 Faust-en gaineko fantasia berria Biolina eta orkestra
14 Der Freischütz-en gaineko fantasia Biolina eta orkestra
15 Mosaíque de Zampa ("Zamparen mosaikoa") Biolina eta pianoa
16 Mignon-en gaineko gabota Biolina eta pianoa
17 Prière et Berceuse Biolina eta pianoa
18 Airs espagnols ("Espainiar aireak") Biolina eta pianoa
19 Martha-ren gaineko fantasia Biolina eta pianoa
20 Zigeunerweisen ("Buhame aireak") Biolin eta orkestra
21 Malagueña y Habanera Biolina eta pianoa
22 Romanza andaluza y jota navarra ("Andaluziako erromantza eta Nafarroako jota") Biolina eta pianoa
23 Playera y zapateado Biolina eta pianoa
24 Caprice Basque ("Euskal kapritxoa") Biolina eta pianoa
25 Fantasía sobre Carmen ("Carmenen gaineko fantasia") Biolin eta orkestra
26 Vito y habanera Biolina eta pianoa
27 Jota aragonesa ("Aragoiko jota") Biolina eta pianoa
28 Serenata andaluza ("Andaluziako serenata") Biolina eta pianoa
29 El canto del ruiseñor ("Urretxindorraren kantua") Biolin eta orkestra
30 Bolero Biolina eta pianoa
31 Balada Biolina eta pianoa
32 Muñeira Biolina eta orkestra
33 Navarra ("Nafarroa") Biolina eta orkestra
34 Airs Écossais ("Eskoziako aireak") Biolina eta orkestra
35 Peteneras, caprice espagnol Biolina eta pianoa
36 Jota de San Fermín ("San Ferminen jota") Biolina eta pianoa
37 Zortzico Adiós montañas mías ("Agur ene mendiok" zortzikoa) Biolina eta pianoa
38 Viva Sevilla! ("Gora Sevilla!") Biolina eta orkestra
39 Zortzico de Iparragirre ("Iparragirreren zortzikoa") Biolina eta pianoa
40 Introduction et fandango varié Biolina eta pianoa
41 Introduction et caprice-jota ("Sarrera eta kapritxo-jota") Biolina eta orkestra
42 Zortzico Miramar ("Miramar zortzikoa") Biolina eta orkestra
43 Introduction et tarantelle ("Sarrera eta tarantela") Biolina eta orkestra
44 La chase ("Ehiza") Biolina eta orkestra
45 Nocturno — Serenata ("Nokturnoa - Serenata") Biolina eta orkestra
46 Gondoliéra Veneziana ("Veneziako gondolaria") Biolina eta pianoa
47 Melodía rumana ("Errumaniako melodia") Biolina eta pianoa
48 L'Esprit Follet ("Izpiritu zoroa") Biolina eta orkestra
49 Canciones rusas ("Errusiako abestiak") Biolina eta orkestra
50 Jota de Pamplona ("Iruñeko jota") Biolina eta orkestra
51 Don Giovanni-ren gaineko fantasia Biolina eta pianoa
52 Jota de Pablo ("Pabloren jota") Biolina eta orkestra
53 Le Rève Biolina eta pianoa
54 Die Zauberflöte-ren gaineko fantasia Biolina eta orkestra

Sari ohoregarriak

aldatu
 
Pablo de Sarasateren erretratua, Whistler, 1884
  •   Karlos III.aren Ordenako zalduna (1861)
  •   Elisabet Katolikoaren Ordenako komendadorea (1880)
  •   Frederiko Würtembergekoaren Ordenako Lehen mailako Gurutzea (1882)
  •   Mecklenburg-Schweringo Merezimenduaren Domina (1882)
  • Londresko Royal Philharmonic Societyko ohorezko kidea (1884)[7]
  •   Elisabet Katolikoaren Ordenako Gurutzea (1886)[7]
  •   Ohorezko Legioaren zalduna (1892)[7]
  •   Alberto Saxoniakoaren Ordenako Lehen mailako Gurutzea (1893)
  •   Leopoldoren Ordenako zalduna (1895)
  •   Iruñeko seme kutuna (1902)[7]
  •   Alfontso XII.aren Ordenako Gurutze Handia (1907)[9]

Erreferentziak

aldatu
  1. Pablo Sarasate biolin jotzailea Biarritzen hil zen 1908ko irailaren 20an. euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-19).
  2. Pablo Sarasate museoa. visitnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-19).
  3. San Millan, Pello. Sarasate ta Baztan. baztangohaizegoa.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
  4. a b c Sesma Urzaiz, Fernando. Pablo Sarasate naiz. Nafarroako Gobernua, educacion.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
  5. Arozamena Ayala, Ainhoa, Sánchez Ekiza, Karlos. Sarasate Navascués, Pablo Martín Melitón. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2022, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
  6. a b c d e f Pablo Sarasate. pamplonaescultura.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-20).
  7. a b c d e f g h i j k Nagore Ferrer, Maria. Pablo Sarasate, el violín de Europa. Príncipe de Viana, ISSN 0032-8472, 70. urtea, 248. zenbakia, 2009, 527-551. orrialdeak, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-21).
  8. Altadill Torronteras, Julio. Mausoleo de Pablo Sarasate en el cementerio municipal de Pamplona. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  9. Martinez Soto, Pilar. Sarasate: catalizador de la vida musical en Pamplona. Príncipe de Viana, 248. zenbakia, 2009, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 3
idea 3
mac 1
multimedia 2
musik 12
Note 1
os 30