Panoptiko
Panoptikoa[1] Jeremy Bentham filosofo utilitaristak XVIII. mendearen amaieran diseinatutako eraikin instituzional mota bat da. Eraikuntza hau testuinguru industrialari lotuta asmatu bazen ere, utilitaristak espetxe gisa eta oro har zigor-etxe gisa zuen indarrean jarri zuen arreta.
Arkitektura mota honen asmoa espetxe bateko preso guztiak segurtasun zaindari bakar batek ikustea da, presoek zelatatuak izaten ari diren edo ez jakin gabe. Benthamen apustua ustezko kontrolaren eraginkortasunean datza. Azkenean, nahiz eta fisikoki ezinezkoa izan zaindari bakarrak preso guztiak batera behatzea, presoak ez daki noiz dagoen “begia” berari so eta, badaezpada, ez du jarrera desegokirik izango; uneoro zelatatua balitz bezala jokatzeko motibatua egongo litzateke.
Jatorria
aldatuNahiz eta Jeremy Bentham lotu panoptikoa kontzeptuarekin, esan daiteke asmakizuna bere anaia Samuel Benthamena dela.
Panoptikoaren kontzeptua Kritxev-en, Errusian sortu zen.
1780an Samuel Bentham, Jeremy Benthamen anaia, Errusiara joan zen eta urte askotan Potemkin Printzearentzat egin zuen lan. 1784an Printzeak Kritxev-en zeukan etxaldera iritsi zen eta bertan honen gainbegiraketa orokorra hartu zuen bere gain. Garai honetan, bere lana erraztearren, asmatuko du Samuel Bentham ingeniariak Panoptikoa.
Bi urte beranduago, 1786an, bere anaia bisitatzen ari zelarik, izugarri gustatu zitzaion Panoptikoaren ideia Jeremy Benthami, bereziki Ikuskapen-Etxe honek espetxe izateko zeukan balioa antzeman zuen (hasiera-hasieratik eraikuntza helburu ugaritarako moldagarri izateko moduan irudikatu arren). Gainera, momentu horretan botere monarkikoak zigorra krudelkeria eta publikotasunean oinarritzen zuen. Horrela, XVIII.mendean, kartzelaren funtzioa ez zen gaur ezagutzen duguna, heriotza zigorraren zain egoteko zaintza toki bat zen. Hala ere, zigor moduan ere erabili ohi zen, esaterako, jendea erabat pilatuta zegoen eta ez zen sexu banaketarik egoten ezta gaixo eta osasuntsuen artean ere.
Honen aurrean, eta Frantziako Iraultzaren testuinguruan, eskubide indibidualak aldarrikatuko zituzten lehen ahotsekin batera espetxearen egoera hobetu beharra defendatzen dutenen ahotsak entzuten hasi ziren. Besteak beste, momentuko kartzelaren kostu politiko eta ekonomikoa eta espetxeetan gertatzen denaren gaineko ikuskapen eza salatuko ziren.
Testuinguru honetan aurkeztu zuen Jeremy Benthamek Panoptikoaren proiektua, kostu gutxiagoko eta espetxeetan gertatzen denaren gaineko ikuskapena ahalbidetzen duen proiektua, azkenean, Benthamen ikuskapen-printzipioa panoptiko espetxeko presoei ez ezik, zuzendariari ere aplikatzen baizitzaion.
Gauzak horrela, Jeremy Benthamek hogeita bat “Gutun Panoptikoen” bilduma idatzi zuen eta Londresen zen bere aita Jeremiah Benthami bidali zion, hauek argitaratzeko argibidearekin batera. Hala ere, aitak ez zuen argitalpena onartu, ezta Benthamen lagun George Wilsonek ere.
1788an Jeremy Bentham Londresera itzuliko da eta bi urte beranduago berdina egin zuen anaiak. Horrela, biek urte asko pasako dituzte elkarrekin panoptikoari buruzko teoria garatzen.
1790ean Gutun Panoptikoa argitaratzeko aukera sortu zitzaien Sir. John Parnell irlandar Ogasun ministroaren eskutik. Azken honek eskatuta, Benthamek Gutunak moldatu egin zituen argitaratu ahal izateko. Horrela, zehaztapenak egiten hasiz, idatzia asko luzatu zuen utilitaristak eta 1791n argitaratu ziren Gutunak Dublinen eta Londresen. Urte honetan ere, Bentham, frantziarrei hurbildu zitzaien bere eskema Panoptikoarekin, Dumontek prestatutako itzulpenarekin. Hala ere, Parisen Panoptiko bat eraikitzeko planak ezerezean geratu ziren.
Beranduago, 1796an Samuel Bentham bi anaiek hasiko duten lanetik baztertzen joan zen. Hala ere, Jeremy Benthamek proiektuan lan egiten jarraitu zuen eta bere denboraren zati handi bat eta ia bere ondasun pertsonal guztia eman zuen espetxe panoptikoen eraikuntzaren sustapenean. Urte luzetako zailtasunen ondoren, Britainiar Parlamentuaren akordioa lortu zuen. Proiektua, ordea, 1811n bertan behera utzi zen, erregea lurra erostearen aurka agertu baitzen.
Ikusi dugunez, Benthamen hausnarketa zigor-zuzenbideari eta itxialdiaren zentzuari buruzko pentsamendu-koadroak berritzen ari den une batean gertatu zen lan hauekin batera: Jonas Hanwayren Solitude in Imprisonment (1776), gizabanakoen kartzelako isolamendua defendatzen duena; John Howarden The State of the Prisons in England and Wales (1777), presoak eraldatzeko baliabideak izateko espetxeen erreforma proposatzen duena; eta Cesare Beccariaren Des délits et des peines (1764) tratatuarekin.
Eraikuntza
aldatuJeremy Benthamen arabera, panoptikoak, zigor-etxe batek batak bestearen barruan bat egingo duten egitura zirkularreko bi eraikin izan beharko ditu. Presoen gelaxkek (leotzen antzera irekitakoak) sei solairuko zirkunferentziaren eraikina inguratuko dute eta solairu bakoitzeko galeria batek ezarriko du komunikazioa espetxe osoan.
Eraikinaren erdigunean hiru solairuko dorre bat (ikuskatzailearen gela) egongo da eta solairu bakoitzak bi leotz-lerro zainduko ditu. Gainera, dorre hau pertsianaz estalitako galeria batek inguratuko du, presoek ikuskatzailea ikus ez dezaten.
Ikuskaritza-dorretik leotz bakoitzera latorrizko hodi batzuk ipiniko dira, ikuskatzaileak mugitu gabe presoei aginduak eman ahal izateko. Bestalde, garrantzitsua da dorreak leotzetatik bananduko duen hutsune bat edukitzea, ikuskatzailea presoetatik babesteko.
Oinarrizko abantailak
aldatuPlan honen abantaila nagusia aipatu dugu jada: etengabe ikuskatzaile baten zaintzapean dagoenak gaizki jokatzeko ahalmena eta, orobat, maltzurkeriatan pentsatzeko gogoa galtzen du.
Baina baditu kontuan hartzeko zeharkako abantailak ere. Esaterako, azpi-ikuskatzaileak eta oro har, enplegatuak, presoak dauden egoera berean ipintzen ditu. Honela, presoak ez ditu egiten zaizkion irainak edo zigor injustuak pairatu beharrik, ez dago azpikoen tirania gertatzerik. Beste alde batetik, presoek ere ezingo dituzte beren zaintzaileak gaizki tratatu. Azkenean, presoek eta zaintzaileek elkarren aurka egiten dituzten okerrak aurreikusiz, zigorrak gutxituko dira.
Aurrekoaz gain, Panoptikoaren printzipioak asko erraztuko du epaileen lana. Normalean, epaile bakarrak banan-banan ikusi behar izaten zituen presoak. Eredu honekin aldiz, epaileak espetxean sartzearekin soilik bistan edukiko ditu preso guztiak.
Bestalde, bisitariek nazka sentitu ohi dute egoitzetako zikinkeriagatik; gainera, gero eta bisitari gehiago izan, presoek ihes egiteko arrisku handiagoa dago. Eta Panoptikoan ez legoke ez nazkarik ez arriskurik.
Gainera, askotan, espetxea bisitatzen duen magistratuari gauzen benetako egoera ezkutatu egiten zaio. Panoptikoan aldiz, espetxean sartu orduko dena du begi bistan, ezin zaio ezer ezkutatu.
Eta amaitzeko, badira ere espetxera sartzen diren “kuxkuxeroak”, presoen senitartekoak, lagunak… Publiko zabal honek zigor-etxeetako nagusiak ikuskatuko ditu eta bide batez, eraikin guztiak perfekzionatuko ditu.
Zehaztasunak
aldatuPanoptikoaren proiektua aurrera eramateko behar-beharrezkoak diren hainbat zehaztapen aurkeztu zituen Benthamek:
1.Nahitaezkoa da egoitzan dauden presoen altxamenduetatik eta kanpoko erasoetatik babesteko segurtasun-neurriak bermatzea. Utilitaristaren arabera, barrukoen segurtasuna erabat ezarria legoke jada eraikinaren diseinu eta administrazioagatik. Baina kanpo segurtasuna ere garrantzitsua da. Horretarako, nahikoa izango da espetxearen inguruan gotorleku antzeko bat eraikitzea. Gainera, Panoptikoaren sarbidearen parean harresi bat eraikiko da, espetxearen aurkako eraso baten aurrean, parte-hartzen ez dutenak babestu ahal izateko.
2.Igandetan, ikuskaritza-dorrea kapera bilakatuko da. Espetxea eredugarri izatera zuzenduta dagoenez, kapera publikoak izugarrizko garrantzia dauka.
3.Garrantzitsua da gainera, Panoptikoa eraikitzeko materialak ondo hautatzea suteak ekiditeko eta seguratasuna bermatzeko. Bereziki altzairua erabiliko da; zura, berriz, inoiz ez. Leotzetako lur-zolak, harrizkoak edo adreiluzkoak badira, igeltsu geruza batez estaliko dira.
4.Benthamen Panoptikoan, leihoak ugariak izango dira, bai presoari zor zaion begiruneagatik baita garbitasun osasun eta ekonomiagatik ere.
5.Presoak ez du hotza pasatzea eta aire zikina arnastu beharrik. Hau ekiditeko, beroa alde batera eta bestera garraiatuko lukeen eta airea etengabe berrituko lukeen hoditeria bat eraikiko litzateke.
6. …
Administrazioa
aldatuAdministrazioaren inguruko iritziak bateratzea ez da batere erraza; batzuk ahaztu egiten dute presoa izaki sentibera dela, beste batzuk berriz, ez dute ikusi nahi preso horien egoera zigortuarena dela. Eta askok zigor-etxeetako diziplina-neurrien gizatasun eza aldarrikatzen dute.
Espetxeek nahitaez bete behar dituzten neurriak hauek dira: zigortuz krimenen imitazioa ekiditea, presoen osasuna eta txukuntasuna mantentzea, ihes ez egiteko oztopoak ipintzea, agindu egokiak ematea,…
Oinarrizko neurri hauek betetzeko plan askok huts egin dute, baina ordura arte egin diren akatsak saihesteko Benthamek hiru neurri edo arau proposatuko ditu:
Gozotasun araua:
aldatu- Zigortutako preso batek ez dauka zertan sufrimendu fisikorik ezta bere osasuna eta bizitza arriskuan jar ditzakeen traturik jasa beharrik. Honen aurrean, presoen bizi- eta osasun-egoerak zuzen-zuzenean ukitzen dituzten neurri latzenak ere daukaten balioa galtzen dute. Urte askoan zehar presoek neurri zorrotzegien aurrean pairatu beharreko sufrimendu luzea bidegabea da Benthamen aburuz. Azkenean, ordura arteko neurri latzenengatik, esaterako, beste batzuek baino erru txikiagoa ordaindu behar dutenek beharrezkoak baino zigor zorrotzagoak pairatzen zituzten.
Zorroztasun-araua:
aldatu- Zigortutako presoak, klase pobreenetako gizabanakoak direnak normalean, ez ditugu jatorrizko klaseetako pertsonak askatasun egoeran tratatuko genituen baino hobe tratatuko. Hau ez beteta, tentazio moduko bat izango litzateke gizabanako batzuentzat.
Ekonomia-araua:
aldatu- Honi dagokionez, ezingo da gastu publikorik onartu, ezta irabazi profitatzeari uko egin. Arau hau bereziki garrantzitsua da. Izan ere, ordura arte jarri izan den oztopo nagusiena izan da esatea delako erreforma horrek gastu handiegia ekartzen duela.Ekonomia, fabriketan ziurtatzen den modu berean ziurtatuko litzateke. Eta bi administrazio motaren artean egin behar da aukera: kontratuzko administrazioa eta konfiantzazkoa. Lehenengoaren kasuan, gizabanako bakarraren ardurapean egongo litzateke presoen zaintza soldata baten truke. Bigarrenaren kasuan, aldiz, gizabanako bat edo gastu publikoaz baliaturik ordaintzen zaion komite bat, presoen lanetatik ateratako irabazkinak ondasun-piblikoan ipintzera behartzen da. Beharbada, lehenengo administrazio mota da egokiena; batetik, nekez izango delako axolagabea, eta bestetik, ez duelako ondasun-publikotik ezer kenduko nahiko diru jasoko baitu.
Espetxeetako barne-gobernua
aldatuSexu banaketa
aldatuGizonezkoak eta emakumezkoak banatzeko bi Panoptiko eraikitzea idealena izango bazen ere, ekonomikoki ez zen erabaki hoberena izango. Izan ere, emakumezkoak presoen herena baino ez dute osatzen, ondorioz, bi Panoptikoen artean izugarrizko desoreka egongo litzateke.
Klase eta konpainia banaketa
aldatuEspetxeen inguruan egon diren zailtasunen artean handiena bertako presoen banaketa da. Ohikoena izan da, preso guztiak nahasita, elkarrekin biltzea: hiltzaileak, lapurrak, zordunak… Baina, neurri horrek, osasunaz gain, presoen bihotz-arimak ere suntsitzen ditu.
Egoera horretatik libratzeko, pentsa daiteke neurri egokiena presoak bakardade erabatekoan uztea dela. Baina hau, luzaroan aplikatuz gero, justiziaren eta gizatasunaren aurkakoa da. Gainera, arrazoi ekonomikoengatik ere baztertu daiteke aukera hau.
Azkenean, presoak behar bezala banatzeko egokiena leotz bakoitzean hiru edo lau preso sartzea izango litzateke, elkarren arteko asimilazio antzeko bat bilatzeko. Horretarako, preso bakoitzaren izaera eta adina kontutan hartu beharko dira.
Hala ere, pentsa daiteke, maltzurra den bat are maltzurragoa bilakatu daitekeela aurrekoagatik. Baina hau gertatzea ia ezinezkoa da, presoak elkarrekin nahasteko ezaugarri batzuk kontuan hartu behar direlako: klase-jatorria, adina, egindako krimen-gradua, borondate on eta damurako nahia. Horrela, gatazkak saihesteaz gain, talde txikitan bildutako presoen artean adiskidetasuna bultzatuko da eta harreman zintzoek presoen ohitura txarrak bide onera zuzenduko dituzte.
Hori bai, presoen artean odolzaleren bat balego, erabateko bakardadean utziaz zigortuko litzaioke bere okerraz jabetu arte.
Egin beharreko lanak
aldatuDenboraren enpleguari dagokionez, lanak lagunduko die presoei beren zorigaitzetik ateratzen eta bidea emango die ongi bizi ahal izateko. Enpresaburuak erabakiko du presoek zer lan egin behar duten. Hala ere, ez da komeni presoak lan gogorrak egitera behartzea; espetxeetako izua ez du lanak eragin behar. Bestalde, Panoptikoan, otorduetako hutsarteak kenduta, egin beharreko lanak egun osoan luzatuko dira. Eta lan desberdinak tartekatzea gomendagarria da.
Elikaduraren inguruan
aldatuElikadurari dagokionez, denei janari kopuru bera ematea akatsa da. Bakoitzaren beharren arabera elikatzea da justuena. Bestalde, komeni da presoei askotariko janaria ematea (astean bitan haragia…). Hala ere, presoei eman beharreko janaria ahalik eta merkeena izan behar da, ez baita justua presoak klase pobreenetakoak baino hobeto tratatzea. Gainera, egindako lanen emaitzetatik elikagaiak erostea utziko zaie presoei.
Jantzien inguruan
aldatuJantziei dagokionez, beharrezkoa da, osasun- eta txukuntasun-arauak jarraituz, arrazoi ekonomikoetara makurtzea. Eta hauen janzkera duingarria izan arren, umilazio zantzuak izatea beharrezkoa da; adibidez, alkandoren mauken proportzioak desberdinak izatea.
Garbitasunaren eta osasunaren inguruan
aldatuGarbitasun- eta osasun-arauak betearaztea oso lagungarria da espetxeeen industria onerako.
Gauzak horrela, presoak ongi garbitu ondoren bilduko dira leotzetan, Horren aurretik, gainera, komeni da zeremonia moduko bat egitea presoen arima hunkitzeko.
Bestalde, soineko lotsagarriak emango zaizkie presoei, hori bai, zuriak eta tindatu gabeak, eta burua soil-soil utziko zaie. Eta esaten zaien egunetan aldatu beharko dituzte jantziak.
Begirune hauek guztiak, garbitasunaz gain, espetxeen ospe txarra baztertzeko balioko dute. Gainera, garbitasun ezak nagikeria dakar, eta horrek presoen lanetan eragiten du, ondorioz oso garrantzitsua da arau hauek betetzea.
Heziketaren eta igandeen inguruan
aldatuIrakurketa, idazketa eta aritmetika pertsona guztien onurarako dira. Horregatik, betebehar bat da ikasteko beharra duenari heziketa bat eskaintzea, horrela, gizartera itzultzean probetxuzko pertsona izango da. Besteen artean marrazketa, diseinua, musika… eskainiko dira.
Bestalde, igandeetan denbora libre asko dagoenez, heziketa moral eta erlijiosoa eskainiko zaie presoei.
Espetxetik irteten diren presoei helarazi beharreko horniduren inguruan
aldatuEsandako guztia betez, badirudi presoa prest egongo litzatekeela kondena bete ondoren gizartera itzultzeko.
Aukera ezberdinak daude presoa birgizarteratzeko: batetik, armadan sartu daiteke, obeditzera ohituta dago eta; bestetik, nazioaren kolonia batera joan daiteke, bizi berri bat sortu dezan; eta azkenik, beste aukera da, soldatapeko tutore bat egokitzea.
Hala ere, gerta daiteke egoera guzti hauek bete ezin izatea. Kasu horretan, egoitza subsidiario bat gehituko zaio Panoptiko nagusiari, eta preso ohiek, ofizial, langile eta ikuskatzaileek adina eskubide edukiko dituzte.
Kritika eta erabilera metafora gisa
aldatu1965ean, Shirley Robin Letwin historialari kontserbadoreak gizarte-plangintzaren aldeko ikuskera arakatu zuen. Argudiatu zuen Benthamen tramankulu gogokoena, espetxe panoptikoa, hain eraginkortasun izugarriko gailu bat zela, non ez baitzion lekurik uzten gizadiari. Benthami botere neurrigabearen arriskuak ahaztea leporatu zion, eta "erreformarako bere suhartasunean, Benthamek beldurra zuenerako bidea prestatu" zuela argudiatu zuen.
Azken pentsalari libertarioak Benthamen filosofia osoak estatu totalitarioentzako bidea erraztu zuela pentsatzen hasi ziren. 1960ko hamarkadaren amaieran, Gertrude Himmelfarb historialari estatubatuarra, 1965ean The Haunted House of Jeremy Bentham argitaratu zuena, abangoardian egon zen Benthamen zaintza-mekanismoa zapalkuntza eta kontrol sozialerako tresna gisa deskribatzean. David John Manningek The Mind of Jeremy Bentham argitaratu zuen 1986an eta bertan arrazoitu zuen Bentham-ek ezegonkortasunari zion beldurrak gizarte-ingeniaritza gupidagabea eta desbideratuekiko pribatutasunik edo tolerantziarik gabeko gizarte baten alde egitera eraman zuela.
1970eko hamarkadaren erdialdean, Jacques-Alain Miller psikoanalista frantsesak eta Michel Foucaultek filosofo frantsesak panoptikoan jarri zuten arreta. 1975ean, Foucaultek panoptikoa erabili zuen gizarte diziplina modernoaren metafora gisa Surveiller et punir : Naissance de la prison (Diziplina eta zigorra: Kartzelaren jaiotza) lanean. Diziplina-gizartea XVIII.mendean sortu zela eta diziplina giza konplexutasunen antolamendua bermatzeko teknikak direla argudiatu zuen, azken helburua sisteman otzantasuna eta erabilgarritasuna dutela. Foucaultek arkitektura panoptikoarekin lehen aldiz XVIII. mendearen bigarren erdian egin zuen topo medikuntza klinikoaren eta ospitale-arkitekturaren jatorriak aztertu zituenean. Diziplinak erregeen gizarte aurremodernoa ordezkatu zuela esan zuen, eta panoptikoa ez zela eraikin gisa ulertu behar, botere-mekanismo eta teknologia politikoko diagrama gisa baizik.
Foucaultek argudiatu zuen diziplinak jada gainditu zuela teknologia-atalasea XVIII. mendearen amaieran, behatu eta ezagutzak metatzeko eskubidea espetxetik ospitale, eskola eta, ondoren, fabriketara zabaldu zenean. Analisi historikoan, Foucaultek arrazoitu zuen exekuzio publikoen desagerpenarekin zigor gisa mina gradualki ezabatua izan zela arrazoiaren bidez gobernatutako gizarte batean. 1970eko hamarkadako espetxe modernoa, bere teknologia zuzentzailearekin, estatuaren botere juridiko aldakorretan errotu zen. Gorputz-zigorren onarpena gutxitzen zen arren, estatuak zigor metodo sotilagoak administratzeko eskubidea lortu zuen, hala nola behatzea. Henri Lefebvre soziologo frantsesak espetxe panoptikoaren hiri-espazioa eta interpretazio foucaultiarra aztertu zituen, espazialtasuna fenomeno soziala dela ondorioztatuz. Lefebvrek esan zuen arkitektura panoptikoaren, pertsonen eta objektuen arteko harremana baino ez dela. Hiri-azterketetan, Marc Schuilenburg bezalako akademikoek orain argudiatzen dute autokontzientzia desberdina sortzen dela hiri-eremu batean bizi diren gizakien artean.
1984an, Michael Radfordek nazioarteko arreta irabazi zuen Nineteen Eighty-Four filmean eszenaratu zuen panoptiko zinematografikoagatik. Nineteen Eighty-Four (1949) zaintza-narratiba historikoko telepantailetatik George Orwell-ek esan zuen: "Jakina, ez zegoen jakiterik une jakin batean ikuskatua izaten ari ote zinen... bizi egin behar zenuen... egin zenuen soinu bakoitza entzuna izan zelako ustean, eta, iluntasunean izan ezik, mugimendu bakoitza aztertua". Radforden filmean, telepantailak bi norabidekoak ziren, eta gero eta telepantaila gailu gehiago zegoen mundu batean, Ozeaniako herritarrak uste baino gehiago zelatatuak izaten ziren. The Electronic Eye: The Rise of Surveillance Society-n (1994), David Lyon soziologoak ondorioztatu zuen: "Metafora edo eredu indibidual bakar bat ere ez da egokia zaintza garaikiderako funtsezkoa dena laburbiltzeko, baina arrasto garrantzitsuak daude Nineteen Eighty-Four eta Bentham-en panoptikoan".
Gilles Deleuze filosofo frantsesak, 1990eko Postscript on the Societies of Control saiakerarekin, zaintza-azterketen eremu sortu berriari forma eman zion. Deleuzek argudiatu zuen kontrol-gizartea diziplina-gizartea ordezkatzen ari dela. Panoptikoari dagokionez, Deleuzek argudiatu zuen "esparruak moldeak direla... baina kontrolak modulazio bat dira". Honek ikusi zuen teknologiak aukera eman zuela esparru fisikoak, hala nola eskolak, lantegiak, espetxeak eta bulego-eraikinak, autogobernu-makina batek ordezka zitzan. Makina horrek zaintza zabaldu zuen ekoizpena eta kontsumoa administratzeko bilaketa batean. Informazioa kontrol-gizartean dabil, produktuak ekonomia modernoan bezala, eta zaintza-objektu esanguratsuak bilatzen dira etorkizuneko eskarien, beharren eta arriskuen profil prospektiboak eta irudi simulatuak egin ahala.
1997an, Thomas Mathiesenek, era berean, panoptikoaren metaforaren Faucault-en erabilera zabaldu zuen komunikabideek gizartean duten eragina aztertzean. Komunikabide masiboek, hala nola telebista irekiak, pertsona askori beren etxeetatik batzuk ikusteko eta erreportarien eta ospetsuen bizitza ikusteko gaitasuna eman ziotela argudiatu zuen. Horrela, komunikabideek ikusleen gizarte bihurtu dute diziplinaren gizartea. 1998ko The Truman Show zientzia fikziozko film satirikoan, protagonistak ihes egiten dio OmniCam Ecosphereri, berak jakin gabe, bere bizitza eguneko 24 orduetan eta mundu osoan transmititzen duen telebista-reality showari. Baina 2002an Peter Weibelek adierazi zuen entretenimenduaren industriak ez duela panoptikoa mehatxutzat edo zigortzat hartzen, baizik eta "dibertimendu, askapen eta plazertzat". Endemol Entertainment-en Gran Hermano telebista-saioei dagokienez, non pertsona talde bat edukiontzi-estudio batean bizi den eta etengabe grabatzen uzten den, Weibelek argudiatu zuen panoptikoak "boterearen plazerra, sadismoaren plazerra, voyerismoa, exhibizionismoa, eskopofilia eta nartzisismoa" eskaintzen dizkiela masei. 2006an, Shoreditch TV Londresko Shoreditcheko egoiliarrentzat eskuragarri egon zen, zuzeneko CCTVko irudiak ikusi ahal izateko. Zerbitzuak aukera ematen zien egoiliarrei "gertatzen ari zena ikusteko, trafikoa egiaztatzeko eta delinkuentziari adi egoteko".
2004ko Welcome to the Machine: Science, Surveillance, and the Culture of Control liburuan, Derrick Jensenek eta George Draffanek "zaintza modernoaren aitzindarietako bat" deitu zioten Benthami, eta argudiatu zuten bere espetxe panoptiko diseinuak egungo segurtasun gorenerako espetxe modernoentzat eredu gisa balio duela, Kaliforniako Pelican Bay espetxe estatala kasu. 2015eko Dark Matters: on the Surveillance of Blackness liburuan, Simone Brownek adierazi zuen Benthamek esklaboak karga gisa zeramatzan itsasontzi batean bidaiatu zuela panoptiko proposamena idazten zuen bitartean. Berak argudiatzen du ondasun higigarrien esklabutzaren egiturak panoptikoaren teoria bilatzen duela. Proposatzen du Brookes esklabo-ontziaren 1789ko plana aurreproiektu paradigmatikotzat hartu beharko litzatekela. Didier Bigoren Banopticon oinarri hartuta, Brownek argudiatzen du gizartea boterearen apartekotasunak zuzentzen duela, non larrialdi-egoera iraunkor bihurtzen den eta talde batzuk baztertu egiten diren, profilen bidez zehaztutako etorkizuneko portaera potentzialean oinarrituta.
Zaintza teknologikoa
aldatuEspetxe panoptikoaren metafora espazio publikoetan telebista-zirkuitu itxiko kameren (CCTV) zaintzaren esanahi soziala aztertzeko erabili da. 1990ean, Mike Davisek merkataritza-gune baten diseinua eta funtzionamendua berrikusi zituen, bere kontrol-gela zentralizatuarekin, telebista-zirkuitu itxiko kamerekin eta segurtasun-guardiekin, eta ondorioztatu zuen "Jeremy Benthamen XIX. mendeko diseinu ospetsua modu lotsagabean plagiatzen" zuela. 1996an hiri britainiarretako CCTV kameren instalazioei buruz egindako azterlanean, Nicholas Fyfek eta Jon Bannisterrek gobernu zentralaren eta tokiko gobernuaren politikei dei egin zieten, CCTVren zaintza azkar zabaltzea erraztu zutenak, "Panoptiko elektroniko" bat zabalduz. Arreta berezia jarri da CCTVk Benthameko espetxearen diseinuarekin dituen antzekotasunetan, CCTVren teknologiak behaketa-dorre zentral bat ahalbidetu baitzuen, behatzaile ikusezin batek zaindua.
Enplegua eta kudeaketa
aldatuShoshana Zuboffek panoptikoaren metafora erabili zuen 1988ko In the Age of the Smart Machine: The Future of Work and Power liburuan, teknologia informatikoak lana nabariagoa (ikusgarriagoa, ikusgaiagoa) egiten duela azaltzeko. Langileak monitorizatzeko sistema informatikoak nola erabiltzen ziren aztertu zuen Zuboffek, langileen portaera eta errendimendua arakatzeko. "Panoptiko" terminoa erabili zuen, langileak ez zirelako konturatzen zelatatuak izaten ari zirela, eta gerenteak etengabe kontrola zezakeela bere lana. Zuboffek argudiatu zuen hierarkiak osatutako erantzukizun kolektiboa dagoela informazioaren panoptikoan, gerenteek beren langileei buruz dituzten iritzi eta judizio subjektiboak ezabatzen dituena. Langile bakoitzak produkzio-prozesuari egiten dion ekarpena datu objektibo bihurtzen denez, kudeatzaileentzat garrantzitsuagoa da lana aztertu ahal izatea, pertsonak aztertu beharrean.
Foucaulten panoptikoaren metaforaren erabilerak forma eman zion 1970eko hamarkadan lantokiko zaintzari buruzko eztabaidari. 1981ean, Anthony Giddens soziologoak bere eszeptizismoa adierazi zuen abian zegoen zaintzari buruzko eztabaidaren gainean, kritikatuz "Foucaulten 'arkeologiak', non gizakiek ez duten beren historia propioa egiten, ez duela behar bezala onartzen botereari lotutako haiek agente informatuak direla, bizi-baldintzak aktiboki erresistitzen, kamusten edo aldatzen dituztenak. Langileen alienazio soziala eta ekoizpen industrializatuko prozesuko gerentzia luzaroan aztertu eta teorizatu da. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, jokabidearen zientziaren ikuspegi berriak trebetasunen eta kontratazio-prozesuen probak ekarri zituen, eta horiek erakundearekin konprometituta zeuden langileak bilatzen zituzten. Oraindik suposatzen zen fordismoak, taylorismoak eta lantegien kudeaketa burokratikoak gizarte industrial heldua islatzen zutela. Hawthorne Plantaren esperimentuek (1924-1933) eta ondorengo ikerketa enpirikoen kopuru esanguratsu batek alienazioa berrinterpretatzera eraman zuten: langilearen eta gerentziaren arteko botere-harremana izan beharrean, aurrerapenerako eta modernitaterako oztopotzat hartu zen. Zerbitzu-industrietako enpleguaren hazkundea ere berriz ebaluatu da. Panoptiko elektronikoak harrapatuta? Langileen erresistentzia dei-zentroa-n (2000), Phil Taylor eta Peter Bain-ek argudiatu zuten, dei-zentroetan lan egiten duten pertsona askok gaizki ordaindutako eta perspektiba gutxi eskaintzen dituen lan aurreikusgarria eta monotonoa egiten dute. Horregatik, fabrikako lanarekin konpara daiteke.
Panoptikoa enpresa batzuek eraginkortasunaren izenean hartzen dituzten muturreko neurrien sinbolo bihurtu da, baita langileen lapurretatik babesteko ere. Langileek denbora lapurtzea ekoizpen-murrizketa gisa onartu da, eta gerentziak lapurretarekin lotu du lanetik ihes egitea barne hartzen duen portaera oro. Azken hamarkadetan, "Portaera ez-produktiboa" aipatu da zaintza-teknika batzuk txertatzea justifikatzeko eta horiei aurre egiten dieten enplegatuak arbuiatzeko. Max Haiven eta Scott Stonemanen 2009ko artikulu batean, Wal-Mart: The Panopticon of Time izenekoa, eta Simon Head Mindlessen 2014ko liburuan, Why Smarter Machines Are Making Dumber Humans izenekoa, Amazonek Augsburgon duen biltegi bateko baldintzak deskribatzen ditu, eta bezeroaren nahiak une oro asetzeak gero eta inguru korporatibo zapaltzaileagoak eta kuotak ekar ditzakeela argudiatzen du, non biltegiko langile askok ezin dituzten bete gerentziaren eskaerak.
Sare sozialak
aldatuPanoptiko kontzeptua sare sozialen eraginari buruzko lehen eztabaidetan aipatu da. Datuen zaintzaren nozioa Roger Clarke-k sortu zuen 1987an. Harrezkero, ikertzaile akademikoek superpanopticon (Mark Poster 1990), panoptic sort (Oscar H. Gandy Jr. 1993) eta electronic panopticon (David Lyon 1994) kontzeptuak erabili dituzte sare sozialak deskribatzeko. Kontrolatuak erdigunean eta ikusten dutenez inguratuta daudenez, lehen zaintzari buruzko azterketek, sare sozialak alderantzizko panoptiko gisa tratatu zituzten.
Sare sozialei buruzko literatura akademiko modernoan, albo-zaintza, bilaketa soziala eta zaintza soziala bezalako terminoak sare sozialen ondorioak kritikoki ebaluatzeko erabiltzen dira. Hala ere, Christian Fuchs soziologoak sare sozialak panoptiko klasiko gisa tratatzen ditu. Argudiatzen du fokuak ez duela egon behar hedabide baten erabiltzaileen arteko harremanean, baizik eta erabiltzaileen eta hedabidearen arteko harremanean. Beraz, erabiltzaile kopuru handiaren eta Web 2.0 plataforma sozioteknikoaren (Facebook, esaterako) arteko harremana panoptiko baten parekoa dela argudiatu du. Fuchsek esaten du plataforma horien erabilerak plataformak erabiltzaileak identifikatu, sailkatu eta ebaluatu behar dituela, eta, beraz, argudiatu du pribatutasuna birdefinitu behar dela, kontsumitzaileak eta herritarrek babes sendoagoa izan dezaten zaintza korporatiboaren aurrean.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Bentham, Jeremy. (2003). Panoptikoa. Jakin ISBN 84-95234-15-7..
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Panopticon — Jeremy Bentham (online bertsioa)