Paul Cohen
Paul Joseph Cohen (Long Branch, New Jersey, 1934ko apirilaren 2a- Stanford, Kalifornia, 2007ko martxoaren 23a) estatubatuar matematikaria izan zen.
Biografia
aldatuBrooklyn Collegeko ikaslea izan zen 1950etik 1953ra. Titulua Chicagoko Unibertsitatean eskuratu zuen, 1954an. Doktoregoa unibertsitate berean egin zuen, eta tesia, trigonometriari buruzkoa, Antoni Zygmunden zuzendaritzapean idatzi zuen. 1961ean, doktoregoa jaso baino lehen, Rochester-eko Unibertsitateko begirale izendatu zuten urtebeterako. Horrela, 1958-59 ikasturtea Massachusettseko Teknologia Institutuan igaro zuen, eta 1959tik 1961era Princetongo Ikasketa Aurreratuetako Institutuko kide izan zen. Urte horretan Standfordeko Unibertsitatera joan zen, eta han irakasle izan zen 1964tik aurrera. 1966ko Moskuko Nazioarteko Matematikarien Kongresuan, Fields domina jaso zuen multzoen teorian egindako lanari esker. Cohenek, Fields domina ez ezik, beste sari garrantzitsuak ere jaso zituen: Amerikar Matematikarien Elkartearen Bôcher Memorial saria (1964), eta Zientziaren Nazio Domina (1967). Zientzietako Nazio Akademian parte hartzeko ere aukeratu zuten. Multzoen teorian egindako lanaz gainera, Cohenek ekuazio diferentzialak eta analisi harmonikoa ere landu ditu.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/11/20 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.