Pentsamendu ekonomikoaren historia
Pentsamendu ekonomikoaren historiak ekonomia politikoaren garapena aztertzen du, pentsamendu espezifiko honen jatorritik gaur egunera arte, sistema ekonomikoari buruzko hainbat teoria edo ikuspegi aztertuz.
Antzinaroa
aldatuEkomomiaren gaineko lehen pentsamendua lotua zegoen eguneroko bizitzarekin. Ekonomia oraindik ez zen autonomoa, lehenengo eztabaidak lotuago baitzeuden moralarekin teoriarekin baino; aberastasuna sortu eta handiagotzea ez ziren ardatza gogoetetan, batez ere antzinakoen iritziz gizakiak ezin omen zuelako munduaren antolamendua aldatu[1]. Merkataritza, prezioen gorabeherak, dirua, maileguaren interes tasa edo halako merkataritza edo finantza jokabide batzuen gaineko iritzi morala zen funtsezkoena; eta hori guztia bideratuta zegoen batez ere moral zein jokabide arau erabilgarriak formulatzera.
Ekonomiari buruzko kontzeptu zaharrenetakoak agertzen dira, adibidez, Hesiodoren lanetan, Teogonia eta Lanak eta egunak. Teogonian, Pandoraren mitoaren istorioan, Pandoraren kutxatik askatzen diren gaitzen artean eskasia ere badago. Eskasirik gabe ez legoke trukerik eta preziorik ere. Lanak eta egunak idazlanean, nekazaritza enpresa baten kudeaketari erreferentzia eginez, eraginkortasunaren kontzeptua agertzen da.
Xenofontek, Ekonomiko lanean alderdi ekonomikoaren garrantzia azpimarratzen du, ez bakarrik familiaren kudeaketari dagokionez (hitzaren etimologia greziar zehatzean, alegia), baizik eta kontzeptu hori armada eta estatua bezalako entitate kolektiboetara zabalduz. Grezieraz, οἴκος - Oikos ( "etxe", baita "familia jabetza" gisa ekarri). eta nomos - νόμος (arau, legea) dira ekonomia hitzaren jartorria[2].
Nekazaritzako lan banaketa antolatuak lurraren produktibitatea areagotzea ekarri zuela ere ulertu zuen Xemofontek.
Aristotelesek truke edo merkataritza "naturala" eta "ez naturala" banatu zituen, non lehena gizakiaren behar primarioen asetzeari zegokion, eta, beraz, fisikoki mugatua zen; baina bigarrenak, berriz, finantza-funtzioa zuen eta, beraz, potentzialki izaera mugagabea zuen. Aristotelesek epai etiko bat ere eman zuen zuen, merkataritza eta diruaren erabilera bidezkotzat jotzekotan, bakarrik oinarrizko beharrak asetzeko esparru "naturala" onetsiz[3].
Erdi aroa
aldatuAristotelesen gogoetak eskolastikaren tradizioak beretzat hartu zituen, batez ere Tomas Akinokoarekin ( 1225 - 1274 ). Erdi Aroan, beraz, eztabaida teologikoa nagusitu zen lukurreria (maileguak interesetan) eta saltzailearentzako sari justua bezalako gaietan. Geroago ( XVI. mendea ) Tomas Akinokoaren irakaspenak Salamancako eskolak hartu eta garatu zituen[4].
Erdi Aroan, arabiarrek ere ekonomiaz jardun zuten. Hain zuzen ere, Tunisko Ibn Khaldunek ( 1332 - 1406 ) teoria politiko eta ekonomikoari buruz idatzi zuen bere Prolegomena lanean. Testu horretan biztanleriaren dentsitatea lanaren banaketarekin lotu zien, eta horrek hazkunde ekonomikoa eragiten zuen biztanleriaren hazkundearekin zirkulu birtutetsu bat sortuz. Khaldun-ek asmatu zuen baita ere egun Laffer-Khaldun kurba izenez ezagutzen den kontzeptua: hau da, zerga-sarrerak zerga-tasekin lotzen dituen alderantzizko u itxurako funtzioa[5].
Aro modernoaren hastapenak
aldatuKapitalismoaren lehen zantzuak hastearekin batera, behar besteko baldintzak egongo dira zientzia hausnarketa egin ahal izateko ekonomiaren berezko funtzionamendu legeen gainean. Kontestu horretan protestantismoak merkataritza askearen lehen formulazio batekin lagundu zuen, geroago Hugo Grotiusek ( 1583 - 1645 ) termino normatiboetan formulatua[6].
Faktore historikoak funtsezkoak izan ziren gainera burgesia klase sozial moduan jaiotzea, denboraren joanean nagusi bilakatuko dena; haren jarduera kapitala metatzean eta balioztatzean oinarrituko da. Estatu modernoak sortzen joan zirenez, eta hauen helburuetrako bat botere ekonomikoa handitzea izanik, horrek ere lagundu zuen ekonomia jardueraren logika eta aberastasuna sortu eta bereganatzeko modalitateak gogoeta gisa erabiltzera, eta XVII. mendetik aurrera ekonomia ikerketak ugaritu egin ziren.
XVII. eta XVIII. mendeak
aldatuMerkantilismoa
aldatuEskola bereziki interesgarria da merkantilismoarena, ekonomiaren teoria espezifikoa formulatzeko lehenengo saioa izan zelako. Ordu arte, ekonomiak etxeko gestioa baino ez zuen kontuan izaten, baina hortik aurrera gizarte osoari heldu zion.
Garai hartan diruaren zirkulazioa ia metal preziatuetara mugatzen zen eta herri batzuek, Ingalaterra barne, urre edo zilar mea ustiagarririk ez zeukatenez gero, beste herrietatik lortu behar izaten zuten. Helburu merkantilistak lortzeko, estatuak eskuhartze handia izan behar zuen ekonomia jardueran, bai industria nazionala sustatuz, bai nazioarteko merkataritza arautuz, inportazio gastuak gutxitu beharra baitzegoen (hainbat salgairen inportazioari muga arantzel handiak ezarriz, ahalik eta gehien mugatzearren), eta horretarako enpresa nazionalak sustatu eta babestu ez ezik, esportazioak ere bultzatu behar izan zituzten (ekoizkin nazionalak atzerrira ateratzeko dirulaguntzak emanda).Inportatzen zena baino gehiago esportatuz soberakina lortzea zen helburua, hau da, merkataritza balantzan superabita lortzea urrea erakartzeko modu bat zen eta, ondorioz, herria aberasteko.
Eskola merkantilista nazionalak
aldatuMerkantilismoa politika ekonomiko nagusia izan zen Europan bi mendetan baino gehiagotan, eta estatuz estatuko eskola sorta bat sortu zuen, denek ideia bateratu bat zutela, alegia, zenbat eta urre eta metal preziatu gehiago lortu, orduan eta aberatsagoa herria.
Merkantilismo ingeles edo holandarra izan zen merkantilistena, analisi onduen eta garbienak egin zituena. William Petty, Thomas Mun eta Josiah Child izan zituen ordezkari nagusiak.
Merkantilismo espainiarra izan zen agertzen lehena eta protekzionismorantz jo zuena, urrea atzerrira eraman ez zezaten. Korronte honetako pentsalariak izan ziren Luis Ortiz, Juan de Mariana eta Damián de Olivares.
Merkantilismo frantziarrak industrializazio publikoa iragarri zuen nolabait, eta bere ordezkaritzat jo daitezke Jean-Baptiste Colbert (nahiz eta bere ikuskera partikularrari colbertismo ere esaten zaion), Antoine de Montchrestien eta Jean Bodin.
Fisiokrazia
aldatuFisiokraziaren eskolak Frantziako erresuman baino ez zuen eraginik izango eta hamarraldi batzuetan besterik ez, eta hala ere oso interesgarria da ekonomia ideiak nola aurreratu ziren aztertzeko. Eskola horrek, izadi jakintzen analogiaz baliatuta, ekonomia jarduera gobernatzeko legeak aurkitzea zuen helburu nagusia, eta, gainera, lege horiek mundu zabalean baliagarri izatea.
Fisiokratek aurpegi eman zioten Frantziako agintean Colbert-ek bultzaturiko politika merkantilistari, frantziar industria bultzatu baitzuen nekazaritzaren kaltean, sektore honek jasan behar izan zituelako zerga zamarik handienak, ia bertan behera lagata egoteaz gainera. Fisiokratek naturara itzuli beharra aldarrikatu zuten, eta nekazaritzari zeregin erabakigarria aitortzen zioten; hala, nekazaritza erreforma egin beharra azaltzen zuten, Erdi Aroko nekazaritzaren hondar guztiak kentzearren.
Korronte honetako erdigunea François Quesnay-k (Luis XV.aren gorteko medikua) idatziriko lan bakarra da, Tableau Economique, non konparatzen baititu giza gorputzaren funtzionamendua eta gizarte jardueraren antolamendua. Haren koadroa makroekonomia ereduaren lehenengo adierazpentzat jo daiteke, Quesnayren iritziz, ekonomia jarduera sistema da, diru fluxuzko zirkuitua, ekonomia sektoreen elkarrekiko mendekotasunaren adierazgarria.
Pentsamolde honen iritziz, nekazaritza da ekonomiaren sektore sortzaile bakarra, alegia, besteen euskarri den soberakinaren sortzaile bakarra eta, ideia hori abiapuntutzat hartuta azalduko dute aberastasunak nola zirkulatzen duen garai hartako gizartea osatzen zuten klaseen artean, nekazariak (balio iturriarekin zuzenean lan egiten dutenak) ez ezik, eskulangileak (klase elkorra, beren ustez, lehendik naturan ziren gauzak eraldatu besterik egiten ez dutelako) eta lurren jabeak (sortutako soberakinetik bizi dira) ere bereizten baitituzte.
Gainera, ordena naturalean oinarritutako sistema ekonomiko baten funtzionamendua azaltzeko arrazoibide deduktiboa baliagarria zela frogatzen aitzindari izan ziren fisiokratak.
Horrela ikusita, ekonomilariaren zeregina natura ordena hori aurkitzea izango da, gobernariarena, aldiz, inongo mugarik gabe jarduten uztea izango da, Estatuaren berariazko eskuhartze guztiek nahastu egingo baitute natura ordena hori. Hara hor, beraz, “laissez-faire, laissez-passez” esamoldearen zergatikoa, ekoiztu eta saltzeko askatasuna aldarrikatzen duena korporazio, aduana eta abarrak antolatzeko arauen gainetik.
Eskola klasikoa, kapitalismoaren formulazio teorikoa
aldatuXVIII. mendetik aurrea hainbat gauza aldatuko dira, Europako biztanleria gehituko da eta, ondorioz, baita oinarrizko ondasunen eskaria ere; nekazaritza feudalak ezin dio eskari berriari erantzun, manufakturak antolatzen ahaleginduko dira, eskari handiago hori ase nahian. Eskulangintzatik handizka manufakturatzera igarotzeko garaia da, hau da, industriaren jaiotza, kapitalismoaren hastapenak. Geroago, lurrun makina erabiltzeak ekonomia jarduera aldatuko du: industria aroa hasiko da.
Testuinguru horretan, XVIII. eta XIX. mendeetan, Ingalaterran eta Frantzian, egileek eskola klasikoa deitu izan dutena osatu zen. Ekonomilari klasikoak eraldatuz doan ekonomia baten lekuko dira, jarduera berriak abiarazteak lekarkeen aberastasunaz liluraturik daude eta haiexek izango dira kapitalismo jaioberriaren defendatzailerik sutsuenak. Ekonomia hazkundeak luzaro iraunarazteko prozesuarekiko interesa izango da eskola klasiko horretako kideak batzen dituen lokarria.
Kezka nagusitzat erabiliko dituzte ekonomia hazkundeak epe luzera izan ditzakeen arazo eta ahalbideak, baita trukeak eskuhartze exogenorik gabe denok onura eskuratzeko moduan gauza daitezkeelako ustea ere.
Egile klasikoek onartzen dute gizartean klaseak izatea eta, hori dela bitarte, errentak eta aberastasuna banatzeko modua zen haien arazorik funtsezkoena eta ekonomilarien zeregina, berriz, hori gauzatzeko legeak aurkitzea.
Klasikoek merkatu librearen bertuteak aldarrikatu zituzten, baina oso oinarri desberdinak erabilita geroko ekonomilari belaunaldiek baliaturikoen aldean: klasikoen iritziz merkatu araugabeak garrantzi handiagoa izango du hazkunde mekanismo gisa ekonomia baliabideen banaketa hobetzeko jardunbide moduan baino.
Eskola horretako kide guztien ezaugarri hauek azpimarra ditzakegu, elkarren artean desberdintasun nabarmenak izan arren:
- Liberalismoan oinarrituriko ekonomia antolamendua. Gizabanakoa dago analisiaren ardatzean eta gizarte osoaren interes orokorra lortzeko modurik bikainena nork bere interesen alde egitea da. Estatuak norbanakoaren askatasuna errespetarazteko arauak eman besterik ez du egin behar.
- Gizarte harremanen analisi makroekonomikoa .Klasikoek ekonomia kapitalistaren analisia egingo dute, hiru gizarte hartuta klase oinarritzat: lurjabeak, kapitalistak eta soldatapeko langileak. Eredu klasikoaren zutabea batez ere lurjabeen eta kapitalisten arteko kontrakotasuna da.
Teoria klasikoak funtsezko eginkizun ideologikoa izango du, klase menderatzaileen interesak arrazoitzen ahalegintzen baita, bereziki burgesia jaioberriarenak.
Adam Smith (1723-1790)
aldatuAdam Smithek 1759an argitaratuko du lehenengo lana, Sentimendu moralen teoria, eta liburu horretan saiatuko da gizarte ordena naturalaren izaera formulatzen, egilearen aburuz gizakiak boterea eta aberastasuna miresteko joera izatea delako gizarte ordenaren funtsa. Glasgoweko familia xume batean jaio zen Smith eta teologia ikasten hasi zen, baina berehala utzi zuen bide hori ekonomiari heltzeko.
Adam Smith-engandik aurrera pentsamendu klasikoak salbuespenik gabe aldarrikatuko du aberastasuna dela gizartearen eragilea; banako bakoitzak bere fortuna bilatu behar duela gainerako gizakien ardura izan barik.
1776ean plazaraturiko Nazioen aberastasunaren jatorriaren eta zergatien gainean ikerketa lanean agertuko da Adam Smith-en analisiaren muina. Autua izango da aberastasunaren jatorria ezagutzea eta horretarako ekonomia hazkundearen teoria bat osatuko du, nazioen aberastasunaren hazkundea epe luzera gobernatzen duten indarren berri izateko asmoz. Adam Smith-en iritziz lana aberastasunaren, balioaren oinarria da; baina harantzago ere jo zuen analisian: aberastasuna giza lanaren emaitza da eta, gainera, badago egon lan antolamenduaren, lan banaketaren mendean ere. Smith-ek aipaturiko adibiderik ospetsuena orratzen manufakturarena da; langile batek bakarka lan eginda orratz banaka batzuk baino ez ditu egingo lanaldian, baina langile batzuek manufakturan lan eginda askoz ere produktibitate handiagoa erdietsiko dute: “Langile batek alanbrea tenkatuko du, beste batek itxuratuko, hirugarrenak moztuko, laugarren batek zorroztuko, bosgarrenak burua erantsiko eta abar”. Horrela hamar langilek 48.000 orratz ekoitz ditzakete egunean.
Azken buruan, kapitalak produktibitatea gehitu dezake zereginak banatuta, zeren eta, Smith-ek azaltzen duenez, zereginak banatuta langileen trebetasuna eta espezializazioa areagotu ez ezik, denbora ere aurrezten baita, zereginetik zereginera igarotzerakoan izaten diren une hilak desagertzen direlako, eta, azkenik, horrelako antolamendu batek langileen sormena ere handitzen duelako.
Zereginak banatuz gero, dio Smithek, mundua bera bihurtuko da lantegi handi bat non bakoitzak bere espezializazioa eta ardurak izango baititu. Ondorioz, ohiko merkatuak hedatuko dira, horrelako manufaktura batek merkatu jakin baten beharrak erraz gainditzen ditu-eta; horiek horrela lanaren antolamenduaz harantzago marrazten hasten da lana nazioartean bertan banatzeko beharra. Balioaren jatorria lan antolatua dela finkatu ondoren, ekonomia balioa nola zehazten den aztertuko du Simth-ek. Kontzeptuaren balioa berez da bikoitza: badira erabilera balioa eta truke balioa. Erabilera balioak gauzaren baliagarritasuna neurtzen du, eta truke balioak, berriz, ondasun jakin baten trukean zer lor daitekeen. Noiz edo noiz distortsio handia izan daiteke bi balioen artean; urak erabilera balio handia du baina truke balio txikia, eta diamanteak, aldiz, truke balio handia izan arren, ia ez du erabilera baliorik.
Smith, ekonomilaria den aldetik, truke balioaz interesatuko da, ondasunen prezioa zehaztuko duen baloreaz, salgaien lan kantitatea delako trukea finkatzeko arau bakarra, lana delako bi gauza desberdinen arteko izendatzaile komuna. Balioaren kontzeptu horrek barneratzen ditu errentaren banaketa hastapen arautzaile nagusiak: balio lanaren teoriak azalduko digu zein den ondasunen balio naturala, hau da, ekoizpenean esku hartzen duten eragileak ordaintzeko behar den hura: lana, kapitala eta lurra. Eta kontestu honetan:
- Lansaria da lanaren ordaina, langileak biziraupena ziurtatzeko behar duen maila.
- Etekina da kapitalaren ordaina, lanak sortutako balioari egindako "deskontua".
- Errenta da lurjabearen ordaina, baimena ematen baitu lurra lantzeko eta, aldi berean, lanak sortutako balioari eginiko deskontua da.
Malthus (1776-1834)
aldatuEgun Thomas Robert Malthus-en izena estuki datxekio malthusianismo deritzon kontzeptuari, hau da, ekonomia zein demografia hazkundeekiko mesfidantza halako bati, oso ondorio txarrak izan ditzakete eta. Pesimismoa guztiz gailentzen zaio bere arrazoiketa osoari, Adam Smith-ek ez bezala, ezein ekonomia aldaketaren osagai negatiboa aztertzen baitu. Malthusen lanik ezagunena Biztanleriaren hastapenaren gaineko saioa da eta 1798an argitaratu zen lehenengo aldiz. Liburuaren gaia garai hartako eztabaida guztietako muina zen; liburua kaleratu aurretik Ingalaterran berrantolatu berri zuten behartsuei laguntzeko legeria, familia ugariei sariak eta pizgarriak emateko, haiexek aberasten baitzuten herria semealabak mundura ekarrita; gainera garai bertsuan lehenengo biztanle errolda argitaratu zuten eta horretan egiazta zitekeenez, biztanleria nabarmen hazia zen XVIII.. endearen azken aldean (iritzi zabalduenak esan arren populazioa astiro gehitzen zela).
Malthus-ek azalduriko oinarrizko argudioaren arabera, biztanleria progresio geometrikoan hazten den bitartean, janari ekoizpena progresio aritmetikoan baino ez da gehitzen. Biztanleria gehitu ahala, lur berriak landu behako dira eta horiek gero eta elkorragoak izango dira, lurrak gero eta etekin txikiagoa ematen duela dioen legearen arabera.
Biztanleriaren eta ekoizpenaren hazkundeen erritmoen arteko aldeak pesimismo sakona sortuko dio Malthus-i; ez zuen inoiz pentsatu nolako aukerak eskain zitzakeen nazioarteko merkataritzak, ezta teknika aurreramenduak nolatan alda zezakeen janarien eskaintza.
Hori dela eta mekanismo arautzaile batzuk ezartzearen aldeko jarrera hartu zuen, hala nola jaiotzak borondatez mugatzea edo gizarte desberdintasunek beren hartan iraunaraztea.
Miseria populazioa arautzeko osagai onargarria da, ez dago zertan behartsuei lagundu, laguntzak gehiago ugaltzera adoretzen dituelako, eta azkenik miseria handituko baita biztanle guztientzat.
Jarrera hori ulertzeko beharrezkoa da garai hartako egoera gogora ekartzea, burgesia sistema kapitalista berria eraikitzen ari da eta aristokraziaren boterea aldarrikatzen du. Horretarako, aberastea eta klase nagusia izatea galarazten dizkion oztopo guztiak erauzi beharko ditu. Nekazaritzako eta industriako jarduera berriak eta nazio barneko zein nazioarteko merkataritza aberastasun iturburu berriak izango dira; behartsuak bigarren izango dira kezken artean, zeharrez baino ez dutelako metatzen lagunduko.
David Ricardo (1772-1823)
aldatuBankari baten seme zen David Rivardo, eta ekonomiarako dohainak eta sena erakutsi zuen, baita negozio pertsonaletarakoak ere, ez oso gauza arrunta ekonomilarieen artean. 1817. urtean argitaratu zuen Ekonomia politikorako eta zerga sistemarako oinarriak lanak ekonomia ideien bilakaera baldintzatuko du, zenbateraino eta egun ere Ricardo-ren pentsamenduz beterik egoteraino. Ricardorengan Smith-en eta Malthus-en arrazoiketa ia osoa aurkitzen dugu, ordenamendu liberalaren eta jabetza pribatuaren justifikazioa, hain zuzen ere; nahiz eta teorietan aurrekoak baino urrunago doan eta ekonomia teoria, baita ekonomia marxista bera ere, zordun den harekiko.
Adam Smith-en lana ekoizpenetik eta lan banaketatik hasten bazen ere, Ricardo-k bereari eutsiko dio salgaien balioez gogoeta eginda. Smith-en antzera, bi ondasun desberdinen balioa neurtzeko izendatzaile komunaren bila abiatuko da eta, aurrekoak legez, lana bera dela esango du.
Ricardo-ren ustetan, salgaiaren balioa adieraz daiteke hori ekoizten erabilitako lan faktorearen unitateen bitartez (zuzenean zein zeharka ezarrita, makinetan erabilitakoa gehituta). Gero, Ricardo-k bere buruari galdetuko dio ea zein den lurjabearen errentaren izaera (kontuan izanik rent hitz ingelesak alokairua ere esan nahi duela). Errenta izango da maizterrak ugazabari lurra lantzearen truke ordainduriko saria. Ricardoren errentaren teoriak esango digu ekonomia itxi batean kapitalaren ezein hedakuntzak hondar lurren lanaren produktibitatea murriztea ekarriko duela eta, lansaria aldatzen ez denez gero, murrizte horrek etekin tasa orokorra murriztuko duela, lurjabearen errenta gehituko den bitartean. Azal dezagun mekanismoa: halako populazio batek lurrik onenak lantzen hasiko da; biztanleria gehitu ahala, sailak luberritu beharko dira eta kalitate txikiagoko lurrak landu, etekin txikiagoa lortzeko; ekoizkinen prezioa aldatuko da etekinak gero eta txikiagoak direlako, prezioak finkatu beharko dira-eta, hain errentagarri ez den ustiapenaren kostuak berdintzeko lain. Sistema horrek aukera emango die lurrik onenen jabeei errenta bat eskuratzeko, hau da, lurrik txarrenaren ustiapen kostuaren (kostua produktuaren beraren prezioa da eta errenta, hutsaren hurrengoa) eta lurrik emankorrenaren kostuaren arteko aldea.
Ricardo-k azalduriko errentaren oinarria lur guztien emankortasuna berdina ez izatean datza. Lurrik txarrenak landu behar direnean, lurrok ekoizpen kostu handiagoa izango dute, eta ondorioz emaitzei merkatu prezio handiagoa ezarri beharko diete, ekoizpen kostuaren baliokidea. Prezioak lurrik txarrenen kostuaren arabera doitu behar izateak berez dakarkie errenta lurrik onenen jabeei, eta errenta hori lurjabeok eskuratuko dute. Ricardo-ren aburuz, “produktu naturalen balio konparatiboa gehituko du azken lurretan eginiko lan soberakinak eta ez jabeari ordaindu beharreko errentak”.
Errentaren teoriak erakutsitakoaren arabera, errentak eta nekazaritza produktuak batera gehitzen badira, erabat aldatuko da gizarte produktuaren banaketa: lurjabeen errentak gehitzen badira, janari ondasunen prezioaren mendeko lansariak ere handituko dira. Horrelako baldintzetan etekinak murriztuko dira eta kapital metaketa motelduko da, eta azkenik egoera egonkorra sortuko da, hau da, biztanleriak eta ekoizpenak beren hartan geratuko dira.
Aurrerapen teknikoak eta, batez ere, nazioarteko merkataritzak, atzerriko produktu merkeagoak mugarik gabe inportaturik, prezioen goranzko joera oreka dezakete.
Ricardo, hain zuzen ere, merkataritza librearen aldekoa da (mugak irekitzea, arantzel eskubideak iraungitzea) eta industriaren eta merkatari burgesen interesak aldezten ditu. Portugaleko ardoak eta Ingalaterrako oihalak adibidetzat hartuta, kanpo merkataritzaren Abantaila Konparatiboen Teoria prestatu zuen eta horren bitartez demostratu nahi izan zuen herri guztiek etekina eskura dezaketela merkataritzatik kostu erlatibo txikiak dauzkaten ondasunak esportatuz eta gero eta nazio kostu erlatiborik handienak dauzkaten ondasunak inportatuta. Horrela bi nazioekjasoko dituzte nazioarteko merkataritzaren abantailak.
Garai hartako eztabaidagai gehienetan, Ricardo-k pentsamolde klasikoaren joera nagusia onartu eta hedatu zuen; oro har gobernuak ekonomia jardueran esku hartzearen aurka agertu zen eta gogoz bultzatu zituen merkatu beregainaren bertuteak.
Jean-Baptiste Say (1767-1832)
aldatuJean-Baptiste Say-k ezagutu zuen Frantziako egoera ekonomikoa ingelesaren oso bestelakoa zen; industrializazioa berriagoa zen eta ez halako basatia, demografia presioa ere txikiagoa. Ekonomia Politikaren Tratatua argitaratu zuen 1803. urtean eta liburuan Smith-en ekonomia liberalismoa eta iraultza frantziarraren ideia politiko eta filosofikoak, industria, jabetza pribatua eta lehia librea, bizi-bizi defendatu zituen.
J. B. Say-ren ekarririk garrantzizkoena merkatuen legea deritzona da eta ekonomia orekaren ideia azaltzen du. Lege horrek bi proposamen dakartza:
- Produktuak beste produktu batzuez trukatu behar dira, dirua trukerako baliabidea delako eta ez balio erreserba.
- Ondasun eskaintzak berak sortzen du eskaria, ekoizpen kostu bakoitza inoren irabazia delako.
Bere teorian hasikin moduan aurkituko dugu neoklasikoek landutako eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka mekanismo automatikoaren teoria.
Marxismoa
aldatuKlasikoek kapitalismoaren jaiotza aurrerapenaren eta askatasunaren sinonimo gisa ezagutu bazuten ere, Karl Marx (1818- 1883) kapitalismoaren hedatze arinak sorturiko tentsioen lekuko izango da; haren aurkako jarrera hartuko du jabetza pribatua, indibidualismoa eta ekonomia liberalismoak direla eta, baita borrokatu ere lan esplotazioaren aurka eta ekonomia eredu zuzenagoaren alde.
Marxismoa ezin jo dezakegu ekonomia teoriatzat, gizartearen funtzionamenduaren gaineko kontzepzio globaltzat baino, eta hori dela bitarte ez ditu ekonomia gertaerak gizarte bizitzako gainontzeko osagaietatik bereiziko.
Ekonomiaren funtzionamendua arautzeko legeak aurkitzen eta ulertzen saiatzen ziren pentsalari klasikoek ez bezala, Marxek bere lanak joko ditu errealitatea aldatzeko lanabestzat. Tartean, Ekonomia politikoaren kritika eta lau liburuk osaturiko Kapitala maisulana kaleratu zituen, nahiz eta Marx bizi zela lehenengoak baino ez zuen argia ikusi, 1867an. Helburu izango du mendebaldeko gizarteen bilakaera eta, bereziki, estadio kapitalistarena aztertzea.
Horretarako Marxek zientzia metodo berria erabiliko du, dialektika eta materialismo historikoa oinarri harturik.
Dialektika eta materialismo historikoa
aldatuMetodo dialektikoa, Historiaren bilakaera ez delako ez etengabea ezta progresiboa ere, kideen arteko borrokek eta kontrakotasunek sorturiko aldaketen ondorioa baizik; gizataldeen borroka etengabea ere dialektikoa delako eta oposizio hori agertzen delako balioa sortzeko prozesuan bertan. Horrela aurkezten digu Marxek lanaren balioaren teoria.
Materialismo historikoa, lana baldintza sozial eta historiko jakinetan egiten delako eta, bereziki, ekoizpenaren antolamendu kapitalistak gizarte klase bati (kapitalista) uzten diolako beste gizarte klase batek (proletarioa) sorturiko balioaren zati bat.
Gainera, Marx-ek bere metodoa barneratuko du analisi marko dinamiko batean eta horren bitartez aztertuko du ekonomia sistema jakin bateko (kapitalismoa) bi klaseen arteko oposizioa (dialektikoa), sistema hori gaindituta, beste estadio bat lortu ahal izateko, alegia, sozialismoa; modu bertsuan gertatu baitzen klase oposizioa feudalismoan eta ondorioz sistema berria jaio, kapitalismoa.
Balioa eta lana
aldatuBalioaren teoria lantzeko, Marx lanaren kontzeptutik abiatu zen, bere iritziz horixe da-eta oinarrizko errealitate ekonomikoa.
Lana da gizakiak natura eraldatze ko eta beharrizanak asebetetzeko egindako jarduera; baina lana ezin har daiteke isolatu gisa, prozesu baten barnean baizik, lanaren prozesuan, hiru osagairen batzetik baitator:
- Lan indarra: gizakiak natura eraldatzeko dituen buru eta gorputz ahalmenak.
- Langaia: lan indarrak eragiten duen objektua (lehengaiak).
- Lan bitartekoak: lanaren helburua eraldatzeko tresnak (erremintak, lanabesak, makinak...).
Lanaren prozesua osatzen duten hiru elementuetatik, lan indarra baizik ez da ekoizlea, lan indarra da ordainez hartzen duen balioa baino balio handiagoa sor dezakeen bakarra, eta horrexegatik, hain zuzen, lanaren indarra da plusbalioaren sorburua.
Balioaren arazoari heldu aurretik ordea, salgaiaren kontzeptua aztertzen du Marxek, eta merkatuan dauden salgai guztien artean oso salgai berezia izango da lan indarra, horretantxe baitago balioaren sorburua.
Lan indarra salgai gisa hartu ahal izateko, bi baldintza behar ditu bete:
- Lan eskuak libre izan behar du, eskubide izan behar du bere lan indarra nahierara erabili ahal izateko; horregatik, hain zuzen, kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira jopuak eta esklaboak.
- Lan eskuak ezin du izan ez ekoizpen mediorik ez bizirik irauteko baliabiderik, eta bere lan indarra saltzera beharturik egon behar du; horrenbestez, kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira eskulangileak, nekazariak eta kapitalistak. Kapitalistak lan indarraren merkantzia erosterakoan balio osokoa ordaindu behar du eta beste ezein merkantziaren balioztaarau berberez kalkulatzen da. Lan indarraren balioa ugaltzeko behar den lan kantitatea da, hau da, lan indarra mantendu eta berritzeko behar diren merkantzia guztien balioa. Jakina, merkantzia beharrezkotzat jotzen dira bizirauten eta ugaltzen (lan indarraren balioaren osagai fisikoa) laguntzen dutenak ez ezik, lan indarraren kokalekuko den gizarte eta kultura baldintzetatik (lan indarraren osagai soziala edo historikoa) sorturiko merkantziak ere.
Marx-en balioaren teoriaren bitartez esatea daukagu salgai hori ekoizteko beharrezko den lan bizia eta lan hila gehituta osatzen dela merkantziaren balioa.
Lan hilak osagai ditu kapital aldaezina eta ekoizpen prozesuko bitartekoen eta objektuen balioa, eta ekoizterakoan salgaiei, merkantziei balioa eransten diete.
Lan biziak osagaitzat ditu lan indarrak eginiko lan beharrezkoa eta lan soberakina.
Plusbalioaren kontzeptua
aldatuBestalde, lan beharrezkoa kapital aldakorra izango da, ekoizteko erabilitako lan indarraren balioa, ekoiztu bitartean merkantziari balioa eransten baitio. Lan soberakina plusbalioa da, lan indarraren balioa gainditzen duen lanaldiko zatia, eta horixe izaten da ekoizpen bideen jabeek hartzen dutena.
Kapitalistak plusbalioaz jabetzeari esplotazio harremana esaten zaio. Merkantzia balioztatzeko formula teoria ekonomiko marxistaren bizkar-hezur analitikoa da; merkantziaren balioa analizatzeaz gainera, enpresa, enpresa talde edo ekonomia osoaren ekoizpena hartu eta irudika dezake halaber.
Marx-en iritziz kapitalaren zikloa –kapitalaren mugimendua ere esaten zaio– ez da diru kapitala edo ekoizpen kapitala soilik, ikuspegi zabalagoz aztertu behar da, halako egitura sozial eta historiko jakin batekin erlazionaturiko kapital sozial gisa.
Sorturiko ekoizpen bitartekoen kopurua ezkapital bihurturiko ekoizpen bitartekoak ere izango dira kapitala.
Kapitalista diru kapitalaren jabea da eta diruzko kapitalaz ekoizpen kapitala sortzen du, alegia, ekoizpen bitartekoak (makinak), kapital konstante deritzona (K), eta lansariak, kapital aldakorra (A) izenekoa. Kapital konstantea eta kapital aldakorra elkartuta merkantziak lor daitezke; M ekoizpen kapitalaz M’ merkantzia lortzen da (merkantzia kapitala). Merkantzia horrek D’ diru balioa dauka, hasierako D diru balioa baino handiagoa.
Ekoizpen prozesu horren baitan sortzen da plusbalioa, hau da, Dtik D’rako tartea azaltzen duen balio sorrera (D’ – D = Plusbalioa).
Hasieran kapitala ekoizpen kapital bihurtzen da (banaketaren esfera), gero merkantzia kapitala (banaketaren esfera) eta, azkenik, trukatu egiten da diru kapital berria eskuratuta (banaketaren esfera). Mugimendu horren erdian ekoizpen prozesu bat dago, ezaugarri duena kapital aldakorra eta kapital konstantea (makinak, bitarteko ondasunak, lehengaiak) konbinatzea. Ekoizpen prozesuaren ezaugarri izango da kapital konstantearen eta kapital aldakorraren (K/A) erlazioa, alegia, kapitalaren konposizio organikoa.
Gainera plusbalioa izango da lan indarrak sorturiko balioaren eta indar hori kostatu denaren arteko aldea. Horrela adierazita, plusbalioa izango da lan soberakinaren diruzko adierazpena: ekoizpen harremanek plusbalioa sortzen uzten dute, baita kapitalistei horretaz jabetzen ere, hau da, kapitalari lana esplotatzen.
Langileen esplotazioa plusbalio tasa dela bitarte (Pl/A) neurtuko da; sorturiko lan soberakinaren eta lan beharrezkoaren arteko erlazioa da, edo, bestela esanda, lan ordaindutik lan ordaindu gaberako aldea.
Plusbalioa sortu eta bereganatzea da ekoizpen modu kapitalistaren erdigunea eta klase terminoen bitartezko analisiarena, plusbalioa prozesu baten emaitza da-eta, non batzuek lan indarra saltzen duten eta besteek indar hori merkantzia bihurtzen.
Marx-en iritziz, kapitalaren erreprodukzio eredu sinplean kapitalistek plusbalio osoa kontsumitzen dute ekoizpen gastuak (K, A) berdindu ondoren, beraz, hasierako kapitalaren antzera berreraikitzen da.
Baina plusbalioaren zati handi bat prozesuan berrinbertitzen bada, orduan metaketaz edo kapitalaren erreprodukzio hedatuaz hitz egingo dugu.
Elkarren osteko etapa horiek biak, erreprodukzio sinplea eta erreprodukzio hedatua, bitarte direla, Marx-ek ageri-agerian jarri zuen kapitalismoaren izaera dinamikoa (kapitalaren erreprodukzio hedatua gidari).
Pentsamendu ekonomiko neoklasikoa
aldatuMarxismoaren ondoren garatutako pentsamendu eskola berri honetako kideek nabarmen jasoko dute ekonomilari klasikoen eragina, aurrerapenaren izenean su eta gar defendatuko dituztelako jabetza pribatua eta indibidualismo liberala, nahiz eta, besteek ez bezala, balioaren teoria berri bat plazaratuko duten ondasunen baliagarritasuna oinarri hartuta.
Gainera, analisiaren muinak merkaturantz joko du, ekonomia baliabideak izendatzen dituen tresna den aldetik. Neoklasikoek analisiak beste modu batera bideratzearen zergatikoa beren garaiko gizartean izandako aldaketetan datza; mendebaldeko ekonomiak inoiz ez bezala hazi ziren, klasikoek edo Marx-ek iragarritako oztoporik gabe; antza denez, aurrerapenak tentsioak larriagotu beharrean, konpondu egiten baititu.
Horren guztiaren ondorioz, arrazoiketa neoklasikoa mikroekonomia analisira bideratuko da, hau da, unitate erabakitzaileen (familiak, enpresak) ekonomia jokaera aztertzera eta ekonomia agenteen aukerak prozesu antolatu nola bihurtzen diren ikertzera.
Horiek horrela, merkatu sistema integrazio tresna izango da batez ere, eta gizarteari onurarik handiena emateko moduan izendatuko ditu baliabideak. Merkatu prezioen analisia izango da lehen ardura, eta atzerago gelditzen da klasikoen eta marxisten interesa pizten zuten makroekonomia eremuko gai batzuk.
Ekonomia neoklasikoaren muina Lionel Robbins-ek formulaturiko definizioak jasotzen du ondoen, egileak dioenez: “ekonomiak giza-jokaera erlazio gisa aztertzen du, helburuak eta hainbat modutara erabil daitezkeen bitarteko urri batzuk jartzen baititu harremanetan”.
Horrela, klasikoak sistema arautzeko ekonomia legeak aztertzen saiatzen diren bitartean, neoklasikoek subjektuaren jokabidea analizatuko dute, gizabanakoa bera aztertuko dute:
- Portaera aldetik, beharrizanak asebetetzeko eskura dituen ekonomia ondasunen kantitatea mugatuta dagoenez gero (eskasiaren arazoa).
- Eskurako ondasunen artean aukeratu beharrari erantzuteko moduaren aldetik, gizabanako gisa duen askatasunetik (aukeraren arazoa).
- Gizakiaren jokabide arrazionaletik abiatu eta gizarte osoa analizatzeraino helduko gara, banakotasunak elkarri erantsita.
Analisi neoklasikoaren kontzeptu zentrala homo economicus delakoarena da, hau da, gizaki bakoitzak bere ongizatea bilatzen du besteak gorabehera; gizabanakoa ez da besteetatik bereizten lansari, ondasun, kontsumo, ekoizpen eta abarrak direla eta. Gizakiaren portaera aztertzen da ez ondasunak ekoiztu eta banatzeko modua azpimarratuz, baizik eta eskasiaren arazoari eta zentzuz aukeratzekoari heltzeko moduan, alegia, ahalik eta etekin edo norberarentzako baliagarritasunik handienak bilatzen.
Teorilari neoklasikoek natura zientziak oinarri hartzen diraute argudio eta teoria «puruak» ematerakoan; zientzia laborategiko ikerketaren antzeko horrek bide emango die matematikak ekonomia analisian sartu eta erabiltzeko. Joera honetako autore nagusiak dira William Stanley Jevons (1835-1882), Leon Walras, Vilfredo Pareto, Alfred Marshall ingelesa (1842-1924) eta Carl Menger austriarra (1840-1921),
Jevons
aldatuWilliam Jevons-ek berehala erakutsi zuen ekonomiarekiko interesa eta, batez ere, trenbideko tarifekikoa; horra hor zergatik planteatu zuen merkantzien balioarena. Horretarako klasikoek emandako erantzunak (lan balioa) aztertu zituen eta, ekonomian jardunda, teoria hori baliogabetzat jo zuen, oso zaila delako kontsumitu aurretik zenbaterainoko lana egin den neurtu eta kuantifikatzea. Jevons-en iritziz, aldiz, gizakiak ondasunak kontsumitzera jotzen du ondasun horien azken baliagarritasun graduaren arabera, hau da, ondasunotatik eskuratzen duen atseginaren arabera.
Erabilgarritasun balioa-ren teoriaren arora heldu gara, 1870. urtean batera, baina nork bere aldetik, Jevons-ek, Menger austriarrak eta Walras frantsesak landutako kontzeptuaren arabera.
Balioaren jatorria ez da lana, ezta ekoizpen kostua ere, merkantziei erantsiko zaien azken baliagarritasun gradua baizik. Gizabanako bakoitzak bere baliagarritasun funtzioa presta dezake (Menger-en taula deritzona) eta eskura dituen ondasunetan zein nahiago dituen taula horretan jaso.
Baliagarritasun hori beste era batera neurtzen da, ekoiztu edo lortu nahi den azken unitatea kontuan hartuta: lehenengo ogi zatia bigarrena baino baliagarriagoa da, eta hau hirugarrena baino gehiago eta horrela etengabe. Beharrizanak ase ahala, baliagarritasun marjinala (alegia, lorturiko azken ondasunaren baliagarritasuna), txikiagotuz doa ia beti zeroraino heldu arte.
Horrela, iraultza marjinalista dugu aurrez aurre.
Esaterako, egarri garela baliagarritasun (Jevons-en usteen arabera, balio) handiagoa aitortzen zaio lehenengo basokadari bigarren basokadari eransten zaion baliagarritasuna (balioa) baino. Demagun neurri unitate bat daukagula eta hori erabilita kuantitatiboki zein subjektiboki neur ditzakegula ondoko janari eta edari unitateei aitorturiko baliagarritasuna.
Hori dela bitarte azal dezakegu zenbaterainoko garrantzia aitortzen dien halako lagun batek lehenengo basokadari (10) eta aurreneko ahamenari (9), eta, gainera, handiagokoa erantsi diola edariari janariaribaino, baita lehenengo janari unitateari bigarren edari unitateari baino gehiago, eta horrela taula osoa azaldu arte.
Bestalde, eman dezagun janari eta edari unitateek truke prezio bera dutela (salneurria = 50), eta kontua dela jakitea ea zenbat janari edo edari unitate erosiko dituen harako lagun hark bere baliabideen arabera.
Baliagarritasun funtzioa abiapuntutzat hartuta, neoklasikoek baliagarritasun marjinalaren kontzeptua eratzen dute, hau da, lorturiko edo eskuraturiko azken ondasun unitateak dakarkigun baliagarritasuna edo asebetetasuna.
Walras
aldatuLeon Walras (1834-1910) ekonomilari frantses baten semea zen. Walras lehenetako bat izango da matematikak ekonomia analisira ekartzen. Suitzan bizi izan zen, ekonomia irakasle izan zen eta Lausanako eskola sortu zuen.
Oinarri desberdinak erabiliz ekonomia berreraikitzea helburu du, sozialisten argudioak deuseztatzeko. Walras justizia sozialaren alde dago, baina lehia librea proposatzen du hori lortzeko baliabide bakar moduan. Liberalismoa (ekoizpen hedapenaren segurtatzen duena) eta sozialismoa (justizia sozialaren bermatzen duena) elkar hartuko dituen doktrina bat gauzatzen ahalegintzen da eta horretarako beharrezkoa izango da giza jardueran bereiztea zer datorren zientziatik eta zer moraletik; ekonomia zientziak esango digu zergatik den lehia aberastasuna banatzeko bide bakarra eta moralak adieraziko du noiz eta nola esku hartu aberastasuna zuzentasunez banatzen dela segurtatzeko.
1874. urtean Walras-ek Ekonomia politika hutsaren elementuak lana argitaratuko du, izenburutik bertatik adierazita ekonomia gizarte zientzia izatetik zientzia hutsa izatera igaro dela. Lan horrek ezin hobeto jasotzen du Walras-en pentsaera, egileak ekonomia ereduaren beharra plazaratzen duenez gero.
Ekonomiaren hizkerak dioenez, eredua errealitatearen ordezko eraikin abstraktu eta sinplifikatua da, ekonomiaren lege oinarrizkoak nabarmentzekoa. Walrasen ereduak definizio horri erantzuten dio, bateko ekonomia legeen funtzionamenduaren eredu deskribatzailea delako, besteko eredu arauemailea delako, bete beharreko legeak biltzen dituenez gero.
Walras-en ekonomia ereduak oinarri du merkatu desberdinetako (ondasunen merkatua, lanaren merkatua, kapitalaren merkatua) eskaintza funtzioa eta eskari funtzioa elkarren aurka egotea; prezioak malguak izatean, eskainiriko eta eskatutako kopuruak doituko dira eta oreka egoeraraino helduko da merkatu guztietan, gatazkarik, langabeziarik, lan esplotaziorik eta abarrik gabeko mundu batean. Walras-en arabera, horrela segurtaturik dago baliabideak ahalik eta bikainen izendatzea.
Pareto
aldatuVilfredo Pareto (1848-1923) zientzia zehatzak ikasten hasi bazen, baina ekonomiara aldatu zen, eta Walras-en ondorengoa izan zen Lausanako Unibertsitateko ekonomia politikako katedran.
Walras-en arazoetatik gertu, Paretok orekaren eredua hobetu zuen ekonomia optimoa deritzon nozioa gehituta, hau da, halako ekonomia egoera jakin bat, non produktuak edo faktoreak beste ezein modutan banatuta ere, banako baten baliagarritasuna ezin den gehitu besteren bati kalte egiteke. Azken buruan, horrelako egoera batean ezin da gizaki baten egoera hobetu beste batenari kalte egin gabe. Optimoa lortzeko bide bakarra lehia garbi eta perfektuaren eredua izango da (Walrasek eta Pareto-k biok batera landutako eredua).
Lehia garbi eta perfektuaren ereduak adieraziko digu nolakoa izan behar duen ekonomia munduak eredu neoklasikoaren arabera. Merkatu ekonomia ondoen biltzen duen eredu arauemaile gisa agertzen da, eta hori lortzeko honako bost baldintzok bete beharko dira: • Merkatuen atomizatzea: eskaintzaileek eta eskatzaileek ugari izan behar dute, haietariko inork ondasunen prezioak zehazten eraginik izan ez dezan.
Ekonomia agente bakoitzak mugarik gabe zehaztu behar ditu bere eskaintza eta eskari mailak.
- Merkatu sartu-irtenek mugarik ez: merkatuak bizia behar du, sartu edo irteteko oztoporik gabe, merkatuan esku hartu nahi duen edonork hala egin ahal izateko moduan eta hartatik kanpo gelditu nahi duen agenteak ere egin ahal dezan.
- Produktuen homogeneotasuna: enpresaren motako ekonomia agenteek kontsumitzaileak baliokidetzat jotzeko moduan sortuko dituzte ondasunak, lehiatzaile bataren ala bestearen ekoizkinak nahiago izan ez ditzan.
- Merkatuak gardenak izatea: partehartzaile guztiek badakite zerk izan dezakeen eragina erabakimenean, hau da, informazioa osoa eta doakoa izango da partehartzaile guztientzat, mugarik gabe joka dezaten.
- Ekoizpen faktoreak noiznahi oztoporik gabe higitu ahal izatea: ekoizpen faktoreak (kapitala eta lana) ekonomiaren sortzaile diren merkatutik merkatura ibil daitezke.Neoklasikoek, klasikoek plazaraturiko arrazoibidearen guztiz aurkako batetik abiaturik, ondorio berbereraino helduko dira: ekonomia liberalismoan bermaturiko ordenamenduaren defentsa.
Keynesianismoa
aldatu1918tik 1919 arteko gerraondoko latza eta 1929tik 1933 arteko Depresio Handia ditu oinarrian keynesianismo deritzan ekonomia zientziaren iraultzak. Depresio Handia John Maynard Keynes (1883-1946) teorilari britainiarrak azaldu zuen, artean Cambridgeko irakaslea zelarik, dibisa espekulatzailea, idazlea, gobernuaren aholkularia, eta, oro har, gizon burutsua. Merkatuaren mekanismoan osoko enplegu mailari eutsiko dion automatismorik ez dagoela esatea izan zen Keynes-en heresiarik handiena.
Keynes itzaltsuago bilakatu zen Versailleseko Bake Konferentzian (1919-1920) eginiko lanen ondorioz, Bakearen ondorio ekonomikoak lanean proposatu zuenean Alemania ez zutela zigortu behar gero mendekurik izan ez zedin.
Depresioan Keynes guztiz ospetsu izateraino helduko da, aurka egin baitzion Ingalaterran urre patroia berriro indarrean jarri nahi zuen politika kontserbadoreari, baita diruaren gaineko lan batzuk argitaratu ostean, 1936. urtean Lanari, Interesari eta Diruari buruzko teoria orokorra bere lanik garrantzizkoena plazaratu zuelako.
Keynes-en iritziz ekonomia nazional baten funtzionamenduaren logikak makroekonomia aldagai garrantzitsuenen arteko harreman dinamikoak izan behar ditu bermetzat: errenta edo produktua, inbertsioa, kontsumoa eta aurrezkia. Keynes-en iritziz, langabeziaren jatorria inbertsio mailen jaitsiera da, eta hori azaltzeko lau gogoeta nagusi aurkeztu zituen bere liburuan: Estatuak nahitaezkoa du eskuhartzea osoko enpleguari eutsiko badio. Inbertsio pribatua ahultzerakoan, estatuak esku hartu behar izaten du ekonomiako gastu maila bermatzeko, dela zerga politikaren bitartez (errentak nola edo hala orekatuko direla bermatzeko), dela diru politikaren bidez (diru zirkulazioa erraztuta eta interes tasa txikia ezarrita, inbertsioa sustatzeko).
Merkatu ekonomiaren esparruan, estatuaren ekintza arautzailearen aldeko agertu zen Keynes, ekonomia hazkundea bultzatu ez ezik, langabeziaren aurka borrokatzeko ere.
Keynes-ek orokortzat jotzen du bere teoria, zeren eta bere iritziz neoklasikoek ekonomia orekaren kasu bat baino ez zuten kontuan hartu, hain zuzen ere osoko enpleguarena; berak, aldiz, hori ez ezik beste batzuk ere gogoan zituen, esaterako langabezia eta guztizko orekarena.
Estrukturalismo ekonomikoa
aldatu1950eko hamarkadan garatutako pentsamendu ekonomikoko eskola da estrukturalismoarena, psikologo eta soziolohoen artetik sortua batik bat[7]. Estrukturalismoa oso hedaturik dago europar pentsamenduan, anglosaxoian izan ezik, baina ez da inoiz muntaduna izan Estatu Batuetan.
Eskolaren gunea egitura nozioa da, osotasunaren ideian bermatuta; gertaera oro osotasun gisa aztertu behar da. Osoko ikuspegi hori, analisi estrukturalaren berezko ezaugarria, elkarturik dator osotasun hori eratzen duten elementu edo zati multzo egituratuak kontuan hartu beharrarekin. Elementu bakoitzak bere identitatea du, besteen desberdina, baina bakoitzaren errealitatea ezin azal daiteke erabat aztergai den esparru oso horretan lagun daramatzan gainontzeko elementuak eta beste zatiekiko harremanak ere aipatu ezean.
Horrez gain, kontuan izan behar da errealitatea aldakorra dela eta elementuak aldatzen direla denboran eta espazioan. Kokalekua alda daiteke, baita elkarrekiko hartuemanak mudatu ere, eta guztiaren ondorioz egiturazko aldaketak izaten dira.
Laburbiltzeko, osotasuna, elementua, kokalekua edo posizioa, erlazioa eta aldaketa ditugu analisi estrukturalaren mami teorikoa.
Osotasuna munduko ekonomia da, osagai dituela zati edo elementu batzuk: nazioak. Herri bakoitzean ekonomia antolatzeko modu jakin bat dago.
Mundu Sistema Kapitalista esaten diote lokarri kapitalista sendoek loturiko gizarte formazioen multzoari, eta osagaiok eratzen dituzte Sistemaren Erdigunea (industrializazio eta errenta maila handietako herri garatuek mamitua) eta Sistemaren Periferia (herri azpigaratuek gauzatua; Hirugarren Mundua ere esaten zaie halakoei, beste herriek bultzatzen baitituzte garatzera). Bi alderdiak elkarri loturik daude harreman komertzialak, ekonomikoak, finantzarioak, teknologikoak, politikoak, militarrak, ideologikoak eta abarrak direla bitarte. Erdigunetik periferiaranzko mugimenduak dominazio harremanak dira eta periferiatik erdiguneranzkoak mendekotasunezkoak; hau da, erdigune-periferia eredua da egungo munduko sistema kapitalistaren adierazpena.
Espainian metodo estrukturala ekonomian erabiltzen hasi zenetik, unibertsitateetan Ekonomia Estrukturala jakintzagaia lantzen hasi zen. Hori errotzen eta hedatzen aipagarri dira José Luis Sampedro aitzindaria, Ramón Tamames eta José María Vidal Villa.
Gainera, aipatzekoa da estrukturalismo latinamerikarra deritzon joera. Besteak beste, Raúl Prebischen lanak eta Nazio Batuetako Latinamerikako Batzordea (CEPAL) abiapuntu harturiko egile multzo batek herri latinamerikarren azpigarapen arazoak eta ekonomia garapenaren muga modu osoago, errealistago eta sozial batean aztertuko du ohiko ekonomia teoriek eskainitakoa baino. Osvaldo Sunkel, Pedro Paz eta beste egile batzuen lanek pentsamendu lerro bat osatuko dute, mendekotasunaren eskola izenekora lerratzeko.
Instituzionalismo ekonomikoa
aldatuInstituzionalismo ekonomikoaren eskola XIX. mendearen hondarretan eta XX.aren hastapenetan eratu zen, eskola neoklasikoaren gorakadaren aurkako erreakzio gisa. Hala ere, pentsamenduak bigarren aro bat bizi izan zuen 20. mendearen bigarren zatian eta horregatik kokatzen dugu hemen,
Eskola honetako pentsalarien iritziz (gehienak iparramerikarrak dira), izatez ez da batere lehia librerik, eta, horrez gain, beharrezkoa da ekonomia analisia eta errealitate ekonomikoa uztartzea, neoklasikoen erruagatik Historia gero eta urruntzenago baita ekonomia zientziatik.
Erakunde kontzeptutik eta horrek izandako bilakaeratik datorkio eskolari izena (termino anbiguo samarra), esangura bikuna duenez gero: erakundea buru ohitura edo egitezko ohitura moduan eta erakundea organismo publiko, erdipubliko edo pribatu gisa. Eskola horrek «erakundetzat» joko ditu pentsamendu ohiturak eta lege edo jokabide arauak baldin eta baldintzatzen badituzte gizabanakoen ekintzak zein enpresa, administrazio eta gizarte taldeenak.
Erakundeak gizarte ohitura gisa banakoaren ekintza automatiko, irrazional eta gizabanakoz kanpokoa islatzen du. Gizarte ohituren ondorio eta eginak lege idatziak berak bezain indartsuak edo indartsuago dira. Gizarte ohiturak ideologia nagusiaren eta portaera kolektiboaren oinarri dira, eta aldagaitzagoak dira lege idatziak baino.
Erakundeek, organismo edo talde gisa, multzo pertsonalizatuagoa osatzen dute, dela araubide juridikoaren aldetik, dela jardueraren beraren aldetik. Horrela, adibidez, aipagai izaten dira gobernu erakundeak, instituzio politikoak (sindikatuak, alderdi politikoak), eliza, unibertsitatea eta abar.
Instituzionalismoak homo economicusa homo sociologicus-ez ordezkatzea proposatuko du, hau da, halako ingurune jakin batean dagoen gizakiaren jokabidea aztertzea beste eragile batzuekin erlazionaturik, hauen jokabidea aurretik esan ezinezkoa baita. Horra hor zergatik elkartzen dituen berriro instituzionalismoak gizarte zientzia guztiak.
Veblen
aldatuThorstein Veblen (1857-1929) egilea jo ohi da instituzionalismoaren eskolaren sortzailetzat. 1899. urtean Klase aberats alferraren teoria argitaratu zuen, Instituzionalismoaren abiapuntua duena.
Veblen-en pentsamoldeak hiru iturburu izango ditu: Darwin-en eboluzionismoa, Marx-en lana (gizarte klaseen ideia onartzen dio, baina ez klase borrokarena) eta Marshall-ena (honen teoriari erakargarri eta iradokor bezain faltsu iritziko dio, lehia libretik abiatzen delako eta horrelakorik ez omen dago XIX. mendearen amaieran Veblen-en ustez).
Veblen-ek bere garaiko errealitate iparramerikarra ikertu zuen eta nola aldatzen zen behatu, aldaketarik behinenak gizarte klaseen osaera dela ondorioztatzeko. Horren ondoren gisa, honako hauek bereiziko ditu: Berariaz bereiztuko ditu negozioaren (bussines) esfera, non errentadunek dirua erosten diharduten, eta industria (industry), benetako aberastasun sortzailea, lehenengoarekin bat ez datorrena. Jabeek ez diote ezer gaineratzen gizartearen aberastasun sorkuntzari; klase alferra, parasitoa, errentaduna osatzen dute. Teknikarien esku dago produktibitatea handiagotzea, baita teknologia aurreramendua eta, oro har, ekonomia aurreramendua; iritzi du ezen teknikariek gobernatu behar luketela herria, haiexek dira-eta ordena berriaren ordezkariak, alferrek boterearen jabe irautekotan, basakeria zibilizaturaino heltzeko arriskua ere balegokeelako.
Instituzionalismoaren bigarren aroa
aldatuEskola horrek beste egile ospetsu batzuk eman zituen XX. mendearen lehenengo erdialdean: John Commons, Wesley Mitchell, John A. Hobson eta John M. Clark. Ilunaldi baten ostean, batez ere Keynes-en ekonomia berria indarrean jartzeak eta geroko sintesi neoklasikoak eragida, tradizio instituzionalista estalita egon ostean, joera berpizturik azalduko da atzera ere mila bederatziehun berrogeita hamargarren urtetik aurrera, neoinstituzionalismoa izendapenaren pean.
Neoinstituzionalisten artean nabari dira John Kenneth Galbraith, oparotasunaren ekonomilaritzat jotzen dena, kapitalismo garatuaren gainean eginiko ikerlanengatik; eta Gunnar Myrdal suediarra, pobreziaren ekonomilaria esaten diotena, azpigarapenaren gainean egin zituen ikerlanak direla-eta; baita Ekonomia Politika Erradikal amerikarra deritzona ere; eskola horrek barne hartu zituen neoklasikoen eta keynesiarren kritikoak, joera ekologistak eta marxista amerikarrak.
Chicagoko eskola eta neoliberalismoa
aldatuKeynesianismoa Mendebaldean nahiko onartua zegoen une batean, 1950 eta 1960ko hamarkadetan, talde batek, monetaristek, politika keynesiarrak kritikatu zituzten. Milton Friedman Chicagoko Eskolakoak sortu eta gidatuta, eskola monetaristak gobernuek ekonomian duten egoeraren araberako esku-hartzea gaitzesten du, eta Estatuaren gehiegizko pisuaren ondorio negatiboak ere azpimarratzen dituzte[8].
Gobernuak zuzendutako politika ekonomikoen ordez, moneta-politika neutralak edo ustez neutralak proposatu zituzten, ekonomiari inflaziorik gabe hazteko aukera emanez. Monetaristen eragina mugatuta geratu zen, keynesianismoa nagusi izan baitzen 1970eko hamarkadara arte. Baina orduan piztu zen krisi ekonomikoaren ezaugarri nagusia inflazio eta langabezia garrantzitsuak izan ziren, teoria keynestarrek azaldu ezin zutena. Krisi honen ondorioz, eskola monetarista nagusi bihurtu zen eta defendatzen zituzten politikak herrialde industrialetako gobernu gehienek hartu zituzten, lehenik Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, 1979an Ronald Reagan eta Margaret Thatcher boterera iritsi zirenean[9]. Jarraian, eskola monetaristatik pentsalari eta korronteak ugaldu ziren, eta 1980ko hamarkadan korronte neoliberalei indar handia eman zitzaien ekonomists hauen aldetik.
21. mendea
aldatu21. mendea teoria ekonomiko neoliberalen hegemonia egoera batean hasi zen munduaren parte handi batean, eta hala jarraitu zuen funtsean 2007-08 finantza krisia izan arte. Krisi horrek mundu mailako atzeraldia ekarri zuen eta horrek bultzatu zituen ekonomista batzuk neoliberalen ortodoxia zalantzan jartzera. Erantzun bat gertatu zen, keynesianismoaren itzulera moduko baten aldarrikatzaile batzuekin, hala nola Dominique Strauss-Kahn, Olivier Blanchard, Gordon Brown, Paul Krugman, eta Martin Wolf[10] (beste batzuekin batera neokeynesiarrak deituak).
Hala ere, beste batzuen erantzuna izan zen ortodoxiari jarraiki austeritatea zela erantzuna, gobernuen aurrekontuen defizita murrizteko politika zorrotza, Europako Batasunaren agintean eztabaidaezina bilakatu zen. Austeritate politiken aldeko argitalpen ekonomizistak egon ziren, adibiez:
- Large Changes in Fiscal Policy: Taxes Versus Spending, 2009, Alberto Alesina andeta Silvia Ardagnarena, non defenditzen zen austeritateak berreskuratzean laguntzen zuela ekonomiari kalte egin gabe[11].
- Growth in a Time of Debt, 2010, Carmen Reinhart eta Kenneth Rogoff-ena, zeinak aztertzen zuen historikoki nola 1945etik zor publikoaren handitzeak BPGren gutxitzea ekarri zuen historikoki.
2013ko apirilean Nazioarteko Diru Funtsak eta Roosevelt Institutuak Reinhart-Rogoff kalkuluak kritikatu zituzten, kontrakoa gertatu zela adieraziz: zor publiko handiko herrialdeetan hazkundea % 2,2koa izan zela. Horri jarraituz, 2013an Paul Krugmanek argitaratu zuen artikulu entzutetsu bat, austeritate politikak funtsean okerrak zirela argudiatuz, austeritate neurriak amaitzeko deituz[12]. 2021eko Covid pandemiaren krisiarekin, austeritatearen kritikariek berriro indarra hartu dute, 2008ko politikak negargarriak izan zirela gogoratuz; eta oro har, pandemiarekin zorpetze eta inbertsio publikoaren indartze bat ikusi da, oraingoan ekonomista gehienek babestua[13].
Kontestu horretan, neokeyneaserren ildoetatik, teoria ekonomiko ausartagoak ere sortu dira, ukitu utopikoekin ere (Joseph Stieglitz, Jeremy Rifkin, Thomas Piketty). Hauen artean, entzutetsuak suertatu dira Pikettyren proposamen batzuk, hala nola oinarrizko errenta unibertsalaren aldeko aldarria, finantza mugimenduak zerga gogorragoekin kargatzea, lanorduak murriztea... Ikuspegi hauetarako batzuetan bat egin dute keynesiar berriek jatorri marxistako beste pentsalari batzuekin, hala nola Olin Wright, Alex Williams eta Nick Srnicek[14]. Ikuspegi utopikoetan sakonduz, Solarpunk mugimendu futuristak ere kezka ekonomizistak baditu, etorkizuneko ereduak berpentsatzeko premiatik abiatuta, kapitalismoari kritika eginez[15][14].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2022-01-23 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Lur Entziklopedia Tematikoa, Lur. (2011-07-13). «Ekonomia pentsamenduaren eskolak» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ «Xenophon´s The Economist - 1242 Words | 123 Help Me» www.123helpme.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ «ARISTOTLE AND ECONOMICS» www.quebecoislibre.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Iborra Mallent, Juan Vicente; Valdés Guerrero, Luis Raúl; Iborra Mallent, Juan Vicente; Valdés Guerrero, Luis Raúl. (00/2020). «El pensamiento económico de la Escuela de Salamanca y la esclavitud negra» Humanidades (Montevideo. En línea) (8): 87–117. doi: . ISSN 2301-1629. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ (Ingelesez) «Laffer Curve Definition» Investopedia (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ Rivas, León Gómez. (2005). «Economía y guerra: el pensamiento económico y jurídico desde Vitoria a Grocio (y después)» Studia historica. Historia moderna (27): 135–159. ISSN 0213-2079. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Escuela estructuralista» Economipedia (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Escuela de Chicago - Qué es, origen y principios» Economipedia (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Palley, Thomas I.. (2005-04). «Del keynesianismo al neoliberalismo: paradigmas cambiantes en economía» Economía UNAM 2 (4): 138–148. ISSN 1665-952X. (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
- ↑ The return to Keynes. Belknap Press of Harvard University Press 2010 ISBN 978-0-674-03538-6. PMC 316037952. (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
- ↑ Alesina, Alberto F.; Ardagna, Silvia. (2009-10). Large Changes in Fiscal Policy: Taxes Versus Spending. (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
- ↑ (Ingelesez) Krugman, Paul. How the Case for Austerity Has Crumbled. ISSN 0028-7504. (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Barragán, Carlos. (2021-10-10). «Adam Tooze, el cronista estrella de las crisis: "Volver a la austeridad nos llevará al desastre"» elconfidencial.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Peñas, Esther. «“Sin utopía nos convertimos en meros quejicas resignados”» ctxt.es | Contexto y Acción (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).
- ↑ (Ingelesez) «Solarpunk Is Not About Pretty Aesthetics. It's About the End of Capitalism» www.vice.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-25).