Piramide (arkitektura)

Piramidea (grezieratik, πυραμίς, pyramís[1][2]) eraikuntza mota bat da, zeinak gainazalak hiruki-antzak diren eta goiko puntu batean elkartzen diren, gutxi gora-behera piramide geometrikoen antzekoak. Oinarria hirukia, laukia edo beste poligono bat izan daiteke, nahiz eta ohikoena lau aldekoa izan.

Gizako piramideak: ezker-eskuin dauden handienak dira Mizerinoren piramidea, Kefrenen piramidea eta Gizako piramide handia. Aurrean dauden piramide txikiak Mizerinorenarekin daude lotuak.

Piramide-itxurak, non pisu handiena lurretik hurbil[3] eta gailurra elementu txikiz osatua dagoen, ahalbidetzen du material gutxiago egotea goialdean beherantz indarra egiten, egonkortasuna hobetuz. Pisuaren antolamendu honi esker, zibilizazio zaharrek egitura monumental egonkorrak egitea lortu zuten.

Munduko hainbat zibilizaziok eraiki zituzten piramideak, elkar urrun diren eta historian zehar loturarik izan ez dutenak. Ehunka urtez, munduko eraikuntza handienak piramideak izan dira: lehena Piramide Gorria (Dahshur) eta gero Keopsen piramidea (Gizako Nekropolia), biak Egipton eta bigarrena zutik dirauen munduko zazpi mirarien artean bakarra. Egun, munduko piramide handiena, bolumena kontutan hartuta, Cholulako piramide handia da, Mexikoko Puebla estatuan kokatua.

Antzinako piramideak

aldatu

Mesopotamia

aldatu
 
Chogha Zanbil multzo elamita zaharra da, Iranko Khuzestan probintzian.

Mesopotamiarrek egitura piramidal goiztiarrak eraiki zituzten, zigurat izenekoak. Antzina, urrez eta brontze kolorez margotuak zeuden. Eguzkitan lehortutako adobez eraikiak zeudenez, hondar gutxi geratzen dira. Tokiko erlijioetarako eraiki zituzten sumeriarrek, babiloniarrek, elamitarrek, akadtarrek etaasiriarrek. Zigurat bakoitza tenplu-multzo handiago baten parte zen. Ziguraten aitzindariak, Obeid Aroko plataforma goratu batzuk izan ziren[4], K.a. IV. milurtekoak. Zigurat zaharrenak Aro Dinastiko Goiztiarreko amaierakoak ziren (K.a. 2900–2350)[5], eta azkenak K.a. VI. mendekoak.

Ziguraten oinarria laukizuzena, obala edo laukia izan zitekeen, eta piramide itxura hartuz, goialde zapala zuten. Barneko egitura eguzkitan lehortutako pezoak izanik ere, gainazala labean gogortutakoak ziren, hainbat kolorez beiraztatuak eta esanahi astrologikoa izan ahal zutenak. Plataforma edo solairu kopurua aldakorra zen: bitik zazpira izan ahal zuten. Gailurrean santutegi bat zutela uste da, baina ez dago froga arkeologikorik hori baieztatzeko, eta froga idatzi bakarra Herodotorena da[6]. Santutegiko sarrera alboetan eraikitako aldapetatik egin zitekeen, edo oinarritik gailurrera zihoan aldapa kiribil batetik. Historiako zigurat ezagunena Babelgo dorrea da, ziur asko Babiloniako Etemenanki zigurata zenean oinarritua.

Egipto

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Egiptoko piramideak»
 
Gizako piramideak: ezker-eskuin dauden handienak dira Mizerinoren piramidea, Kefrenen piramidea eta Gizako piramide handia. Aurrean dauden piramide txikiak Mizerinorenarekin daude lotuak.

Egiptokoak dira piramideen artean ezagunenetakoak, adreiluz edo harlandu egindako eraikuntza erraldoiak (munduko egitura handienetakoak eta zaharrenetakoak). Askok, piramide itxura perfektua dute edo izan zuten. 2008an, iturrien arabera 118 edo 138 piramide identifikatu daude Egipton[7][8]. Gehienak, faraoia eta ezkontideak lurperatzeko eraiki ziren, Egiptoko Inperio Zaharraren eta Ertainaren garaietan[9][10].

Egiptoko piramide zaharrenak Saqqara herrian daude, Menfis antzinako hiriburuaren ipar-mendebaldean. Horien artean zaharrena Zoserren piramidea da, K.a. 2630–2610 inguru eraikia, III. dinastian[11]. Piramide hau eta inguruetako multzoa Imhotep arkitektoak diseinatu zuen, eta munduko harlanduzko eraikuntza monumental zaharrentzat jotzen da.[12].

Ezagunenak Gizan daude, Kairoko aldirietan. Gizako piramideak munduan eraiki diren egitura handienen artean daude[13]. Keopsen piramidea da Egiptoko piramide handiena, eta zutik dirauen munduko zazpi mirarien artean bakarra.

Piramidea bertan ehortzitako faraoiari eskainitako kapera eta bestelako eraikuntza multzoaren gunea zen; barruti hori guztia kareharriz egindako harresi handi batez inguratua izan ohi zen. Eraikuntza solidoa zen; sarrera albo batean zegoen eta handik, beheranzko eta goranzko plano makurren bidez, lurpeko ganberara, faraoiaren ganberara eta beste batzuetara iristen zen; gela haietan egunoroko tresnak, harri bitxiak eta janariz beteriko ontziak uzten zituzten. Faraoiaren momia bere ganberan utzi ondoren sarrera ixten zen. Gaur egun, ia erabat desagertu den kanpoko estaldura kareharrizko eta granitozko lauzek moldatzen zuten.

 
Nubiar piramideak Meroe antzinako hirian, pilono-itxurako sarrerekin.

Nahiz eta piramideak Egiptorekin lotu ohi diren, Nilon ibai gora eginez Sudanen, antzinako Nubian, 220 piramide dago, munduko kopuru handiena[14]. Nubiar piramideak hiru tokitan eraiki ziren, Napata eta Meroe hirietako errege-erreginak hilobiratzeko. Kuxeko Erresumako piramideak Egiptokoak baino malda pikoagoa dute eta III. mendea arte eraikitzen jarraitu ziren.

Mesoamerika

aldatu
 
Ilargiaren piramidea, Teotihuacan

Mesoamerikako zibilizazio batzuek piramide itxurako egiturak eraiki zituzten. Piramide hauek mailakatuak izaten ziren eta gailurrean tenplua izaten zuten. Horregatik, ziguraten antza handiagoa zuten Egiptoko piramideena baino.

Piramide handiena bolumenaren ikuspegitik Cholulako piramide handia da, Mexikoko Puebla estatuan. Garai luze batez eraikia (K.a. III. mendetik K.o. IX. mendera), mundu osoan altxatu den monumentu handientzat jotzen da, eta oraindik indusketek jarraitzen dute. Munduko hirugarren piramide handiena, Eguzkiaren Piramidea Teotihuacanen, Mexikon ere badago. Badira beste piramide batzuk oinarri biribila dutenak, hala nola Cuicuilco (Mexiko Hiria) eta Teuchitlán (Jalisco).

Mexikoko piramideak giza sakrifizioak egiteko tokiak ziren. Tenochtitlango Tenplu Nagusia 1487an ber-sagaratzeko hainbat giza sakrifizio egin ziren, baten ustez 20.000, beste baten ustez 72.344 eta askoren ustez 80.400[15].

Maia kulturak ere eraiki zituen piramideak, hala nola Kukulkanen tenplua.

Andeetako zibilizazioek piramideak eraiki zituzten haien arkitekturan, oso aro jakinetan. Aipatzekoak dira Caralgo kulturakoak (K.a. 3000, Ameriketako zaharrena), Moche kulturakoak (K.a. 330- K.o. 500), Sican kulturako Túcume gunea (XI. mendekoa) eta Chavín de Huántar (IX. mendekoa) eta inkak. Aipatzekoak dira ere piramide-enbor aurre-inkak, txikiagoak eta plataforma goratu itxurakoak, eta egun ia erabat galduak daudenak pezoz eginak zeudelako.

Indonesia

aldatu
 
Borobudur, Java

Java uhartean badago piramide mailakatu itxura duen VIII. mendeko monumentu budista bat: Borobudur[16]. Baina Javan eraikitako tenplu berriagoak Indiako tenplu hinduen eragina izan zuten, Prambanan tenpluko dorreetan ikus daitekeenez.

Piramide-itxurako granitozko tenplu erraldoi ugari eriki ziren India hegoaldean Txola Inperioaren garaian, horietako asko oraindik ere erlijiozko erabiltzen direnak. Piramide-tenplu hauen adibide nagusiak dira Brihadisvara tenplua Thanjavurren, Brihadisvara tenplua Gangaikondan Cholapuramen eta Airavatesvara tenplua Darasuramen. Hala ere, piramide-tenplua luze-zabalena Ranganathaswamy tenplua da, Srirangamen (Tamil Nadu). Thanjavur tenplua Raja Raja Txolak eraiki zuen XI. mendean. Brihadisvara tenplua Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 1987an, Gangaikondan Cholapuramen tenplua eta Airavatesvara tenplua izendapenaren hedapen gisa gehitu ziren 2004an[17].

Piramide modernoak

aldatu
 
Louvreko piramidea

Piramidea harrizko, adreiluzko edo adobezko eraikuntzari estuki lotua dago. Piramide modernoa, ordea, jada ez da trinkoa, baizik eta bere sinbolismo edo plastikotasunagatik piramide-forma hartzen duen metalezko egitura batek eutsitako gainazala.

  • Transamerica Pyramid (San Francisco, 1972) 48 solairuko etxe-orratza, William Pereira amerikar arkitektoak diseinatua eta hiriko ikur bat dena.
  • Louvreko piramidea (Paris, 1989) Louvre museoaren patioan, 20,6 m garaiko beirazko egitura da, museoko sarrera dena. I. M. Pei amerikar arkitektoak proiektatu zuen. Piramide alderantzikatua (la Pyramide Inversée) lurrazpiko Louvren dagoen azpikoz gorako beste beirazko piramide bat da.
  • Luxor Hotela (Las Vegas, 1993) 30 solairuko piramide-itxurako hotela da, gailurrean argi-izpi bertikala duena.
  • Bakearen eta Adiskidetzearen jauregia (Nursultan, 2009) 77 m garaiko ekipamendu publikoa da.

Eraikuntza

aldatu
 
Ganga izuna Gizako nekropolian.

Piramide sinpleenak harri-pilaketa soilak ziren arren, piramide monumentalak eraikitzeko ahalegin, trebetasun, asmamen eta antolaketa-gaitasun handia behar izan zuten. Monumentu hauek eraiki zituzten zibilizazio batzuek deskarga arkua ezagutzen zuten arren (egiptoarrek kasu), nagusiki egitura ateburudunak erabili zituzten. Hala ere, harrizko ateburu handiak ez ziren gai haien gainean egindako presio izugarriak jasateko hautsi gabe, eta horregatik, gelak eta barruko korridoreak irekitzeko, ganga izunaren teknika erabili zuten, hau da, hormen ilarak apurka-apurka hurbilduz joatea, arku zorrotz baten antzeko efektua lortu arte, baina ziriharri horizontalekin.

Eraikin hauen kanpoaldeko estaldurak, kultura eta garai batetik bestera asko aldatu ziren, hala nola kareharrizkoa eta iztukuzkoa.

Harriak zizelkatzeko prozesua oso motela zen, harriak gogorrak izaten baitziren (adibidez, granitoa). Horiek lantzeko brontzezko edo silexezko tresnak erabiltzen ziren, eta leunketa harri-hautsarekin igurtziz edo kuartzita-hautsa bezalako urratzaile gogorragoekin lortzen zen.

Dokumenturik ez izateak, antzinako piramideetan erabilitako eraikuntza metodoak ezagutzea eragotzi du, baina gurpila erabili izanaren frogarik ez dago, eta, beraz, gehien onartzen diren teoriek, kanpoko arrapala edo kiribilekin espekulatzen da, hauen gainean, blokeak, palanken bidez lerratuz joango zirelarik.

Erreferentziak

aldatu
  1. πυραμίς, Henry George Liddell, Robert Scott, A Greek-English Lexicon, Perseus liburutegi digitalean
  2. Hitzaren esanahia honakoa zen: "gari-alez eginiko pastel mota bat eztiarekin kontserbatua". Egiptoko piramideak antzekoak ziren eta hala bataiatu zituzten greziarrek. (R. S. P. Beekes, Etymological Dictionary of Greek, Brill, 2009, 1261 or.).
  3. Barizentroa bolumenaren beheko lehen laurdenean dago.
  4. Crawford, page 73
  5. Crawford, page 73-74
  6. Crawford, 85 or.
  7. Slackman, Michael. (2008-11-17). In the Shadow of a Long Past, Patiently Awaiting the Future. .
  8. Mark Lehner (2008). The Complete Pyramids: Solving the Ancient Mysteries. p. 34.. 2008-03-25 ISBN 978-0-500-28547-3..
  9. Slackman, Michael. (2007). In the Shadow of a Long Past, Patiently Awaiting the Future.
    Aipua: «Deep below the Egyptian desert, archaeologists have found evidence of yet another pyramid, this one constructed 4,300 years ago to store the remains of a pharaoh’s mother. That makes 138 pyramids discovered here so far, and officials say they expect to find more.»
    .
  10. Michael Ritter (2003) Archived copy. . Dating the Pyramids.
  11. Gardner, Helen. (1980). Art through the Ages. 68 or. ISBN 0-15-503758-7..
  12. Lehner, Mark. (1997). The Complete Pyramids. , 84 or. ISBN 978-0-500-05084-2..
  13. Watkin, David. (2005). A History of Western Architecture. , 14 or. ISBN 978-1-85669-459-9.
    Aipua: «The Great Pyramid...is still one of the largest structures ever raised by man, its plan twice the size of St. Peter's in Rome»
    .
  14. Pollard, Lawrence. (2004-09-09). Sudan's past uncovered. .
  15. "The Enigma of Aztec Sacrifice". Natural History, 1977ko apirila. Vol. 86, 4 zkia., 46–51 or.
  16. R. Soekmono. (2002). Pengantar Sejarah Kebudayaan Indonesia 2. , 87 or. ISBN 9789794132906..[Betiko hautsitako esteka]
  17. Unesco fitxa

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 31
idea 31
todo 1