Poeta
Poeta, baita Olerkari neologismoa ere, idazketaren edo hitzen bidez emozioak, sentimenduak edo sentsazioak adierazten dituen pertsona da. Hainbat iturriren arabera, poesia literatur genero gisa ahozko literaturaren tradizioan du sustrairik sakonena; geroago idatziz transmititzera iritsi zen, Antzinaroan idatzizko sinboloen bidez hizkuntza poetikoa adierazteko adina konplexutasun zuten idazketa-sistemak zabaltzen hasi zirenean.
Homero, Sofokles, Pindaro eta Safo norbera beren generoko poetak izan ziren: poesia epikoa, poesia dramatikoa, poesia lirikoa.
Kontzeptuaren historia
aldatuLourdes Otaegik horrela laburbildu zuen historia. Literatura klasikoan poietés esaten zioten literatur obra baten egileari orokorrean, generoa bereizi gabe. Kultura grekolatindarrean, beraz, poeta edo idazlea egile eta sortzailetzat hartzen da orokorrean, eta poesia (obra literarioa) sortzeko gaitasuna duen pertsona da poeta. Platonen esanetan, poetak jainkoen inspirazioa edo goi-arnasa jasotzen du eta guregana helarazten du literaturaren bidez. Aristotelesen ustez, berriz, hutsetik errealitate berriak sortzeko gaitasun berezia du poetak eta jainkoengandik heldu zaion inspirazioari irekiago dago poesia sortzailea, beste edozein literatura sortzaile baino, mimesi edo imitazioaz gutxien baliatzen dena baita.[1]
Erdi Aroan, poeta sortzailetzat hartzen zuen kontzepzio klasiko hori desagertu egin zen, Errenazimentuan berriro indartu zen arte. Ez zuten euren obraren jabego sentipenik izaten ezta originaltasuna ere aintzat hartzen; literatura jasoaren alorrekoek Antzinatetik jasoriko jakituriaren “traskriptoretzat” zituzten euren buruak. Errenazimentuan berritu egin ziren poetari eta poesiari buruzko kontzepzio aristotelikoak eta mimesiaren teoriak, baina haren eragina handia izan zen sorkuntza lanen ikuspegian; mimesiaren egokitasuna edo decorum arau bikoitzak mugaturik dago sortze lana: egokitasuna errealitatearekiko eta eredu klasikoekiko.[1]
Tradizio klasikoan, poeta berebiziko gaitasuna eta ezohiko sortze gaitasuna duen pertsonatzat hartu izan zen, jainkoengandiko inspirazioaren hartzailea; baina bereziki erromantizismoan, Sturm und drangen mugimenduaren ondorioz, poeta benetako jeniotzat hartu zen, giza gaitasunez gain dagoen izakitzat. Jainkoak bezala, sortzeko gaitasuna zuen, beragan gaitasun misteriotsua zetzan eta esan ezin ahalekoak ziren gauzak eta sentimenduak sumatzeko eta aditzera emateko dohaina zuen. Poeta indar mistiko, irrazional eta inkontzienteen jabe egiten zen eta inolako mugarik ez duen askatasunaren jabe. Hala, poeta hitzaren adieraren mugatze prozesua gertatu zen, zentzu orokorretik poesia lirikoaren egile izatera mugatzeraino, hain zuzen ere, poetak bere mundu subjektiboaren adierazpen emotiboa eta espresiboa egiten dueneko kontzepzioa nagusitu ahala.[1]
Emakume poeta
aldatuEzagutu den lehen emakume poeta Enheduanna izan da, Sumerian.[2] Emakume poetek beti izan dituzte zailtasunak lanbidean errekonozimendua lortzeko, batez ere arazo sinbolikoen eta haien ordezkaritza baxuaren ondorioz.[3]
Olerkari
aldatuPoeta eta olerkari egun sinonimo gisa hartzen dira. Lourdes Otaegiren hitzetan zentzu orokorrean, poeta hitzaren ordezko euskal neologismo bat da, “oles egin” aditzetik eratorria, tradizioz halako jai egun berezi batzuetan ate ondoan diosala egiteko, kantuan edo eskean egiteko ekintza izendatzeko erabiltzen den aditzetik, hain zuzen ere. XX. mendean, 1916an datatu da lehen aldiz neologismo hori. Euskaraz poeta lirikoa eta epikoa izendatzeko soilik erabili izan da, eta gainerako generoetan aritzen direnei “idazle” izen orokorra eman zaie.[4]
Zentzu mugatuan ere erabiltzen da hitz hori, belaunaldi literario bat izendatzeko, hain zuzen ere, guda-aurreko Pizkunde garaiko euskal poetek osaturiko multzoa izendatzeko: Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Koldobika Jauregi, Juan Arana Ezpeleta "Loramendi", Jokin Zaitegi, Alejandro Tapia Perurena eta “Euskaltzaleak” kultur erakundeak antolaturiko sariketa literarioetan parte harturiko beste zenbait poetek osaturikoa. Olerkariak 1888z geroztik sorturiko belaunaldia zen eta guda aurreko Pizkunde mugimenduan eskaini zituzten euren emaitzak.[4]
Irakurleen gurtza
aldatuPoeten hilobietara irakurle batzuk joaten dira, bidaia literarioetako benetako erromesak izanik batzutan. Poetak dauden hilerriak honako hauek dira: Poeten Txokoa, Westminster katedralan; Mount Auburn hilerria,[5] Massachusettsen, Estatu Batuetan; Père Lachaise hilerria, Parisen; Erromako hilerri protestantea eta Florentziakoa.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Literatura Terminoen Hiztegia, 652.or., Euskaltzaindia.
- ↑ https://www.pourlascience.fr/sd/archeologie/dossier-la-princesse-enheduana-2276.php
- ↑ https://shs.cairn.info/revue-etudes-anglaises-2007-3-page-304?lang=fr
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Literatura Terminoen Hiztegia, 608-609.or., Euskaltzaindia.
- ↑ https://www.mountauburn.org
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Lourdes Otaegi: "Poeta" hitza Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegian.