Primitibo flandestarrak edo hasierako flandestarrak[1], XV. eta XVI. mendeetan, antzinako hegoaldeko Herbehereetan, lan egin zuten margolariak izan ziren; bereziki Brujas, Gante, Tournai, Anberes eta Brusela hirietan jardun zuten, Borgoinako Dukerriaren goraldia baliatuz.

Jan van Eyck, Arnolfini senar-emazteen erretratua, 1434, Olio-pintura haritzezko oholean, 82cm × 60 cm. National Gallery, Londres

Multzo honetako artistarik aipagarrienak Robert Campin, Jan van Eyck, Rogier van der Weyden, Dieric Bouts, Petrus Christus, Hans Memling, Hugo van der Goes eta Hieronymus Bosch dira. Beti ere, Pizkundeko Italian ez bezala, XV mendeko Flandrian ez zen pinturari buruzko teoria lanik, ez orduko artisten lanei buruzko berriak biltzen zituen kronikarik. Flandriako pintura, maila horretan, Erdi Arokoa zen, garai hartako artista nagusien aipamen literario bat bera ere ez dago, eta idazle italiarrenak dira Van Eyck edo Van der Weydenen mailako pintoreen lehenengo aipamenak. Hortaz, poliki-poliki osatu behar izan da eskola hartako historia, lanen analisiaren bidez eta artxiboetako datu urrien laguntzaz.

Flandria edo errealismo berria

aldatu

XV. mendeko lehenengo hamarkadetan, Florentzian Lehenengo Pizkundea sortu zen garai berean gutxi gorabehera, Europako pinturaren gune nagusi bihurtu zen Flandria. Aipatzekoa da, herrialde hartan egin ziren lanen orijinaltasunaz eta kalitateaz gainera, Europako beste herrialde batzuetan izan zuten eragin sakona, Espainian besteak beste.

Behe Erdi Aroan Flandria eta Herbehereak, politikari dagokionez, hainbat zatitan banatuta zeuden, baina 1369tik aurrera Filipe Ausarta, Borgoinako dukea, Flandriako Konderriaren oinordekoarekin ezkondu zen eta Borgoinako Etxearen mende gelditu ziren lurralde haiek; Maria Borgoinakoa hil zenean (1482), berriz, Austriako Etxeak bereganatu zituen eta, geroago, Espainiak.

Flandriako higikundearen zabalkundean, garrantzi handikoa izan zen, batetik, Borgoinako dukeek arteari eman zioten bultzada eta, bestetik, burgesiak, patrizioek eta hirietako elkarteek kulturan izan zuten parte hartze gero eta handiagoa. Garai hartan, Flandria biztanle gehien zituen herrialdea zen Europan, eta industrian, merkataritzan eta bankuetan oinarritutako hiri indartsuak zituen: Brujas, Gante, Ypres, Brusela, Lovaina, Anberes, etab.). Flandriako pinturak oso ondo islatu zuen sustatzaileen izaera, alegia, aristokrazia eta burgesiarena: aberastasunak marrazteari zaletasun handia zioten (ez da pinturaren historian Jan van Eyckek marraztu zituen koroak eta bitxiak bezain objektu aberatsik), eta balio handiko objektutzat hartzen hasi zen koadroa. Estilo berri hartan nabarmena zen errealismorako grina.

 
Rogier van der Weyden, Gurutzetik eraistea, 1435 aldean, Pradoko museoa, Madril

XV. mendearen aurreko flandriar pintoreen lan gutxi ezagutzen da. Miniaturak dira higikunde berriaren sorburua; izan ere, Borgoinako gorteak asko bidaiatzen zuen eta aldean eramaten zituzten beren bitxiak, hormak jazteko tapizak eta irudiz betetako liburuak. 1400. urte inguruan, Paris-Dijon kultura ardatzean, iritsi zen miniatura goreneko mailara, eta flandriarrak izan ziren miniaturagile nagusiak.

Estilo berri bat, teknika berri bat: olio pintura

aldatu

Tenpera zen Erdi Aroan pinturan erabiltzen zen teknika nagusia. Pigmentuak eta arrautza gorringoa uretan diluituz egiten zen; geruza fin bat lortzen zen, gogorra eta oso erraz lehortzen zena. Pintura mota hori egokia zen Erdi Aroko gustuetarako, kolore lau eta biziko gainak lortzen baitziren. Baina tenperaren bidez ezin nahas ziteztekeen erraztasunez ñabardurak, eta oso zaila zen harekin hiru dimentsioko efektuak lortzea.

Flemalleko Maisuarentzat oztopo handiak ziren horiek eta, hala, olio pintura erabiltzen hasi zen. Erdi Aroko pintoreek ere ezagutzen zuten olio pintura, baina harria edo metalak pintatzeko erabiltzen zuten bakarrik. Flemalleko Maisua eta haren garaikideak izan ziren teknika hori pinturan erabili zuten lehenak. Olioak tenperak baino denbora gehiago behar zuen lehortzeko, eta efektu ugari sor zitzakeen, hasi geruza fin ia gardenetatik eta ore gogorrenetaraino; tonuek ñabardura asko hartzen zituzten, besteak beste, ordura arte ezezagunak ziren itzal belusatuak. Olio pinturaz egindako lanak zehaztasun handikoak ziren.

Teknika berri horren ikasketa prozesua nola gertatu zen ez da zehatz-mehatz ezagutzen, baina gauza jakina da ez zela bat-bateko aurkikuntza izan, ahaleginaren ondorio baizik.

Margolari nagusiak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Cendoya Echaniz, Ignacio. Errenazimentua Europan. in: Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo 2004. ueu.eus (Noiz kontsultatua: 2016-03-09).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 1
idea 1