Sexu-delitu
Fiskaltza Orokorraren 2/90 Zirkularraren arabera, sexu-delitua beste norbaiten sexu-abusu askatasunaren aurka eginiko edozein eraso da, ohiko egoeretan indarkeria edo zuhurkeriaren bidez egiten dena, biktimaren ekintzak edo jokabideak oztopatuz. Era berean, Zigor Kodeak sexu-delituak indarkeria edo larderiaren bidez pertsonaren askatasunaren aurka egiten den urraketa gisa definitzen ditu. Beraz, pertsonaren berariazko adostasunik edo baimenik gabeko jokabideak dira. Izan ere, zuzenbidearen ikuspegitik, norbanakoaren nortasunaren garapena bermatu beharreko ondasuna da eta gizabanakoa objektu gisa erabiltzeak garapen hori larriki kalte dezake.
Edonola ere, legeari bagagozkio, gogoan izatekoa da ikuspegi subjektibotik sexu-gehiegikeriatzat jo daitezkeen jokabide guztiak ez direla baldintza eta testuinguru guztietan “delitutzat” hartuko eta ezta, beraz, delitu gisa ere zigortuko. Gehiegikeria jasan duen pertsonaren adina izan daiteke jokabide bat delitutzat jotzen den ala ez zehazteko aldagai erabakigarria. Bestalde, lege-erreformak tarteko, une jakin batean delitutzat jo izan diren jokabideak gerora kalifikazio hori gal dezakete, eta alderantziz.
Ildo horretatik, Kriminologiak ekarpen esangarriak egin ditzake. Delituen kausak, ondorioak eta prebentzioa aztertzen dituen diziplina den aldetik, jokabide jakin bat zen baldintzatan jo litekeen “delitu” zehazten lagun dezake, jokabide hori ezaugarritzen duten ingurumariak kontuan harturik.
Sexu-delitu motak
aldatuSexu-delituen artean lau kategoria bereizten dira: sexu-abusua, sexu-erasoa, sexu-jazarpena eta erakuts-zalekeria.
Sexu-abusu delitutzat joko dira indarkeria, larderia eta adostasunik gabe, beste pertsona baten sexu-askatasun edo ukigabetasunaren aurka atentatu egiten duten egitateak.
Sexu-erasoaren kalifikazioa emango zaio abusuari erasoak alutik, uzkitik zein ahotik haragitzea edota lehenengo bi bide horietako batetik gorputz-adarrak nahiz gauzak sartzea dakarrenean.
Sexu-jazarpentzat joko da jokabide bat, baildin eta norbaitek berarentzat edo beste batentzat sexu-mesedeak eskatzen baditu, laneko, irakaskuntzako edo zerbitzu-eskaintzako harreman jarraitu edo ohikoen eremuan, eta jokabide horrekin biktima jartzen badu larderiako, etsaigoko edo umiliazioko egoera objektibo eta larrian.
Erakuts-zalekeriatzat joko da norbaiten jokabidea, baldin eta adingabe edo ezgaien aurrean erakuspen-egintza lizunak egiten baditu, edo beste norbait behartzen badu egintza horiek egitera.
Sexu-delituen ezaugarritzea
aldatuSexu-askatasunaren aurkakotzat jo daitekeen jokabide bat delitutzat jo behar den ala ez erabakitzeko, eta delitu horren larritasun-maila zehazteko zenbait aldagai hartzen dira kontuan. Era berean, delitu hauen prebentziorako, delitugileen birgizarteratze-programak diseinatzeko eta biktimei arreta egokia eskaintzeko ere, oso kontuan hartzekoak dira sexu-delitua inguratzen duten baldintzak. Aldagai eta baldintza horien artean hiru dira funtsezkoenak: subjektu aktiboaren profila, biktimaren profila eta modus operandia.
Subjektu aktiboaren profila
aldatuOro har, sexu-delituen subjektu aktiboa munstro arriskutsutzat irudikatzen da, eta, ondorioz, erraz atzemateko moduko ezaugarriak dituela pentsatu ohi du jendeak. Haatik, hori ez da hala. Izan ere, eskuarki, delitugile sexuala gizabanako arrunta da. Alegia, sexu-delitu baten eragilea pertsona ona, adeitsua, langilea, zintzoa eta jatorra izan daiteke jendartearen begietara. Era berean, familia-ingurune egonkor eta onuragarria izan dezake.
Bestalde, pentsatu ohi denaz bestela, ez du zertan haurtzaroko traumarik izan edo sozialki baztertutako pertsona izan. Egia da haurtzaroan sexu-abusuak jasandako pertsona batzuk sexu-delitugile direla helduaroan; baita haurtzaroan pornografia ikustera behartutako pertsona batzuk ere. Alabaina, horiek guztiak ez dira sexu-delitugile egiten, eta sexu-delitugile guztiek ez dituzte halako esperientziak izan haur zirenean.[1]
Izan ere, sexu-erasotzaile gehienak biktimaren ahaideak edo gertuko pertsonak izaten dira hala nola; familiartekoak (gurasoak, neba-arrebak, osaba-izebak, aiton-amonak), auzokoak, entrenatzaileak, irakasleak, lagunak etab. Gehienetan gizonezkoak izango dira, eta adinari dagokionez, 50 urtetik beherakoak. Aipatu beharra dago, bestalde, delitugile gutxik daukatela parafiliarik ere.
Edonola ere, pertsona hauetako batzuek badituzte ezaugarri erkideak. Haietako askok erlazionatzeko arazoak dituzte: besteen onarpena bilatzen dute, baina beldur dira arbuiatuak edo mespretxatuak izango ote diren. Hori dela eta, pertsona helduengandik aldentzen dira. Ez dira haiekin enpatizatzeko gai, ezta helduekin lotura emozionalak edukitze ere. Helduen erantzukizunak onartzeko edo aitortzeko arazoak dituzte.
Biktimak
aldatuSexu-delituen kasuan oso kontuan hartzen den aldagai bat biktimen adinarena da. Legearen arabera, hiru talde bereizten dira: 12 urte baino gazteagoak; 12-18 urte bitartekoak eta adinez nagusiak. Sexu-delituak adin goiztiarretan ere jasaten dira batzuetan.
Hori dela eta, haurren garapen-prozesua kontuan harturik, adin-tarte zehatzagoak ere egiten dira batzuetan: 0-4 urte; 4-6 urte; 6-12 urte; eta abar. Zenbait jokabide bakarrik jotzen dira delitutzat biktimak adingabe badira. Era berean, biktimaren adina inguruabar astungarritzat jo daiteke.
Generoaren ikuspegitik, bestalde, emakumezkoak dira sexu-delituak gehien jasaten dituztenak (1-3 proportzioan). Bestalde, generoaren arabera, arrisku handiagoa dago sexu-gehiegikeria familiaren testuinguruan jasateko. Horren erakusgarri, 2010. urtean eginiko ikerketa batek azaleratutako bi datu[2]:
- Neskak: 6-8 urte bitartean, gehienbat familiaren testuinguruan jasaten dituzte sexu-gehiegikeriak.
- Mutilak: 6-12 urte bitartean, oro har, familiaren ingurunetik kanpo sufritzen dituzte sexu-gehiegikeriak.
Sexu-gehiegikeriaren ondorioz biktimek jasaten dituzten ondorioak askotarikoak izan daitezke. Bereziki nabarmentzekoak dira ondorio psikologikoak. Horietako batzuk epe laburrekoak dira. Beste batzuek epe luzean irauten duten. Zenbait kasutan, berriz, biziartekoak ere izan daitezke.
Epe laburrean biktima askok antsietatea, nahasmendua, erruduntasuna, depresioa, estutasuna eta emozio menpekotasuna izaten dute. Epe luzera, berriz, arazo psikopatologikoak ager litezke, hala nola, identitate bipolarra, antsietate eta depresio kronikoak, substantziekiko mendekotasuna eta abar.
Sexu-gehiegikeria jarraituen kasuan, bestalde, zenbait biktimek abusuarekiko integrazio prozesua eraikitzen dute: errealitatearen pertzepzioaren distortsioa. Integrazio prozesu psikologiko horren bidez, biktimak “ohitu” egiten dira nolabait, etsipenaren etsipenez, eta, defentsa-mekanismo gisa edo, egoera hori “normaltzat” hartzera jotzen dute.
Biktima askok isilpean gordetzen dute gehiegikeriak jasan izana. Batzuetan, lotsa sentitzen dute; beste batzuetan, erruduntasuna. Era berean, gizartearen eta ingurukoen erreakzioaren beldur ere badira, batzuetan. Justiziarekiko ere ez dute denek erabateko konfiantza. Horren ondorioz, biktimen zenbatespenek “zifra beltz” handia ezkutatzen dute.
Modus operandia
aldatuModus operandi, helburuak lortzeko aurretiaz egiten den lanaren planifikazio zehatzari deritzo[3].
Sexu delituetan, indarkeria fisikoa erabili zein ez, lilurapena edo erakargarritasuna baliatzen da eskuarki. Beste batzuetan, berriz, biktimarenganako eragina edo estatusa ere erabiltzen da. Beste batzuetan, “jolas itxura” ematen zaio, eta mozorroak eta paktu edo itun sekretuak erabiltzen dira biktima limurtzeko. Gehienetan, erasotzaileek bakarka jarduten dute.
Subjektu aktiboaren jokabideari bagagozkio, lau profil orokor bereizten dira (Kim Rossmo, 1997) haren mugikortasun-patroiak kontuan hartuz:
- Ehiztaria: Delitugile honek bere etxebizitza du operazio-gune. Etxetik abiatuko da bere biktima bila. Ondorioz, etxetik gertu egingo ditu gehiegikeriak. Era berean, profil jakineko biktima bilatuko du.
- Arrantzalea: Delitugile honek hau bere etxebizitzatik aldenduko da, “arrantza-bidaian” edo, biktimak bilatzeko.
- Oportunista: Ez da ehiztaria ezta arrantzalea. Ez da berariaz joaten biktima bila. Eguneroko jardunbide arruntean sortzen diren aukerak baliatzen ditu delitua egiteko.
- Tranpa-jartzailea: Okupazio edo lanpostu zehatza aukeratzen du edo egoera jakin bat prestatzen du biktimak eskura izan edota engainuen bidez erakartzeko.
Sexu-delituen arrisku faktoreak
aldatuSexualizazio asaldura
aldatuGazte garaia gauza askotarako une kritikoa izaten da, izan ere, sexuari buruzko irudikapen distortsionatuak garatzeko arriskua baitago adin-tarte honetan. Irudikapen distortsionatu hori eragin dezaketen faktoreen artean hauek nabarmen daitezke: adingabearen abandonua, adingabeen abusu sexuala, bakartasuna edo isolamendu soziala, autoestimu txikia, alkoholaren abusua eta zuzeneko esperientzia sexual bortitzak bizi izana.[4]
Jarrera soziokulturala
aldatuKultura bakoitzak bere berezitasunak izaten ditu, eta horrek eragina izan dezake sexu-delituen tipologian eta kopuruan.
Adibidez, zenbait jendartetan zabalduta dago emakumeek bortxaketaren fantasia gogoko izan, eta bortxatua izanda gozatzen dutelako mito ankerra.
Emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak zabalduta dauden herrialdeetan ere, sexu-delituen tasa handiak dituzte.
Bestalde, mezu publiko batzuek (publizitateak, albisteek, sare sozialek eta abar) emakumearen beregaintasuna zalantzan jartzen dute, eta zeharka bada ere, nolabaiteko legitimazioa eskaintzen diete delitugile sexualei.
Distortsio kognitibo anitz eta enpatia defizita
aldatuDistortsio kognitibo anitza eta enpatia defizita duten pertsonek zailtasunak dituzte besteen emozioak interpretatzeko. Horrela, pertsona baten begiradak pentsaraz diezaieke biktimak harreman sexualak izateko gonbita egiten diela, nahiz eta hala ez izan. Distortsioak kognitiboa bera sexu-abusuen ondorio izan daiteke.
Distortsioak autokontrola ahuldu dezake. Familia eremuan gertatzen diren sexu-delituen kasuan, delitugileak biktimarekin duen jarrera normaltzat hartzen da, eta esperimentatu nahiaren sentsazioaren distortsioa bizi. Kasu hauetan, erasotzaileak uko egiten du deliturik edo gehiegikeriarik egin izana. Biktimari egozten dio gertatutakoaren errua.
Pornografia ikustea
aldatuPornografia ikusteak nolabaiteko desinhibizioa eragin dezake sexu gehiegikeriak egiteko aurrejoera duten pertsonengan. Horrez gain, pornografiak bortxakeria ere badakar batzuetan, eta gizakiak (emakumeak bereziki) sexu-objektu gisa irudikatzen dituzte. Horrek guztiak eragin kaltegarria izan dezake.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Perfil psicológico de delincuentes sexuales. .
- ↑ Angel., Soria Verde, Miguel. (1994). El agresor sexual y la víctima. Marcombo/Boixareu Universitaria ISBN 9788426709844..
- ↑ Criminología y Criminalística: PERFILACIÓN GEOGRAFICA Y DESPLAZAMIENTO DEL ASESINO EN SERIE: LA CLASIFICACIÓN DE KIM ROSSMO. (Noiz kontsultatua: 2017-11-30).
- ↑ .