Shingon
Budismoaren Shingon eskola (japonieraz 真言宗, Shingon shū), japoniar budismoko eskolarik nagusienetako bat da, eta garrantzitsuena esoteriko edo tantrikoen artean India eta Tibetetik kanpo. Shingon hitza, Chen Yen hitzaren ahoskatze japoniarra da, azken hau, aldi berean, mantra hitz sanskritoaren irudikapen bat delarik. Shingon budismoa, Japonian sortu zen Heian aroan (794-1185), Kūkai monje budista Txinara joan, tantra ikasi eta testu eta arte lan askorekin itzuli zenean, eta praktika eta doktrina esoterikoaren bere sintesi propioa garatu zuen, Vairokana buda kosmikoan zentratua.
Shingonaren irakaskuntzak, Mahavairokana Sutran eta Vajrasekhara Sutran oinarrituak daude. Budismo tantrikoa, argiztapenera daroaten meditazio prozesu eta errituetan zentratzen da. Shingonaren arabera, argiztapena, ez da bertara iristeko denbora luzea eman behar den urruneko errealitate bat, baizik eta gure jaiotzako eskubidea, benetako aukera bat gure bizitzan zehar. Benetako maisu baten laguntzarekin eta gorputzaren, hizketaren eta buruaren entrenamendu egoki batekin, ahalmen argiztatu hau aldarrika eta aska genezake gure eta besteen onerako.
Shingonean, Vairokana buda gauza guztietan dagoela esaten da. Shingonaren xedea, bakoitzaren izaera, Vairokanaren berbera izan zela ezagutzea da, meditazioaren eta errituzko praktiken bidez lortzen den xedea. Ezagutza hau, Shingonaren doktrina sekretua jasotzearen mende dago, eskolako maisuek euren hasiei aho bidez igorritakoa. Gorputzak zein hizketak eta buruak, prozesuan parte hartzen dute: gorputzak, deboziozko keinuen bidez (mudra) eta errituzko tresnen erabileraren bidez, hizketa, formula sakratuen bidez (mantra), eta burua meditazioaren bidez.
Badago ezberdintasun bat Shingon budismoa eta Tibeten mantentzen diren beste budismo tantriko eskolen artean, eta kaligrafiaren erabilera da, margozko irudikapenen ordez, Budaren irudiak euren mandalatan irudikatzeko. Siddham bezala ezagutzen den antzinako idazkera indiar bat erabiltzen da mantrak idazteko eta mandalak marrazteko.