Artikulu hau Errusiako eskualderi buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Siberia (argipena)».

Siberia (errusieraz: Сиби́рь, Sibir) Iparraldeko Asian kokatutako Errusiako lurralde zabala da. 12.765.000 kilometro koadroko eremua hartzen du, hots, Asia osoaren laurdena baino gehiago eta Errusiako azaleraren % 77. Bertan 40 milioi pertsona inguru bizi da, Errusiako biztanleriaren % 27.

       Siberiako Barruti Federala        Siberia, eskualde geografikoa.        Siberia, Mendebaldeko iturrien eta erabilpen historikoaren arabera.

Iparraldean Ozeano Artikoarekin du muga; ekialdean, Ozeano Bareko Bering eta Okhotskeko itsasoekin; hegoaldean, Mongoliarekin, Txinarekin eta Kazakhstanekin; eta mendebaldean, Ural mendiekin.

Geografia

aldatu
 
Baikal aintzira.
 
Katun ibaia, Altai mendietan.

Orografia eta hidrografia

aldatu

Siberiak hiru alderdi nagusi ditu: mendebaldea (Ural mendien eta Jenisei ibaiaren artekoa), erdialdea (Jenisei eta Lena ibaien artekoa) eta ekialdea (Lena ibaitik ekialderakoa):

  • Mendebaldeko Siberia Obi ibaia eta horren adarrak ardaztzat dituen ordoki zabala da. Obi ibaiak oso goibehera leuna du, eta neguan izoztuak dauden eta udan zingiratsuak diren zelaiak igaroaz, Ozeano Artikoko Kara itsasoan isurtzen du ura.
  • Erdialdeko Siberia, berriz, goi-ordoki zabala da, harekin muga egiten duten Jenisei eta Lena ibaien adarrek zatikatua. Ipar-mendebaldean du gunerik garaiena (Putorana, 1.701 m). Hegoaldean Baikal aintzira, munduko ur gezako lakurik sakonena, eta Mongolia zein Txinarekin mugatzen duten mendiak (Altai eta Saian) ditu.
  • Lena ibaiaren arroak ezkerraldetik mugatzen duen Ekialdeko Siberiako orografia askoz hautsiagoa da: 2.000 m-tik gorako mendiez osatutako mendikateak (Verkhoiansk, Txerski, Stanovoi…), goi-ordoki garaiak, ibai arroak, eta iparraldean, ordekak. Ekialdeko muturrean Kamtxatka penintsula dago, Okhotsk eta Bering itsasoen artean, sumendi jatorriko mendiekin (Kliutxevskaia sumendia, 4.750 m). Ekialdeko Siberiako ibai nagusiak Ozeano Barera isurtzen duen eta Siberiako hego-ekialdeko muga egiten duen Amur, eta Ozeano Artikora isurtzen duten Indigirka, Jana eta Kolyma dira.

Klima eta landaredia

aldatu

Siberiak klima kontinentala du, oso negu luze eta hotz handikoa, uda labur epelekoa eta, oro har, euri gutxikoa. Urtarrilean, batez beste, -15 °C eta -40 °C bitarteko tenperatura izaten da, eta udan 10-20 °C izaten dira. Hotzagoa ohi da Siberiako ekialdea erdialdea eta are mendebaldea baino, eta, toki batzuetan -70 °C-rainoko hotza ere egin dezake. Haatik, ekialdeko kostaldeak, Ozeano Bareko itsas-haizearen eraginez, askoz klima samurragoa du, eta baita euritsuagoa ere. Bestalde, urteko euri gehiena udako bizpahiru hilabeteetan izaten da eta, oro har, euri gehiago izaten da mendebaldean ekialdean baino. Batez beste, urtean, 550 mm baino gutxiagoko euri, kazkabar edo elur izaten dira, Erdialdeko Siberiako hegoaldeko mendialdean eta ekialdeko kostaldean izan ezik. Kamtxatkan 1.000 mm inguru izaten dira, elurra gehienbat. Baina, oro har, neguan elur gutxi egiten du.


      Datu klimatikoak (Novosibirsk, Siberiako hiri handieneko klima)      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) -12.2 -10.3 -2.6 8.1 17.5 24.0 25.7 22.2 16.6 6.8 -2.9 -8.9 7.0
Batez besteko tenperatura (ºC) -16.2 -14.7 -7.2 3.2 11.6 18.2 20.2 17.0 11.5 3.4 -6.0 -12.7 2.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -20.1 -19.1 -11.8 -1.7 5.6 12.3 14.7 11.7 6.4 0.0 -9.1 -16.4 -2.3
Pilatutako prezipitazioa (mm) 19 14 15 24 36 58 72 66 44 38 32 24 442
Iturria: [1]

Siberiako landaredia, iparraldetik hegoaldera, tundra, taiga edo estepa motakoa da. Artiko aldeko tundra lur izoztuetara egokitutako goroldioz eta likenez osatua da; baina Siberiako tundrak, Europako beste alderdi batzuetan ez bezala, iparraldea ez ezik iparraldetik beheragorako lurrak ere hartzen ditu, Siberiako erdialdean eta ekialdean batez ere. Nolanahi ere, taigako pinudi zabalek hartzen dute Siberiako lurraldeko eremu gehiena. Hegoaldeko estepa zabalagoa da Mendebaldeko Siberian erdialdean eta ekialdean baino.

 
Mendebaldeko Siberiako taiga eta Vasiugan ibaia.
 
Tundra, Jenisei ibaiaren arroan.
 

██ basamortu polarra ██ tundra ██ tundra alpetarra ██ taiga ██ baso menditarra ██ baso hostoerorkor epela ██ estepa epela ██ estepa lehorra

Banaketa administratiboa

aldatu
Siberiako subjektu federalak
subjektua zentro administratiboa
Uraletako Barruti Federala
Khanti-Mansi Khanty-Mansisk
Kurgan oblasta Kurgan
Tiumen oblasta Tiumen
Jamalia-Nenetsia Salekhard
Siberiako Barruti Federala
Altai kraia Barnaul
Altaiko Errepublika Gorno-Altaisk
Buriatia Ulan-Ude
Txita oblasta Txita
Irkutsk oblasta Irkutsk
Khakasia Abakan
Kemerovo oblasta Kemerovo
Krasnoiarsk kraia Krasnoiarsk
Novosibirsk oblasta Novosibirsk
Omsk oblasta Omsk
Tomsk oblasta Tomsk
Tuva Kizil
Ekialde Urruneko Barruti Federala
Jakutia Jakutsk
Siberiako subjektu federalak (adierarik zabalenean)
subject administrative center
Ekialde Urruneko Barruti Federala
Amur oblasta Blagovextxensk
Txukotka Anadir
Juduen Probintzia Autonomoa Birobidzhan
Kamtxatka kraia Petropavlovsk-Kamtxatsky
Khabarovsk kraia Khabarovsk
Magadan oblasta Magadan
Primorie kraia Vladivostok
Sakhalin oblasta Juzhno-Sakhalinsk
Uraletako Barruti Federala
Txeliabinskeko oblasta Txeliabinsk
Sverdlovsk oblasta Jekaterinburg

Historia

aldatu

XII. mendeaz gero Novgorod hiriko ehiztariak eta larru salerosleak Ural mendietatik ekialdera joan ohi ziren. Baina, XVI. mendea arte errusiarrek ez zuten behin betiko bizitokia hartu lurraldean. 1558an, Ivan Izugarria tsarrak Ural mendietatik ekialderako lurrak eman zizkion Stroganov sendiari, eta ordainez stroganovtarrek lurraldea kolonizatzeko ardura hartu zuten. 1598an, kosakoez osatutako gudarosteak Sibir-eko (hortik du lurraldeak Siberia izena) khanerri txikia tsarraren aginpidea onartzera behartu zuen. Handik aurrera, errusiar larru salerosle eta ehiztariak, eta kosakoez osatutako espedizio gehiago sartu ziren Siberian barrena, Bering itsasoraino.

1587an, Tobolsk eraiki zuten Obiren adarra den Irtyx ibaian. 1628an Krasnoiarsk eraiki zuten, Jenisei ibaiaren aldemenean; 1652an, Irkutsk, Baikal aintziraren inguruetan; eta 1649an, Okhotsk, izen bereko itsasoaren ondoan. 1648an, Semion Dezhniov kosakoa, Ozeano Artikoan barrena, Asiako ipar-ekialdeko muturreraino iritsi zen, eta Amerikarekin loturarik ez zuela egiaztatu zuen. XVII. mendearen bukaeran, errusiarrek gotorlekuak eraiki zituzten Kamtxatka penintsulan. 1689an, Errusiak eta Txinak Amur ibaia bi inperioen arteko mugatzat hartzea hitzartu zuten Nertxinsken.

XVIII. mendean, are espedizio gehiago egin ziren, tsarraren aginduz. Petri I.a Handiarentzat lan egin zuen Vitus Bering daniar itsasgizonak Deznhiovek eginiko aurkikuntzaren egiatasuna sendotu zuen; izan ere, 1725-28 bitartean, Beringek bere izena duen itsasertzaren eta itsasoaren mapak egin zituen, xehetasun handiz. Errusiak eta Txinak 1858an Aigunen egindako hitzarmenaren ondorioz, Errusiako Inperioa hegoalderantz hedatu zen, eta Amur eta Ussuri lurraldeak hartu zituen. 1860an Vladivostok eraiki zuten.

Baina, Siberia gaizkile eta preso politiko deportatuen bizilekutzat erabiltzen zen (geroago, Stalinen diktadurapean batez ere), eta lurraldeak ez zuen garrantzi handirik izan 1891-1916 bitartean Siberia alderik alde, Moskutik Vladivostokera (9.297 km), igarotzen duen burdinbidea (transiberiarra deitua) egin zen arte. Handik aurrera, milioika sobietar joan ziren Siberiara.

Errusiako Iraultzaren ondorengo gerra zibilean, Siberian, Alexander Koltxak txekiar almirantearen lejioko Armada Zuria galtzaile atera zen Armada Gorriaren aurkako guduan. Japoniako gudarosteak Vladivostoken lehorreratu ziren, eta Siberiako hegoaldea hartu zuten, baina 1922an, lurralde hartatik joan behar izan zuten. Burdinbideak eta lehen bost urteko planak (1928-32) industriaren hazkuntza ekarri zuten, transiberiar burdinbidearen inguruan batez ere. 1930etik 1960 arte Gulag zigor-sistema ezarri zieten SESBean milaka presori.

1960-70 urteetan, Sobietar Batasunaren eta Txinaren arteko tirabirak zirela eta, guduak izan ziren Ussuri ibaiaren ertzean. Sobietar gudaroste handiak Siberiaren eta Mantxuriaren arteko mugan finkatu ziren.

Biztanleak

aldatu

Siberiako biztanle gehienak errusiarrak dira. Izan ere, XVII. mendearen erdialdeaz gero errusiar askok bizitokia hartu zuten Siberiako bide nagusien aldemenetan, hegoaldean batez ere. Geroago, Sobietar Batasunarentzat Siberiako baliabide ekonomikoak ustiatzea lehentasunezko zeregin bihurtu zenenean, milioika sobietar (errusiarrak, bielorrusiarrak, ukrainarrak, kaukasiarrak…) joan ziren bizitzera. Errusiartutako 400.000 germaniar ere bizi dira Siberian[2]. Gaur egun, Siberiako leku jendetsuenak garraiabide nagusiak gurutzatzen diren inguruetako eta mea arro nagusietako hiriak dira (Novosibirsk, Krasnoiarsk…). Siberiak 6,5 milioi biztanle zituen 1926an, 17 milioi 1959an eta 25 milioitik gora 1970ean. Gaur egun 30 milioi inguru biztanle ditu.

Etorkinek denboraldi jakin bat egoteko eskubidea baino ez zuten, baina bien bitartean, Siberiako bertako biztanleen asimilazioak eta errusiartzeak aurrera egin zuen. Izan ere, kolonizazio sistematikoa eta suntsitzailea hasi baino lehen, lurraldeko ezaugarriei (tundra, taiga, estepa) egokitutako kultura eta bizimodua zituzten etnia asko bizi ziren. Herri nomadak ziren, bizimodua ateratzeko ehizan, arrantzan, edo elur-oreinak zaintzen zihardutenak. Hegoaldeko eta mendebaldeko estepetako herri gehienek behiak, ardiak eta zaldiak hazten zituzten, eta Artikoko eta Okhostkeko itsasoko kostaldeetan itsas ugaztunak ehizatzen zituzten. Gaur egun, herri horiek desagertzeko zorian daude, eta batzuek, dagoeneko, galdua dute hizkuntza edo herri nortasuna. Hogei komunitate autoktono baino gehiago bizi dira Siberiako mendebaldean (komiak, selkupeak, nenetak, khantak, samiak…), erdialdean (buriatak, jakutak, evenak…) eta ekialdeko muturrean (evenkak, kamtxadak, txuktxiak, koriakak, inuitak…).

Ekonomia

aldatu
 
Udatxnaiako diamante meatzea (Jakutia)

Siberiak oso mea baliabide handiak ditu (urrea, burdina, kobrea, diamanteak, harrikatza, petrolioa, gasa…), uraren indarra baliatzen duten argietxe handiekin batera, garrantzi handiko industria (metalurgia eta makinak) ahalbideratu dutenak. Bestalde abere hazkuntzak, Ozeano Bareko arrantzak, taigako oihanen ustiapenak eta, batez ere, hego-mendebaldeko estepetako labore sail handien ustiapenak ere garrantzi handia dute. Ekonomiaren hazkundea bideratzeko, Sobietar Batasuneko gobernuak, beste neurri batzuen artean, diru sari handiagoak ordaindu zizkien Siberiara joandako langileei (% 70 gehiago) eta garraiobideak egin zituen.

21. mendean, Siberiako aberastasunak oligarka errusiarrei lotutako enpresen bitartez ustiatzen dira batik bat, 1990eko hamarkadako Errusiako pribatizazio prozesuen ondoren. Rusal, Errusiako aluminio ekoizle handiena, Oleg Deripaskak kontrolatzen du. Norilsk-Nickel, berdin nikelari dagokionez, Vladimir Potanin eta Roman Abramovitx aberatsei lotuta dago, eta Norilsk hiri siberiarrean du zentroa. Negozio hauek abantaila izan dute 21. mendearen hasieran energia prezio bikoitzak ezarri direlako Errusia europarrean eta Siberian, errazagoa bilakatuz lehengaien prozesamendua Siberian[3].

Garraiobideak

aldatu

Transiberiarra Siberia eskualdea Errusia mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen trenbidea da. XIX. mendearen amaieran hasi zen eraikitzen eta 1904ko uztailaren 21ean inauguratu zen, 13 urteko lanen ostean.

Trenbideak 9.288 km-ko luzeera du eta Mosku eta Vladivostok (Ozeano Barea) hiriak lotzen ditu. Munduko tren-zerbitzurik luzeena da eta 7 egun behar dira hasieratik amaierara egiteko.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Гидрометцентр России. .
  2. «Siberian Germans» Everyculture.com
  3. (Ingelesez) Rothacher, Albrecht. (2021-05-20). Putinomics: How the Kremlin Damages the Russian Economy. Springer Nature, 210-211 or. ISBN 978-3-030-74077-1. (Noiz kontsultatua: 2022-03-10).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 10
idea 10
Ideen 1
multimedia 1
os 37
web 1