Silaba soinu multzo bat da ahots kolpe bakarrean ahoskatzen dena. Hitz bat osatzen duten ataletako bakoitza da. Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela definitzen du: «Ahots igortze bakarrean ahoskatzen den hotsa edo hotsen multzoa, fonetikaren oinarrizko unitatea».[1]

Katakana karaktereak idazkera silabikoaren adibide dira. Katakana bakoitzak mora bat irudikatzen du.

Etimologia

aldatu

Silaba hitza latinezko syllaba hitzetik hartua da; hura grezieraren koineko συλλαβή (syllabḗ) hitzetik dator, zeinak esan nahi baitu «batera hartutakoak», hori da, hots bakar bat egiteko batera hartzen diren letrak.[2][3]

Grezierazko συλλαβή hitza συλλαμβάνω (syllambánō; euskaraz: «batu, besarkatu, barne hartu») aditzaren aditz izen bat da, zeina osatzen baita σύν (sýn) aurrizkiaz (euskaraz: «-(r)ekin») eta λαμβάνω (lambánō; euskaraz: «hartu, bildu»).[4] Izenak aoristo denboran agertzen den λαβ- erroa erabiltzen du; orainaldiko erroa, λαμβάν-, eratzen da μ ⟨«m») artizki sudurkari bat erantsita β ⟨«b») letraren aurretik eta -αν («-an») atzizki bat gehituz amaieran.[5]

Definizio arazoak

aldatu

Ikerlariek, baina, arazoz beterik aurkitzen dituzte definizio konbentzionalak. Lourdes Oñederra fonologoak, besteak beste, honela zehaztu zituen silabaren definizio arazo horiek: «Segmentuen eta prosodiaren arteko zubi dugu nolabait silaba, baina muga, zubi, bitarteko izate horrek errealitate konplexu eta definigaitza egiten du».[6] Alabaina, beste ikerlari batzuk definizioaren zailtasunen artean argia biltzen saiatu izan dira, adibidez horien artean Oroitz Jauregi hizkuntzalaria: «Silabak, hierarkian prosodia eta segmentuen artean egonda, zubi lana egiten du; beste era batera esanda, silaba prosodia eta segmentuak jostean sortzen da, elkarren arteko gurutzatzea gertatzen denean. Hizketa fisiko bihurtzen denean sortzen da silaba, hizkuntza hizketa bihurtzerakoan edo kanporatzerakoan, eta silaben bidez ateratzen da hizketa».[7]

Silaben osaera eta silabari eragiten dioten fenomenoak fonologian aztertzen dira batez ere. Esan daiteke silaba dela fonologiaren hizkuntza unitatea nagusia, fonemarekin batera. Izan ere, alfabetoak baino lehenago silabarioak agertu ziren. Silaba kopuruaren arabera, hitz bat silaba bakarrekoa, bisilaboa, trisilaboa edo polisilaboa (hiru silaba baino gehiagokoa) izan daiteke, eta horrek azentuari eragiten dio. Tonuan ere izan ditzake ondorioak, ezaugarri horrek balio bereizgarria duen hizkuntzetan, hala nola txinera. Hitz bat silabatan bereiztea garrantzizkoa izan daiteke, besteak beste alderdi ortotipografikoan, bi lerroren artean hitz bat maraz bereizi ahal izateko.[8][9]

Idazkera silabikoa lehen letrak baino mende batzuk lehenago agertu zen. Dokumentatutako lehen silabak K.a. 2800. urtearen inguruan Ur sumertar hirian idatzitako taulatxoetan agertu ziren. Piktogrametatik silabetarako aldaketa hori «idazketaren historiako aurrerapenik garrantzitsuena» dela esan izan dute adituek.[10][11]

Silaba kontzeptuaz arrotz diren hizkuntzak aurkitu izan dira, Ipar Amerikako ipar-mendebaldeko itsasertzeko jatorrizko hizkuntza batzuk adibidez, baita amazigera eta Japoniako ryukyu hizkuntza batzuk ere,[12] baina salbuespen dira orobat, hizkuntza gehienek ezaugarri hori baitute jakiteko hitz jakin bat sistema horretako den ala ez.

Egitura silabikoa

aldatu

Osagaiak

aldatu
 
Silaba bat irudikatzen duen zuhaitz formako diagrama.

Mendebaldeko tradizioan, silaba batek (σ) bi osagai ditu funtsean (ondoko eskeman irudikatuta):[13]

  • ekin bat (ingelesez onset: ω): kontsonantea, derrigorrezkoa hizkuntza batzuetan, aukerakoa edo mugatua beste batzuetan;
  • errima bat (ρ), silaba batzuetan honela banatzen dena:
    • muin bat (ingelesez. nucleus: v): bokala, derrigorrezkoa hizkuntza gehienetan;
    • koda bat (k): kontsonantea, aukerakoa zenbait hizkuntzatan, oso murriztua edo debekatua beste batzuetan. Silaba batek koda bat duela esaten da itxia denean, eta kodarik ez duela irekia denean.

Euskaraz bat hitzak duen silaba bakarrean, a da nukleoa (berez argi ahoskatu edo esan daitekeen soinua), b hasiera eta t da koda. Silaba hau kontsonante-bokal-kontsonante gisa definitu daiteke, laburki CVC, ingelesezko hitzen hasieraz (consonant, vowel). Hizkuntza bakoitzak ezartzen dituen murrizpenak oso aldagarriak izan daitezke silaba baten ekina, muina eta koda osa dezaketen soinuez.[14]

Ekialde Urruneko analisiaren tradizioan (baita ere irudikatuta azaltzen dena ondoko eskeman), mandarin txineraren silaben analisian bereziki moldatua, bereizten dira eskuarki:

  • hasierako soinua (ι), guztiz kontsonantikoa;
  • azken soinu bat (φ, hartzen dituena:
    • errima osoa (ρ), tonua (τ) daramana.
    • erdiko bokalaren aurreko erdibokala, hots, erdiko soinua (μ).

Silaba bakoitzak ezaugarri suprasegmentalak dituen arren, oro har ez dira aintzat hartzen semantikoki esanguratsuak ez badira; adibidez, hizkuntza tonaletan diren bezala.

Munduko hizkuntza guztietako silaba guztietan dago. Ekina sinplea edo konposatua izan daiteke. Hizkuntza gehienek silaba ekin hutsak ere onartzen dituzte,[15] baina kasu horretan egiturazko ezaugarri markatu batez hitz egiten da[16], hau da, hutsa izanda ere, silabaren ekina testuinguruari lotutako soinu kontsonantiko batek betetzeko joera dago. Adibidez, joera hori da frantsesez egiten den liaison ahoskera fenomenoaren jatorria.[17]

Errima

aldatu

Errimaren multzoak biltzen ditu silabaren nukleoa (gehienetan bokalikoa), bakarrik egon daitekeena (silaba irekien kasuan) edo kontsonantez osatutako koda bati lotuta. Silaba orok gutxienez errima bat izaten du, eta errima hori, gutxienez, fonema batek betetzen du nahitaez.

Errima linguistikoaren nozioa ez da olerkigintzako errimaren nozio berbera. Hizkuntzalaritzan errima beti silabaren zati bat den bitartean, poesian errima batzuk (errima «aberatsak») segidan diren silaba batzuek osatzen dituzte, ekina barne (adibidez, hocus pocus formulan).[18]

Silabaren errimari buruzko arau gramatikalak askoz ugariagoak dira hizkuntza gehienetan silabaren ekinari buruzkoak baino.

Muin silabikoa

aldatu

Muin silabikoa (hau da, silabaren nukleoa edo silaba gunea) silabaren soinu mailarik altuena duen segmentuan datza. Euskara batuan, beti da elementu bokaliko bat: bokal bakarra edo diptongoa. Beste hizkuntza batzuetan, baina, kontsonante sudurkari edo likido batek ere izan dezake muin silabikoaren papera, edo bokal atonoen elisio testuinguru batzuetan (ingelesez apple [a.pl] edo alemanez singen [siŋn̩]). Beste hizkuntza batzuek nukleo kontsonantikodun silabak onartzen dituzte modu erregularrean, bokal baten elisiorik gabe: txekieraren kasua da, adibidez, strč prst skrz krk esakunean ([str̩tʃ pr̩st skr̩s kr̩k]; entzun; euskaraz «hondoratu hatza eztarrian») ez du bokalik silaba bakar batean ere.

Koda (italieraz coda, «buztana») silabaren hautazko elementu bat da, kontsonante batez edo gehiagoz osatua. Bere sonoritate printzipioa, silabaren ekinean ez bezala, beheranzkoa da. Koda bat duen silaba bati (VC, CVC, CVCC, CVV…) silaba itxi esaten zaio.

Hizkuntzen arteko desberdintasunak

aldatu

Gaztelaniaz, adibidez, muin silabikoa bokal edo diptongo batek osatzen du beti, izan goranzkoak edo beheranzkoak, katalanez ez bezala, diptongo beheranzkoak baino ez baititu onartzen. Ekina gerta daiteke edo ez, eta gehienez ere bi fonemaz osatuta egon daiteke. Ekin bakunaren posizioan edozein fonema kontsonantiko ager daiteke; bi fonemaz osatutako ekin posizioan, lehenak herskari edo frikari izan behar du eta bigarrenak / l, r, i, w / bitarteko soinu bat izan behar du beti. Koda sinplea edo bikoitza izan daiteke eta / p, k, r, l, m, n, s,.../ izan daiteke.[19]

Frantsesez, ekina hutsa izan daiteke eta koda ere bai. Horrela y [i] izenordain adberbialean ekina hutsik dago, muina [i] da, eta kodarik ez dago.[20]

Japonieraz, egitura silabikoa sinpleagoa da. Bai ekina bai koda beti sinpleak dira, nukleo silabikoa bokal bat da eta koda soilik sudurkari batez osatuta egon daiteke, edo oklusiboa talde bikoitzetan.[21] Ingelesez, aldiz, ekinean silaba konplexuagoak onartzen dira, stop edo string modukoak.

Hizkuntza batetik besterako mailegu lexikoetan, ohikoa da silabak berregituratzea, bokal epentetikoak gehituz, beharrezkoa den tokian, sortzen den hitzak hizkuntza hartzailean ohikoa den egitura silabikoa bete dezan. Adibidez, euskarak latinetik hartutako antzinako maileguetan, ekinean ez zen «muta cum liquida» konbinazioa onartzen: edo trabaria erotzen zen (placet > laket, pluma > luma) edo bokal epentetiko bat eransten zen (crucem > gurutze, librum > liburu).

Silabaren egiturazko murrizketak

aldatu

Kopuru murrizketak

aldatu

Hizkuntza batean egon daitezkeen silaben murrizketen zerrenda ezarri nahi bada, silabaren elementuetan egon daitezkeen fonemen kopurua eta identitatea adierazi behar da. Hala, euskara estandarrean, ekina hutsa izan daiteke, eta kodarik ez egotea: hau [au] erakuslean ekina hutsik dago, [au] da muina, eta kodarik ez dago.

Ez da hala gertatzen arabieraz, non ekina nahitaez egon behar den silaba guztietan; hau da, silaba guztiak kontsonante batez hasi behar dira.[22] Adibidez, ʾAl·là [ʔallaːh] honela aztertzen da:

  • 1. silaba ʾal:
    • ekina: [ʔ],
    • muina: [a],
    • koda: [l],
  • 2. silaba :
    • ekina: [l],
    • muina: [aː],
    • koda: [h].

Japonieraz, koda bokal sudurkaria edo nulua izan behar da (albo batera utzita ahoskera azkarra, non zenbait bokal atono, u eta i, mutututa gelditu baitaitezke): です , [de.su] «da», izan daiteke, baina ez *[de.sut]. Beste alde batetik, です hitz horren ahoskera azkarrean u mututu daiteke, des' esanda.

Beraz, silaben egitura kuantitatiboa adieraz daiteke, hau da, gehienezko fonema kopurua ekinean eta kodan. Frantsesez, silaba teorikorik handiena CCCVCCCC formakoa da; badago CCCV strict hitzean edo VCCCC dextre hitzean, baina hitz bakar batek ere ez du CCCVCCCC silabarik osatzen. Polonieraz, silabarik handiena are luzeagoa izan daiteke, CCCCCVCCCCC, baina soilik maila teorikoan, berriro ere: badago CCCCCV źdźbło [ʑḏʑbwɔ] hitzean (euskaraz, orria), eta VCCCCC przestępstw [pʃɛstɛmpstʍ] hitzaren bigarren silaban (genitibo pluralean; euskaraz: hauste, urratze). Japonieraz, aldiz, silabarik handienak ezin du CVN neurria gainditu (N sudurkaria da). Tahitiera oraindik ere mugatuagoa da; ia silaba guztiak irekiak izan behar dira, CV erakoak.

Silabak hitzaren barruan duen lekua ere kontuan hartu behar da: turkieraz, esate baterako, CCV ezinezkoa da hitzaren hasieran; hasierako silaba bat bera ere ezin denez bi kontsonanterekin hasi, protesi kasu asko gertatzen dira: geltoki hitza esateko frantsesetik station [stasjō] mailegua hartu zuen, baina istasyon bihurtuta, lehen silaban hasierako bi kontsonante egon ez daitezen.[23] Gaztelaniaren eta katalanaren gisako hizkuntza erromantze batzuek ere halako arau silabikoa dute hitz hasieran; horrela, latinaren statio hitzak estació eman dukatalanez eta estación gaztelaniaz. Beste batzuetan, ordea, ez da printzipio hori aplikatzen, italieraz (stazione), frantsesez (station) edo errumanieraz (stație) bi kontsonante onartzen baitira hitzaren hasieran.

Kalitate murrizketak

aldatu

Arabieraz eta katalanez, hizkuntzaren fonema guztiak silabaren edozein elementutan ager daitezke. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, fonemak dauden tokiaren arabera banatzen dira: mandarineraz, kodan soilik kontsonante sudurkari [n] edo [ŋ] bat ager daiteke. Alabaina, [ŋ] fonemak ezin du ekinaren lekua hartu. Horrek esan nahi du hitz bat ere ezin dela hizkuntza horretan [ŋ] batekin hasi, eta hitz batek ezin duela [t] batekin amaitu. Kasu horretan, beraz, hizkuntzak sor dezakeen silaba kopuru osoa mugatua eta zenbakarria da.[24]

Joera monosilabikoa duten hizkuntzek, hala nola txineraren dialektoek, birmanierak, vietnamerak eta Hego-ekialdeko Asiako hizkuntza ugarik printzipio horren arabera funtzionatzen dute.

Silaben sailkapen fonologikoa

aldatu

Fonologikoki, silabak zenbait irizpideren arabera sailka daitezke:

  • Silaba azentudunak/azentugabeak. Silabak indar handiagoa edo apalagoa har dezake, ahoskerari arabera. Hala, silaba azentugabeak dira gehienak, baina batzuk azentudunak dira, indartsuago ahoskatzen baitira, tonuz nahiz intentsitatez. Kontuan hartu behar da, dena dela, euskaraz azentu unitatea ez dela hitz soila, baizik talde prosodikoa, hau da, hitzen sekuentzia edo perpausa. Oro har, esan daiteke azentu nagusia talde prosodikoaren bigarren silaban doala, eta hala ez denean, lehen silaban (hitz erro markatuetan: silababakarrekoak, lehen silaba diptongoa, maileguetan jatorriz lehen silaba azentuduna zenean, galdetzaileetan, pertsona izenetan, pertsona izenordainetan eta abar).
  • Silaba irekiak/itxiak edo askeak/trabatuak. Hizkuntza batzuetan bereizkuntza garrantzitsua da silabak koda edukitzea ala ez edukitzea. Kodarik gabeko silabak irekiak edo askeak dira, eta koda dutenak itxiak edo trabatuak. Indoeuropar hizkuntza moderno gehienetan, nukleo silabikoa ezin da izan bokal edo diptongo bat baino, eta, beraz, bokalez amaitutako silabak irekiak edo askeak dira eta kontsonantez amaitutako silabak, itxiak edo trabatuak.
  • Silaba laburrak/luzeak edo arinak/astunak. Hizkuntza batzuetan —hala nola latina, greziera klasikoa, japoniera edo sanskritoa— fonemaren eta silabaren bitarteko egiturak daude. Bitarteko unitate horiek morak dira. Oro har, halako hizkuntzatan silaba bakoitza mora kopuru jakin batean bana daiteke. Mora bakarreko silabak laburrak edo arinak dira, eta mora bat baino gehiagoko silabak luzeak edo astunak. Oro har, halako hizkuntzetan azentuaren kokapena erabakitzen da silabaren luzeraren arabera.

Euskararen silabak

aldatu

Egungo euskara estandarra

aldatu

Hizkuntza bakoitzak, bere fonemen taldearekin batera, bere arauak ditu fonema horiek nola elkar daitezkeen eta nola ez jakiteko. Horrela, adibidez, euskaraz silaba batek ezinbestean izan behar du, gutxienez, muin bat, bokal batez edo diptongoeuskara estandarrean eta euskalki gehienetan, beheranzko diptongo― batez osatua.[25][26]

Hala, euskarazko silaben inbentarioa osa daiteke, edo, zehazkiago esanda, gaur egungo euskara estandarraren hitz patrimonialetan posible diren silaba guztiak eman ditzakeen formula hau:[27]


 

Silabaren muinaren aurretik egon daitezkeen kontsonanteei (C1, C2) dagokienez, hiru aukera daude:

  • Kontsonanterik ez: silaba [V(w)], [V(w)][C3] edo [V(w)][C3C4] eredukoa izatea, o.ro, au.ke.ra, hel.du edo ertz adibideetan bezala.
  • Kontsonante bakarra: silaba [C1][V(w)], [C1][V(w)][C3] edo [C1][V(w)][C3C4] eredukoa izatea, on.do, geuk edo belz.tu adibideetan bezala. Antzinako euskaraz hitz hasierako silabatan ez zen onartzen /r/ dardarkaria ekinean eta maileguzko hitzetan bokal bat eransten zen halakoetan: lat. regem > errege, rarus > arraro. Mailegu garaikideetan, aldiz, posizio horretan dardarkaria onartzen da, adibidez radar.
  • Kontsonante taldea: silaba [C1C2][V(w)], [C1C2][V(w)][C3] edo [C1C][V(w)][C3C4] eredukoa izatea; ekinean onartzen diren talde bakarrak dira muta cum liquida deitu ohi direnak, hau da, /b, d, g, p, t, k, f/ + /r, l/, /tl/ eta /dl/ izan ezik: gre.ba, gris edo plas.ta.[28] Antzinako euskaraz ez ziren onartzen era honetako kontsonante taldeak, latinetik hartutako zenbait mailegutan ikusten den bezala: edo kontsonante trabaria galtzen zen (pluma > luma, placet > laket), edo bokal bat gehitzen zen (librum > liburu, crucem > gurutze).[29] Ekinena ezinezkoa dira beste kontsonante konbinazio batzuk, hala nola frikari gehi kontsonante bilkura, Latinetik hartutako mailegu zaharretan bokala eransten zen hasieran (spiritu > izpiritu, spata > ezpata) eta egun ber gauza egiten da, beste hizkuntzetatik hartuta [sC] kontsonante bilkurarekin hasten diren hitzak ahoskatu ezinezkoak jotzen direnez, bokal bat eransten zaie; horrela, adibidez ski > [eski], stop > [estop] ahoskatzen dira.[30]

Silabaren gunea edo nukleoa bokal batek edo diptongo batek osatzen du beti ezinbestean. Gogoan izan behar da euskaraz diptongoak beheranzkoak direla: ai.pu, ho.dei, le.hoi, gaur, eu.tsi. Goranzko diptongoak izango liratekeenak hiato gisa ahoskatzen dira: men.di.a, no.zio, le.ku.a, zu.ok, fu.er.te, bi.en.tzat.[31][32]

Silabaren muin edo nukleoaren atzetik agertzen diren kontsonanteek osatzen dute koda. Hiru aukera daude:

  • Kodarik ez: silaba [V(w)], [C1][V(w)] edo [C1C2][V(w)] egiturakoa izatea, hau, ni edo blai adibideetan bezala.
  • Kontsonante bakarra: silaba [V(w)][C3], [C1][V(w)][C3] edo [C1C2][V(w)][C3] eredukoa izatea, haur, gaur edo krak adibideetan bezala.
  • Kontsonante taldea; silaba [V(w)][C3C4], [C1][V(w)][C3C4] edo [C1C2][V(w)][C3C4] egiturakoa izatea, hats, gatz edo prest adibideetan bezala.

Kodan agertu daitezkeen kontsonanteak edo kontsonante multzoak hitz barruan gutxiago dira hitz bukaeran baino:

  • Silaba hitz barruan badago, kodan:
    • kontsonante bakar sudurkari bat (kon.tu, an.dre, han.ka, fan.ta.si.a, on.ddo);
    • urkari bat /l/ edo /r/ (el.kar, har.tza);[33]
    • txistukari igurzkari bat (es.na.tu, baz.ter, ix.to.ri.o);
    • kontsonante multzoak morfema mugetan (sudurkari gehi txistukari: men.di.ranz.ko, urkari gehi txistukari: belz.tu). Ezinezkoak dira herskariak (doctore > dotore, nahiz mailegu berrietan onartzen den) edo afrikatuak (etxerantz-ko > etxeranzko, huts-tu > hustu, beltz-tu > belztu).[34]
  • Silaba hitz bukaeran badago, kodan:
    • /n/ sudurkaria (e.man, e.gin, lan), /l/ edo /r/ urkari bat (ez.kil, en.bor);
    • txistukari igurzkari bat /s̻/, /s̺/, /ʃ/ (so.las, be.reiz, gin.dax);
    • afrikatu bat /t͡s̻/, /t͡s̺/, /t͡ʃ/ (a.be.rats, gaitz, txe.petx);
    • herskari bat /k/, /t/ (zen.bat, ho.nek); /p/ bakarrik hitz fonosinbolikoetan (eup!, hu.rrup);
    • talde kontsonantiko orokorrak: /n/ gehi afrikatua (mintz, a.huntz), urkari /r/, /l/ gehi afrikatua (kas.ka.beltz, u.me.zurtz, beltx); txistukari igurzkaria gehi /t/ (i.rrist, zizt).

Silaben arteko elkarketak egiteko murrizpenak

aldatu

Silaba barruko elementuen artean murrizpen edo muga fonikoak dauden gisan, hitzen barruan silabak kateatzeko murrizpen batzuk daude euskaraz.

Onartzen diren silaba topaketak
aldatu
  • igurzkaria gehi sudurkaria: es.na, as.mo, a.haz.men;
  • igurzkaria gehi herskari ahoskabea: as.tin.du, as.ke, os.pa, baz.ter, e.zez.ka, ez.pa.ta;
  • sudurkaria gehi herskaria: men.pe, lan.du, non.go;
  • sudurkaria gehi afrikatua: an.tza, on.tsa, han.txe;
  • /n/ sudurkaria gehi /l/: biz.tan.le, i.zen.la.gun, oin.lo.di;
  • albokaria gehi sudurkaria: maiztasun urrikoa izan arren, eratorpenetan eta hitz elkarketetan aski arrunta da (a.hal.men, gal.men, hel.muga, sal.men.ta);
  • urkaria gehi herskaria: kol.pe, u.ler.pen, bil.te.gi, a.gor.te, el.kar, bar.ka, hel.bu.ru, hur.bil, bil.du, ber.din, el.go.rri, zer.ga;[33]
  • urkaria gehi afrikatua: i.gel.tsu, gar.tsu, gal.tzer.di, i.sur.tze, al.txor, hor.txe;[33]
  • /r/ gehi sudurkaria: ar.nas, mar.mo.ka;
  • /r/ gehi albokaria: i.gar.le;
  • igurzkaria gehi albokaria: ba.bes.le, i.ra.baz.le;
  • igurzkari gehi herskari ahostuna: oso ugaria ez bada ere, elkarketatan maiz ikusten da (sos.dun, ez.deus, ar.nas.gai.lu, bi.hoz.ga.be, des.ber.din, ez.bai).
Onartzen ez diren silaba topaketak
aldatu
  • sudurkari taldeak: oso urriak dira, oro har, /nn/ taldea bezala, izen onomastikoetan edo mailegu moderno bakan batzuetan besterik ikusten ez dena (ren.nes.tar, kon.no.ta.ti.bo); /mn/ taldea ere maileguzko hitz gutxi batzuetan ageri da (gim.nas.ti.ka); eta nm taldea izen onomastiko batzuetan besterik ez da gertatzen (san.mar.tin.dar);
  • /n/, /l/, /r/ gehi igurzkaria: afrikatu egiten da igurzkaria (zi.en.tzi.a, gal.tza, fal.tsu, gar.tze.la, ar.tse.ni.ko);[33]
  • albokaria gehi dardarkaria, /lr/ taldea ez da inoiz gertatzen;
  • igurzkaria gehi dardarkaria: soilik sr taldea aurki daiteke izen onomastiko gutxi batzuetan (is.ra.el.dar);
  • afrikatua gehi herskaria: eratorpenetan eta elkarketetan, halako topaketak gertatzen direnean afrikatua igurzkari bihurtzen da (ka.muts > ka.mus.tu, i.datz > i.daz.pen, hitz > hiz.ke.ta);
  • igurzkaria gehi afrikatua: halako topaketak gertatzen direnean, eratorpenetan bereziki, afrikatua herskari bihurtzen da (bikoiz(tu) + -tzaile > bi.koiz.tai.le); salbuespen gutxi batzuk gerta daitezke deklinabidean (a.paiz.tzat);
  • herskaria gehi kontsonantea: edo herskaria galtzen da (bait + naiz > bai.naiz) edo asimilazioak gertatzen dira (bait + gara > bai.ka.ra, erret + bide > e.rre.pi.de).

Antzinako euskararen silaba egitura

aldatu

Koldo Mitxelenak antzinako euskararen silabaren egitura aztertzen lehengotarikoa izan zen, hizkuntzalaritzaren beste esparru askotan bezala.[35] Silaba egitura hau proposatu zuen, antzinako euskarari zegokionez: (C)V(W)(R)(S)(T)

Jakina, silabaren gune nagusi bakarra bokala zen, eta gainerakoak hautazkoak edo posibleak ziren, ez nahitaezkoak, eta murrizpen edo debeku arau askoren mendekoak, betiere aitortuta konplexutasun handiena hitz amaieran gertatzen zela.[36] Alde horretatik begiratuta, geurtz hitzak du euskaraz egon daitekeen silabarik konplexuena, nahiz, hala ere, ez dituen Mitxelenak proposatutako egitura teorikoaren osagai guztiak biltzen.[37]

Mitxelenak aitzinako euskararen silaba egituraz egindako proposamenak gogoan izanda, Oroitz Jauregi fonetista ikerlariak euskararen garai desberdinetako silaba egituren alderatze hau proposatu zuen, silaba egituran diakronikoki egondako desberdintasunak nabarmenduz:[38]

V CV CVC VC CCV CCVC CVCC VCC CCVCC CVCCC
gaur egungo euskara estandarra
antzinako euskara

Taulan ikusten ahal den gisan, antzinako euskararen silaba egiturak ez zituen kontsonante bilkurak onartzen silabaren hasieran. Bestalde, CCVCC ―gorago azaldutako formulan [C1C2][V(w)][C3C4], alegia― silaba egitura modu aski teorikoan soilik har daiteke, orobat egitura hori silaba bakarreko onomatopeietan (klisk, braust) edo mailegu bakan batzuetan (prest) onartzen baita.[39]

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. «Bilaketa > silaba» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  2. (Ingelesez) «Etymology of syllable» Online Etymology Dictionary (web.archive.org) 2024-04-24 (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).
  3. (Gaztelaniaz) «Sílaba | Etimología» DeChile.net (web.archive.org) 2024-04-24 (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).
  4. (Ingelesez) Liddell, Henry George; Scott, Robert. (1996). «λαμβάνω» A Greek-English Lexicon (Oxford: Clarendon Press (web.archive.org)) ISBN 978-0198642268. OCLC .1142849428 (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).
  5. (Ingelesez) Smyth, Herbert Weir. (1956). Greek Grammar. Cambridge: Harvard University Press (web.archive.org) OCLC .459629266 (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).
  6. Oñederra 2004, 133. orr. .
  7. Jauregi 2007, 29. orr. .
  8. Euskaltzaindia. «Lerro-bukaerak nola eten» Euskara Batuaren Eskuliburua (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  9. «13. araua: Lerroz aldatzean marratxoak nola jarri» Euskaltzaindiaren Arauak (www.euskaltzaindia.eus) 1994-11-25 (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  10. Walker 1990, 15-73. orr. .
  11. Blainey 2002, 87. orr. .
  12. (Ingelesez) Pellard, Thomas. (2010-10). Shimoji, Michinori ed. «Ōgami (Miyako Ryukyuan)» An introduction to Ryukyuan languages (Research Institute for Languages and Cultures of Asia and Africa): 113–166. (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  13. (Frantsesez) Knoerr, Hélèn. (2014). «LIN1720 cours 14 La syllabe» Université d’Ottawa (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2024-08-23).
  14. Jauregi 2007, 58-69. orr. .
  15. aix1.uottawa.ca/~hknoerr/DGD10.ppt
  16. (Alemanez) Hall, T. Alan. (2020-10-12). «Phonologie: Eine Einführung» Phonologie (Berlin: De Gruyter Mouton): 205-270. or.  doi:10.1515/9783110803815. ISBN 978-3110803815. OCLC .1202624596 (Noiz kontsultatua: 2024-08-24).
  17. (Frantsesez) Schane, Sanford A.. (1967). «L'élision et la liaison en français» Langages 2 (8): 37–59.  doi:10.3406/lgge.1967.2891. (Noiz kontsultatua: 2024-08-24).
  18. (Ingelesez) «Hocus-pocus - Meaning & Origin Of The Phrase» Phrase Finder (web.archive.org) 2024-06-09 (Noiz kontsultatua: 2024-08-24).
  19. (Gaztelaniaz) Ríos Mestre, Antonio. (1999). «Reglas de silabación» Estudios de Lingüística del Español (Bartzelona: Universitat Autònoma de Barcelona (web.archive.org)) 4. bol. ISSN 1139-8736. OCLC .62410281 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  20. (Frantsesez) «Syllabe phonétique : définition et principales formes» Banque de dépannage linguistique (Office québécois de la langue française (web.archive.org)) 2024-02-17 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  21. (Frantsesez) «Japonais : phonologie» Langues et Grammaires du Monde dans l'Espace Francophone (web.archive.org) 2024-04-17 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  22. (Frantsesez) Angoujard, Jean-Pierre. (2004-04-19). «Structure syllabique et information lexicale en arabe» Actes des XXVèmes Journées d'Étude de la Parole (Fès, Morocco: Université de Nantes - Faculté des Lettres et Sciences Humaines): 20. OCLC .784051649 (Noiz kontsultatua: 2024-08-25).
  23. (Turkieraz) «istasyon» Vikisözlük 2023-07-28 (Noiz kontsultatua: 2024-08-27).
  24. (Txineraz) «Chinese Pinyin Table - 汉语拼音表» Archinese (web.archive.org) 2024-03-31 (Noiz kontsultatua: 2024-08-27).
  25. Jauregi 2003, 396. orr. .
  26. Oñederra 2004, 65-66. orr. .
  27. Jauregi 2003, 396-402. orr. .
  28. Jauregi 2007, 248. orr. .
  29. Jauregi 2007, 452-453. orr. .
  30. Jauregi 2007, 48. orr. .
  31. Jauregi 2007, 365. orr. .
  32. Oñederra 2004, 85. orr. .
  33. a b c d Oñederra 2004, 194. orr. .
  34. Oñederra 2004, 62-63. orr. .
  35. Ikus (Gaztelaniaz) Michelena, Luis. (1961). «Fonética Histórica Vasca» ASJU (EHU)  doi:https://dx.doi.org/10.1387/asju.8531. ISSN 0582-6152. OCLC .9456774533. diptongoen atala; eta (Frantsesez) Michelena, Luis. (1985). «La langue ibère» Lengua e historia (Madrid: Paraninfo): 341-357.. ISBN 978-8428313797. OCLC .15009896.
  36. Jauregi 2007, 392. orr. .
  37. Jauregi 2007, 397. orr. .
  38. Jauregi 2007, 394. orr. .
  39. Jauregi 2007, 395. orr. .

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 1
idea 1