Sorgin-ehiza

historian zehar sorginen aurka izandako jazarpena da, maiz jendearengan haienganako ikara eta gorrotoa zabalduz.

Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Sorgin-ehiza (argipena)»

Sorgin-ehiza historian zehar sorginen aurka izandako jazarpena da, maiz jendearengan haienganako ikara eta gorrotoa zabalduz. Europan eta Ipar Amerikan gertatu ziren XV.-XVIII. mende bitartean eta horien ondorioz hamar milaka pertsona erailak izan ziren, maiz erreta. Gutxi gora behera, XV. mendetik XVII.era 100.000 bat pertsona hil zituzten munduan "sorginkeria" egotzita, horietako gehienak, hau da, % 80 emakumeak ziren.[1]

Euskal Herrian, sorgin-ehiza ezagunenak bi dira: Zugarramurdikoa eta Lapurdikoa. Zugarramurdi eta inguruko herrietako ustezko sorginen eta sorginkeria leporatutako pertsonen aurkakoan (ikus Zugarramurdiko sorginkeria prozesua) XVII. mende hasieran gertatu zen; jazarpen horretan 300 pertsona inplikatu ziren eta azkenean, Logroñon izandako epaiketan 12 pertsona hiltzera kondenatu zituzten. Lehenago gertatu zen Lapurdiko sorgin-ehiza, Pierre de Lancrek zuzendutakoa. Biak aldi eta eskualde berean gertatu ziren eta lotuta daude[2].

Sorgin-ehiza terminoa modu metaforikoan ere erabiltzen da, kolektibo bateko kideen aurkako jazarpena izendatzeko, bereziki horretarako jendearengan horien aurkako mesfidantza, beldurra eta gorrotoa zabaltzen denean. Azken honen adibide argi moduan McCarthyismoa dago.

Aurrekariak

aldatu

Antzinaroa

aldatu

Magoen existentziaren sinespena antzinako kultura handietatik dator, izan ere, arte magikoekin kontuz ibili behar zen eta magia beltza izateari beldurra zitzaion. Babiloniako Hammurabi Kodigoan eta Aitzinako Egipton magoak zigortzen ziren. Hala ere, ez zen inoiz Erdi Aroan bezalako sorgin-ehizarik izan.

Bibliak, Itun Zaharrak, batik bat, magia debekatzen du (Leivitico 19:26), eta bere jazarpenerako deialdia egiten du (Exodo 22:17). Hori bai, Exodo 22:17-ko esaldia Luterok gramatikalki "zuzendu" zuen, eta mago edo azti beharrean, "sorgin" hitza erabili zuen, emakumezkoei soilik egiten erreferentzia. Hala ere, sorginaren kontzeptu modernoa ez da agertzen Biblian. Nolanahi ere, horrek ez zituen sorginkeriaren teorikoak gelditu eta aipamen horiek sorginen existentzia eta zigorrak justifikatzeko erabili zituzten.

Bibliako bertze zati batzuetan magoen eta asmatzaileen arteko harremanak modu positiboan kontatzen dira. Saul erregeak Endorreko Sorginari aholkuak eskatzen dizkio (I Samuel 28, 5-25) filisteoengatik sentitzen zuen desesperazioa zela eta, berak asmakuntzak debekatu zituen arren. Jesusen jaiotzara joaten diren Errege Magoak, aldiz, ez dira aztiak, grekoan magi hitzak jakintsuei eta zientzialariei egiten baitzien erreferentzia.

Jatorrizko Elizak ez zuen hasierako jazarpen horietan parte hartzen baina magiarekin zerikusia zuten ekintzak baztertzen zituzten.

Erdi Aroa

aldatu

Germanoak, kristau bihurtu baino lehen, ezagutzen zuten aztikeria kaltegarriak egiten zituzten magoen erreketa. Hala ere, Behe Erdi Aro Mediakarolingian ez zen sorgin-ehizarik izan. 785eko Paderboneko Itunak sorginenganako sinesmena eta jazarpena debekatzen zuen.

Hungarian sorginei strigis deitzen zitzaien eta Behe Erdi Aroaren hasieran Koloman Hungariakoa erregeak (1095-1116) lege bilkura zen liburu bateko artikuluan honakoa idatzi zuen: "De strigis vero, quae non sunt, nulla quaestio fiat" ("Sorginei dagokienez, hauek ez direnez existitzen, ez da haien bila ikerketarik eginen"). Hori guztia dela eta, Hungariar erreinu katoliko eta kristaua Erdi Aroko erreinuen artean ia bakarra izan zen sorginak ez jazartzen. Hala, ondotik tronura ailegatu ziren monarka hungariarrak malgutasun handia izan zuten juduekin, kumanuekin eta musulman uzbekoekin, baita etnia anitzekin ere; kroaziarrak, serbiarrak, eslovakoak, horiek hungariar erreinuan bizi zirelarik hizkuntzak eta kultura errespetatzen.

Alemanian, sorgin hitzaren (hexe) existentziaren lehen frogak Frevelbüchern-ean (legeak) agertzen dira, Schaffhausen hirian, XIV.mendearen akabailan (1368/87), Oliver Landoltek azaldu duen bezala. Luzernan 1402an agertu zen lehen aldiz hitza.

Inkisizioa

aldatu
 
Francisco de Goyaren koadroa, inkisizoaren auzitegia
Sakontzeko, irakurri: «Inkisizioa»

Kristautasunaren banaketaren ondoren, Eliza katolikoak erlijio katolikoaren garbitasuna zaintzeko sortutako Inkisizioa erakundea indarberritu egin zuen, eta inkisidoreak herriz herri ibiltzen ziren erlijioaren aurkako kideen bila. Inozentzio VIII.a aita santuak eskumen zabalak eman zizkion Inkisizioari heretikotzat jotako jarrerak pertsegitzeko 1484an, Errenazimenduaren atarian. 1487an, bulda horren babespean Malleus maleficarum argitaratu zen, inkisidoreen sorgin ehizarako eskuliburu bihurtutakoa.

Gaztela eta Aragoiko koroak bateratu ondoren, Fernando II.a Trastamarakoak Inkisizioa sortu zuen 1478an koroari lotutako auzitegi gisa; Nafarroako agintariak hura onartzera hertsatu zituen pixkanaka, Tuterakoak lehenik. 1525ean lehen sorgin ehiza hasi zen Errege Kontseiluak gidatuta, baina Inkisizioaren laguntzaz, espainiar okupazioaren aurkako azken erresistentzia guneak men egin berritan (Hondarribiko setioan, 1524ko apirilean).

XVI. mende osoan, hainbat sorginkeria eta sorgin ehiza agerpen izan ziren Nafarroan, Logroñotik Inkisizioak gaztelaniaz zuzenduta. Inkisidore ezagunenetakotzat jo izan da Pierre de Lancre, nahiz eta berez epaile hutsa izan. Bordeleko Parlamentuko kontseilaria, abokatua, jesuitekin ikasia eta sorginkeria kontuen zalea. Sorgin-ehizan aritu zen euskal lurraldeetan, besteak beste Lapurdin, 1609.urtean.

Ikuspegi erlijio eta moraletatik haratago, ikuspegi materialista

aldatu

Silvia Federici filosofoak Caliban y la bruja liburuan zenbait galdera egiten ditu: nolatan sorgin-ehizaren sarraskiak hain interes esplikatibo gutxi izan duen historiaren inguruko ikerkuntzan? Ba al du prozesu bortitz eta ezkutu honek ahalmen esplikatiborik? Gizonek honi guztiari aurre egin al zioten? Egile honek kapitalismoaren instaturazioaren eta proletariatuaren sorreraren arteko transizio gatazkatsuan kokatzen du, normalean jorratu izan diren dimentsio erlijio edo moraletatik at. Ikuspegi materialista batetik, Federicik erakusten du mendebaldeko emakumeek gogotik hartu zutela parte, ondare komunak defendatzeko borroketan Erdi Aroaren amaieran. Marxek Kapitalean erakutsi zuen nola aristokratek eta burgesiak pribatizatu zituzten lurrak, nekazariak industria-guneetara jotzera behartzeko, eta langile bilakatzeko. Federici Marxen ikuspuntutik haratago doa ikuspegi feministatik.

Jakina denez, Erdi Aroan irauteko ekonomiaren buletan egituratzen zen lana, ez zegoen banaketa sexual hain hertsirik edota hainbeste ezberdinketa sozialik erreprodukzioa eta bizitzeko ondasun-ekoizpenaren artean. Dinamika soziohistoriko honen efektuak, besteak beste, izan ziren jauntxoei zerbitzuen bidez ordaindu ordez, diruaren bidezko ordainketak orokortzen ari zela lan-munduan, edota lan banaketa sexualaren ondorioz emakumeei baliabide ekonomiko edo lur-ondareak izateko aukera murrizten zietela.

Garai zehatz hartan, heresia eta sorginkeria kasuak biderkatzen ziren, eta filosofo italiarrak ondorioztatzen du aldaketa sakon horien aurkako erresistentziei aurre egiteko estrategiaren baitan sartzen zirela, non emakumeak gehien bat izaten ziren jomuga. Botere erlijiosoak eta monarkikoak gogotik egiten zieten aurre praktika amoral hauei. XVgarren mendean lehenengo epaiketak burutu ziren Europako zenbait herrialdetan. Handik aurrera, dinamika kontrairaultzailea eta misoginoa piztu zen, esaterako, emakume langileen aurkako bortxaketek delitu izateari utzi zioten Europako zenbait lekutan. Emakumeen kontrako normalizazioa eta degradazioa indartu ziren, feminitatea eta maskulinitatea birdefinituta. Garai hartan emakumeak arlo publikotik kanporatzen hasi zen, gizonen presentzia indartu nahi zen bitartean. Gutxi balitz, orden publikoaren kontrako mehatxutzat jotzen hasi zen emakumea. Sorginen, emakume txiro eta langileen aurkako bortizkeria normalizatu eta handitu zen. Nolabait, tesia zera da: eliteek behar dutela bekatari edo errudun bat, gizarteko sektoreak disziplinatzeko eta orden soziopolitikoa finkatzeko, obedientzia herrikoia bermatze aldera. Kasu honetan, marko normatiboaren elementu gaitzesgarriena zen sorgina, beraz, emakume guztiak disziplinatu behar ziren, sorginak zigortuz eta akabatuz.

Gaur egungo kapitalismoaren adreilu ezinbestekoa eta iraunkorra indartzen eta mutatzen joan da duela zenbait mende, heteropatriarkatua, alegia. Baina, M. Foucaultek frogatu zuen moduan, disziplinak buruan zein gorputzean eragiten zuen, lanerako indar sumiso bilakatzeko. Diskurtso edota sinemenez gain, praktika eta ohitura batzuk zigortzen hasi ziren emakumeak arrastoan sartzeko eta dagozkien espazio inposatuetara hesitzeko. Sorginak erretzen ziren, exekutatu, zeren eta ekoizpen-sistema berriaren aurkako diskurtsoak eta gaitas

unak adierazten baitzituzten. Sexualtasuna bizitzeko, sendatzeko eta erreprodukzioa kontrolatzeko ideia eta praktikak garatu zituzten etsaitzat hartzen ziren emakume jakintsuek.

Kolonizazioaren garaian, Amerikan calibanak izan ziren Europako emakumeak, jazarpen latzak sufritu baitzituzten, esklabu bihurtu arte.

Euskal Herriari dagokionez, Federicik nabarmentzen du emakumeen kontrako bortizkeriaren kontrako gizonen jokabideaz dokumentazio gutxi dagoela, baina, kontatzen du 1609an Donibane Lohizuneko arrantzaleek jakin zutela euren emazteak torturatu eta akabatuak izan zirela eta sutara eramateko sorginez betetako garraio bat libratu zutela bidean. Bertsio ofizialaren kontra, sorgin-ehiza ez zen Erdi Aroko obskurantismoan indartu, baizik XVI eta XVIIgarren mendeetan, hau da, Modernitatearen atarian. Europako hegoaldeko herrietan ez ezik iparraldeko herrietan ere gauzatu zen. Hau da, doktrina katolikoak ez du osorik esplikatzen zergatik prozesu disziplinario eta bortitz hori osatu eta garatu zen hainbeste herrialde europarretan, eta ez afrikarretan edo asiarretan. Elite ekonomiko, moral eta intelektualek oinarri teoriko eta normatiboa diseinatu zuten, emakumeen kontrako errepresioa justifikatzeko, eta orden ekonomiko kapitalista eta patriarkal berria balioztatu zein naturalizatzeko. Marxek zera esan zuen: erlijioa herriaren opioa da. Gizartea drogatzen duten bitartean, orden ekonomikoa eta normatiboa inposatzeko oztopo herrikoiak uxatzen dira.

Ikus gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Bibliografia gehigarria

aldatu
  • (Gaztelaniaz) Federici, Silvia (2021) Brujas, Caza De Brujas y Mujeres ISBN: 9788412339871. Editorial: Traficantes De Sueños.
  • Federici, Silvia. (2017). Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputa eta metatze primitiboa. ISBN 13: 9788490277201. Elkar.
  • (Gaztelaniaz) Gonzalez, José Antonio. (2010). Brujas en comunidades rurales: Identidad, poderes y narraciones en un "pueblo de brujas" del centro–occidente español". Revista de folklore, ISSN: 0211-1810, 348. zk., 183-187 or.
  • Henningsen, Gustav (2010). El abogado de las brujas: brujería vasca e Inquisición española. Alianza, ISBN: 9788420683744
  • (Frantsesez) Labat, Clude eta Marko (2019). Sorcellerie. Manigances & Sarabande. 1600-1620, l'entrée du Pays basque dans les Temps Moderne. Lauburu, Elkar. ISBN: 978-8490279359
  • (Ingelesez) Leeson, Peter T.; Russ, Jacob W. (2018ko abuztua)  "Witch Trials", The Economic Journal, 128. lib., Issue 613, 1 , 2066–2105. or., https://doi.org/10.1111/ecoj.12498
  • (Gaztelaniaz) Levack, Brian P.  (1995) La caza de brujas en al Europa Moderna. Alianza. ISBN 13: 9788420628141
  • (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio (1966) Las brujas y su mundo. Alianza
  • (Ingelesez) Montesano, Marina (arg) (2021) Folklore, Magic, and Witchcraft Cultural Exchanges from the Twelfth to Eighteenth Century. Saila: Routledge Studies in the History of Witchcraft, Demonology and Magic New York : Routledge ISBN: 9780367557676.
  • (Frantsesez) Viallet, Ludovic (2022). La grande chasse aux sorcières: Histoire d'une répression (XVe-XVIIIe siècle). Armand Colin. ISBN: 9782200629854
  • (Ingelesez) Willumsen, Liv Helene (2022) The Voices of Women in Witchcraft Trials Northern Europe. Routledge ISBN: 978-1032186160

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 2
idea 2