Sorginkeria

sorginekin zerikusia duten siniskeria, ezagutza praktiko eta jarduerak dira.

Sorginkeria, sorginekin zerikusia duten sineskeria, ezagutza praktiko eta jarduerak dira. Sorginak nagusiki emakumeekin lotzen diren bitartean, gizonezkoak nagusiki aztiekin lotzen dira, eta beren parekidea aztikeria litzateke.

Sorginak, Hans Baldung, 1508.

Antzinarotik sorginkeriari buruzko sinismenak kultur eta herrialde askotan jazo izan dira. Mendebalde kristauan, sorginkeria maiz Deabruaren kultuarekin lotzen da, bereziki Aro Modernoan, eta Europa eta Ingalaterra Berrian piztutako sorgin-ehizari esker.

Hainbat ikerketa eta teoriek, sorginkeria paganotasun eta jentiltasunaren ugalkortasunaren kultuarekin lotzen dute, nahiz eta teoria horiek oraindik ere frogatu gabeak egon. Sorginen sinismenak folklore eta kultura ugaritan berebiziko garrantzia dute.

Euskal Herrian oraintxura arte baserri eta landa giroko eremuetan oso bizirik zegoen sinismena zen. Historikoki, Zugarramurdiko sorginkeria prozesuarekin lotu ohi da, nahiz eta hura Euskal Herrian nahiz gainontzeko Europa osoan jazotako prozesu ugarietako bat besterik ez izan.

Sorginkeriatik sorgin-ehizara

aldatu

Sorginkeria fenomeno zabala da, munduko hainbat gertakari ulertzeko ezintasunaren ondorioz asmatutako alegiazko kontakizunei lotuta dagoena[1]. Erdi Aroaren amaiera aldera arte ohikoa zen herritarren artean: "presentzia arrunta, barneratua, kezkarik sortzen ez zuena, antza denez"[2]. Izan ere, ustezko sorginek zerbitzu ezberdinak eskaintzen zituzten: ganadua sendatzea, antisorgailuak prestatzea etab. Horren adierazle dugu latinezko sors (zori) eta euskarazko egin hitzetatik osatutako sorgin hitza bera[1]. Egia da, hala ere, zoritxarrentzako aitzakia gisa ere erabiltzen zirela, juduekin egiten zen moduan[3].

Gakoa, beraz, zera da, sorginkeriatik sorgin-ehizarako aldaketa. Azken hori garai jakin batean kokatu behar genuke, Behe Erdi Aroan eta Goi Aro Berrian, hain zuzen ere. Mendebaldeko Europatik zetorren ereduak sorginkeria nahiago izan zuen, sorgintzaren ordez. Henningsen adituak "brujeria" eta "brujomania" bereizi zituen; sorginkeria, sorgintza ez bezala, antolatua zen, talde-sorginkeria, alegia[2]. Hark azaldu moduan, sinesmen herrikoiak eta hainbat intelektualek sorgintzaren inguruan garatutako nahasketaren ondorio izan zen[4].

 
Malleus Maleficarum (1486)

Sorginkeriaren inguruko idatziak XIV. mendean hasi ziren arren, 1486ko Heinrich Krämer eta Jakob Sprenger domingotarren lana izan zen ospetsuena, Malleus Maleficarum delakoa[1]. Hori izan zen Europa mendebaldean hedatu zen ereduaren finkapena ekarri zuena: ustezko sorginek deabrua gurtzeko meza beltzak ospatzen zituzten, Sabat deituriko bileretan elkartzen ziren, gainerakoen zoritxarra bilatzen zuten, orgiak egin[2], uztak galarazi, bortxaketak eta erailketak antolatu etab. Salaketak aztertzea besterik ez dugu, epaimahaien asmakizunak ikusteko. Izan ere, toki ezberdinen arteko ustezko akelarreen antzekotasunak ugariak dira[1]: akelarreetara joateko hegaldiak, deabruaren presentzia, akerraren irudia, dantza, musika, deabruarekin eta gainontzeko kideekin harremanak, kanibalismoa, nekrofagia[5]

 
Goyaren Akelarre margolana (1798), ustezko Akelarre baten irudikapena

Esan daiteke, beraz, sorgintza “natural” batetik zoritxarreko sorginkeria batera pasatu zela, talde erlijioso “sasi-politiko” bati buruzko klixe estereotipatua indartuz eta zabalduz[2]. Bilakaera argi azaltzen du Iñaki Bazánek: Erdi Aroan sorgintza indibidualista zen nagusi, ezagutza farmakologikoak zituzten belar-biltzaleei lotua, edabe ezberdinak prestatzen eta igarpenak egiten zituztenak. Erdi Aroaren amaieran, eta modernitatearen hasieran, ordea, sorginkeria kolektiboak garrantzia irabazi zuen. 1520tik aurrera, brujomania (sorginkeria) hedatu zen, teologo eta juristen borroka izan zena, ustezko Satanen jarraitzaileen aurkakoa, eta Zugarramurdiko prozesura (1610) arte indarrean jarraitu zuena[3].

Aipatzekoa da ere, sorgin-ehiza tradizionalki emakumezkoei lotuta egon dela. Izan ere, garaian emakumea gizonarentzat arrisku eta tentazio gisa ikusten zen, tratatu-idazleen esanetan, izaki ahulak eta intelektualki gizonen menpekoak izanik, pasioen mende baitzeuden. Horregatik, bakarrik zeuden emakumeak, batez ere alargunak, gizonezko autoritate batekiko loturarik ez zutenak, bereziki arriskutsutzat hartzen ziren. Horrez gain, zahartasuna ere aipatu beharko genuke, hau da, zahartzaroan sartutako alargunaren ideia, konbentzitzeko deabru-gaitasunekin gizon gazteei iruzur egiten ziena. Emakume alargun horiek, babesik ez zutenak, sendatzaile eta emagin moduan bizirauten saiatzen ziren. Horrela, emakumeak, alargunak, eta atso zaharrak elkartzean, sorginaren inguruko imajinario kolektiboarentzat errealitate bihurtu ziren[6]. Zabalaren hitzetan, “garaiko gizarteak onartutako ereduetatik kanpoko kideak ditugu” (alargunak, umezurtzak, etab.). Ezaugarri horiek ezin aproposagoak bihurtzen zituzten gizartearen gorrotoa jasotzeko[1].

Sorginkeriaren arrazoiak

aldatu

Sorgin-ehizaren atzean ezkutatzen diren faktoreak ugariak dira. Esan bezala, Europa mendebaldean gatazka garaia zen, eta gizartea aldaketa handi eta bizkorrak bizitzen ari zen[1]. Gainera, Hotzaldi Txiki gisa ezagutzen den klimaren hoztea eman zen, zeinak izurriteen hedapena eta heriotzen areagotzea ekarri zuen. Horri lotuta, ez dira harritzekoak sorginen ustezko egitekoak: “uztak galduarazten zituzten, jendea gaixotu, edota umeak hil[7].

Arrazoi sozioekonomikoak

aldatu

Hasteko, zergati sozioekonomikoak aipatu behar genituzke, kontuan izanda, nekazari-bizimodu tradizionaleko auzotartasunean tirabira anitzak egon zitezkeela: herri-lurren ustiapenaren ingurukoak, mugarrien kokapenaren araberakoak, senide-aurkakotasunak etab[2]. Dibisio bandokideak edota familien arteko gatazkak ere aipatu izan dira, komunitateetako akusazio faltsuen eragile gisa[5]. Henningsen adituak zioen moduan, “sorginkerian sinesten zuen landatar gizarte batean, bizilagun txarrak eta sorginak sinonimoak ziren[4].

Ordea, bizilagunen arteko gatazka horizontalez gain, klaseen arteko gatazkez ere hitz egin dezakegu. Gainera, zaila da gatazka-mota bakoitza ezberdintzea, gehienak nahastu egiten baitziren. Gogoan izan, gainera, kaparetasun unibertsalaren ezarpena, teorian, ordura arteko mendekoak, jauntxoen pareko egiten zituena. Horrek noski, azken horien haserrea eragin zuen, eta horren aurrean estatu berrien eraketak eskaintzen zizkien aukerak baliatzen saiatu ziren, erantzun ezberdinen bidez: gogorkeria, moldaketa, eurena berreskuratzeko saiakerak… Tresna horietako bat sorginkeria salaketak izan ziren, ezinbestekoak tokian tokiko etsaiak, eta batik bat, mendekoak, kontrolpean izateko[2].

Eliteak, beraz, gatazka horiek onartzen eta bultzatzen zituen, sorginkeriaren gezurra egi bihurtuz, izan ere, bizilagunen arteko liskarrek jauntxoen kontrakoak baretzeko balio zuten[2]. Horrek azaltzen du epaimahaiak aginte laikoak baino “neutralagoak” izatea, epaitutako kasuetan, Inkisidoreek, kanpotarrak izanik, ez baitzuten interes pertsonalik izaten[1].

Arrazoi politikoak

aldatu

Aurrekoari, bestalde, arrazoi politikoak gehitu behar genizkioke, Euskal Herriaren kokapena kontuan hartuta. Zehazki, Altzate, Urtubia, Ainhoa, Urdazubi eta Zugarramurdiko eremuan eman ziren kasu gehienak. Iparralderantz, Donibane Lohitzunen eta Ustaritzen, eta hegoalderantz, Baztan-Bidasoa lurraldean, baita urrunagokoetan ere[2]. Euskal gizartea muga eremuan aurkitzen zen, botere desberdinen menpe, bi estaturen arteko talkaren erdian. Izan ere, Monarkia Hispanikoa, Filipe III.aren eskutan, eta Frantziarra, Luis XIII.a buru, beraien estatuak eraikitzen ari ziren, Nafarroaren eta beste lurralde batzuen gainean[2]. Hala ere, bi aldeetako kideek kultura eta hizkuntza partekatzen zituzten, eta euren arteko loturek jarraitu zuten, merkatal harremanek, adibidez. Beraz, mugaren garrantzia gorabehera, haren iragazkortasuna azpimarratu izan da.

Muchembled historialariak, esaterako, sorginkeria “estatuen arteko gatazketan, gerren eta lur konkisten ondoriozko erabakietan” kokatu zuen, aukera aproposa baitzen Borbondarren eta Habsburgotarren arteko muga bat finkatzeko. Horrek herri xumeetako sorginkeria ulertzen laguntzen du, kontua muga baitzen: gerra, boterea, eta politika, alegia. Adituak Euskal Herriko sorgin-ehiza azaltzeko jada aipatutako nekazari “errudunez” eta estatu-arrazoiez gain, muga erlijiosoak ere aipatu zituen, jarraian aztertuko ditugunak[2].

Arrazoi erlijiosoak eta kulturalak: Barrokoaren inposaketa

aldatu

Ikuspuntu erlijioso eta kulturaletik, Kristautasunaren jarrera aldaketa edo Kontraerreforma aipatu behar genuke. Horren bidez, gainera, arlo erlijiosoaren eta politikoaren arteko loturak argi ikusten dira, sorginkeriaren atzean zeuden eliteen interesak azpimarratzen dituztenak. 1520tik aurrera, Luteroren eskutik, Kristautasunaren haustura eman zen, Nafarroan bertan eragin nabarmena izan zuena[1]. Hain zuzen, Joana Albretekoak 1561ean Kalbinismoa ezarri zuen, zeinak Monarkia Hispanikoari, mugen beste aldean, mesfidantza handia sortu zion.

Une horretan ospatu zen Trentoko Kontzilioa (1545-1563), eredu protestantearen aurka, erlijio katolikoaren ideiak berresten zituena, nahiz eta bertan adostutako neurrien ezarpena denboran zehar luzatu. Ortodoxia katolikoa ezarri nahi izan zuten eliteek, kultura barrokoa eta berauen balioak, goitik beherako inposizio gisa. Ez zen, beraz, tokiko ekoizpen herritarra, ezta herrikoia ere. Aitzitik, elite batzuek sortutakoa, estatu modernoen arteko gatazka politiko zein erlijiosoetan garatzeko eta indartzeko aukera eskuratu zuena. Horrek azaldu dezake Europan osoan zehar, eremu ezberdinetan, sorginkeria eredu berbera hedatu izana.

Pentsa daiteke, gainera, bi kulturen arteko talka eragingo zuela, herriaren kristautasun eredua paganismoarekin nahastutakoa baitzen, sinesleen eta hainbat elizgizonen maila dogmatiko eskasa zela eta. Bazánen esanetan, sinkretismo batez hitz egin dezakegu, Kristautasuna, folklore ondarea, eta kultura herrikoia zein kultua nahasten zituena[3].

Kontrol soziala eskuratzeko tresna

aldatu

Orokorrean, beraz, sorginkeria kontrol soziala eskuratzeko elitearen tresnatzat har daiteke. Paul Arzaken esanetan, mekanismo klasiko eta ezaguna martxan jarri zen, non, hondamen guztien errudunak bertan egoteak, histeria kolektiboa eragiten duen. Horrela, Barrokoaren dogma berriak itxurazko konponbidea iradoki zuen, eta era berean, askatasunak zein eskubideak mugatu zituen. Hau da, gertatzen ari zena justifikatzeko errudunak sortu ziren, sorginak, alegia. Izan ere, talde sorginkeria onartezina zen ortodoxia ezarri nahi zuen elitearentzat. Aitzitik, gizartearen kohesioa baino, nahiago zuen urraketa sustatu. Hain zuzen, “sorginkeriaren gezurra egia bihurtzen da gehienek mito hori onartzen dutenean” eta hori, elitearen esku hartzearen ondorio da[2].

Prozesu horretan zehar, elitea tokian tokiko gatazkez probestu zen, egitura konplexu bat ezarriz, “lurralde osoko bizimoduak eta ideiak kontrolpean izateko”. Inkisizioa bera, goi-mailako taldeek euren nagusitasuna ezartzeko erreminta izan zen[1]. Horrela komunitatearen egonkortasuna zalantzan jarri zuten, heterodoxia zapalduz eta elitearen inposaketa erraztuz[2].

Iñaki Bazánek dio sorginkeria teologo eta juristen lana izan zela, haien asmakuntzak maila intelektuala gainditzean martxan jarri zena, praktika zein ohitura herrikoietan zehaztapena bilatzean. Hau da, berrelikadura eta difusio fenomeno bikoitza eman zen. Izan ere, deabru zein sorginekin amets egiten zuten intelektualek tortura judizialarekin haien teorien baieztapena eskuratu zuten. Kontua da, bien bitartean, herriak teologo eta legelarien proposamenak bereganatu zituela, difusio fenomenoaren bidez. Horrek sorginen inguruko sinesmenak barneratzea eragin zuen[3].

Sorginkeriaren beheraldia

aldatu

XVII. mendean eman zen sorginkeriaren beherakada, azaldutako sorginen irudiak garaiko magistratuen iruditerian denbora luzez jarraitu zuen arren. Hau da, hasierako sorgin-ehiza bezain sutsua izan ez bazen ere, salaketek jarraitu zuten. Ez zen, ordea, sorgin-ehiza prozesu handirik izan. Pentsa daiteke, behin "estualdirik larriena igarota[1]" agintariek ez zutela sorginkeriaren asmakizunarekin jarraitu beharrik izan gizarte kontrola bermatu ahal izateko. Horrela, sorginkeriaren aurkako diskurtsoa ahultzen hasi zen, nahiz eta sorgintzak (sendabideek edota edabeek, adibidez) eta sorginkeriaren inguruko sinesmenek, XVIII., XIX. eta XX. mendeetan zehar jarraitu[7].

Bestalde, egia da Madrilgo gobernu zentralistak sorgin erreketekin bukatzearen alde egin zuela, nahiz eta inkisidoreetako batzuk, eta orokorrean gizarteak, erabakia ez onartu. Neurriok gainera, Europako gainontzeko herrialdeekin alderatuz gero, mende bat beranduago iritsi ziren. Gainera, erreketen gutxitzea besterik ez zuten ekarri, sorgin-ehizak jarraitu zuelako; are gehiago, Europan erreketak alde batera uztean, estatu mailan Inkisizioak sorginen jazarpenarekin jarraitu zuen[4].

Horregatik, beherakada ulertzeko, arrazionalismoaren hedapena azpimarratu izan da, baita, Alonso de Salazar Frías inkisidorearen lana ere[1]. Azken horrek Nafarroara bidaiatu zuen, graziaren dekretua aldarrikatzeko eta ikerketa bat egiteko asmoz. Zortzi hilabetetan zehar, ustezko sorginak galdekatu zituen, eta lekukoen bidez, akelarreen existentziarik eza frogatu zuen. Era berean, medikuntza azterketak egin zizkien deabruarekin harremanak izan zituztela zioten neskatoei, haien birjinitatea frogatuz, eta edabeak eginarazi zituen, inolako kalterik egiten ez zutenak. Froga horien bidez 5.000 orrialdeko informe bat osatu zuen. Hala eta guztiz ere, ez zuen aurkitu sorginkeria ekintzen adierazlerik. Izan ere, Salazarren hitzak gogora ekarriz, "ez zen egon sorginik, ez eta sorgindurik, haien inguruan hitz egiten eta idazten hasi arte". Hau da, haietaz hitz egiteak sorginkeria agerraldiak eragin zituen, eta gaiak interesa galtzean, desagertu egin ziren. Horrek esan nahi du aldez aurretiko doktrinamendu baten ondorio izan zirela, Frantziatik iritsi ziren zurrumurruena, predikatzaileek emandako sermoiena, eta nola ez, Logroñoko autofedearena[8].

Salazarrek, beraz, herriz herri egindako bisitei esker, eta sorginak zigortzeko nahikoa froga ez zegoela ondorioztatuta, horien aurkako prozesurik ez hastea erabaki zuen[4]. Horrela, 1617an Inkisizioak Isiltasunaren Legea aldarrikatu zuen. Horren helburua gertakariei publizitaterik ez ematea zen, sorginen abokatu izendatutako Salazarren tesiari jarraiki[7]. Gerora eman ziren sorginkeria kasuetan, Bizkaia iparraldean edota Gipuzkoan kasu, Salazarren esku-hartzea ezinbestekoa izan zen tokiko agintarien aurka, ustezko sorginak aske utzi ahal izateko[4]. Hortaz, haren egiteko nagusia sorginkeriaren irrealtasuna frogatzea izan zen[2].

Ipar Euskal Herriari dagokionean, aipagarria da 1682ko Ediktua, sorgin-ehiza ezjakintasunarekin lotu zuena. Horrek, ordea, ez zuen eragin sorginkeria iruditeria kolektibotik desagertzea. Argi ikus daiteke hori XVIII. mendeko salaketetan, tokian tokiko komunitateen jazarpena ikusten baita sorgin gisa hartutako emakumeen kontra[9].

Bestetik, arrazoi politikoei dagokienean, aipatzekoa da Nafarroako mugen gorabeherak lasaitu izana. Izan ere, XVII. mendean Hispaniar eta Frantziar Koroen arteko gatazkak jarraitu arren, mugak finkatzen joan ziren[1]. Horregatik, "komenigarritasunaren susmoa" iradoki izan da, hots, goi-mailako taldeek indarkeriaren beharrik ez izatea, jada egoera kontrolpean zutelako[1]. Hau da, sorginkeria herri-mailara itzuli zen, ohiko fenomeno gisa, muga asaldatuko ez zuela argi gelditu zenean[2].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h i j k l m Zabala, Mikel. (2001). Nafarroako sorginkeria berriro eztabaidagai. Uztaro 39, 39-52 or..
  2. a b c d e f g h i j k l m n Paul Arzak, Juaninas. (2002). 1610. urtea. Nafarroako sorginkeriaren mitifikazio maltzurrari buruz. Uztaro 43, 17-51 or..
  3. a b c d (Gaztelaniaz) Bazán, Iñaki. (1998). El mundo de las supersticiones y el paso de la hechicería a la brujomania en Euskal Herria (Siglos XIII al XVI). Vasconia 25, 103-133 or..
  4. a b c d e (Gaztelaniaz) Henningsen, Gustav. (2010). El abogado de las brujas: brujería vasca e Inquisición española. Alianza Editorial.
  5. a b Reguera, Iñaki. (2012). La brujería vasca en la Edad Moderna: aquelarres, hechiceras y curanderismo, in Usunáriz, J. M., Akelarre: La historia de la brujería en El Pirineo (siglos XIV-XVIII). Jornadas en Homenaje al Dr. Gustav Henningsen. Revista Internacional de los Estudios Vascos.
  6. (Gaztelaniaz) Nausia, Amaia. (2012). Mujeres solas y brujería en la Navarra de los siglos XVI y XVII, in Usunáriz, J. M., Akelarre: La historia de la brujería en El Pirineo (Siglos XIV-XVIII). Jornadas en Homenaje al Dr. Gustav Henningsen. Revita Internacional de los Estudios Vascos.
  7. a b c (Gaztelaniaz) Usunáriz, Jesús María. (2012). Akelarre: La historia de la brujería en El Pirineo (siglos XIV.XVIII). Jornadas en Homenaje al Dr. Gustav Henningsen. Revista Internacional de los Estudios Vascos, 680 or..
  8. (Gaztelaniaz) Jimeno, Roldán. (2012). Gustav Henningsen o el porqué del estudio de la Inquisición, in Usunáriz, J. M. Akelarre: La historia de la brujería en El Pirineo (siglos XIV-XVIII). Jornadas en Homenaje al Dr. Gustav Henningsen. Revista Internacional de los Estudios Vascos.
  9. (Frantsesez) Desplat, Christian. (2012). D’un bûcher à l’autre: la sorcellerie satanique avant et après l'Édit de 1682, quelques réflexions, in Usunáriz, J. M., Akelarre: La historia de la brujería en El Pirineo (siglos XIV-XVIII). Revista Internacional de los Estudios Vascos.

Bibliografia gehigarria

aldatu
  • (Gaztelaniaz) Dueso, Jose (1997). Brujas (cuentos y leyendas de la euskal herria fantástica). ISBN: 978-8492274109
  • (Gaztelaniaz) Dueso, Jose (2015). "Sorgiñas", leyendas vascas de brujas. ISBN: 978-1508959762
  • (Gaztelaniaz) Gonzalez, José Antonio. (2010). Brujas en comunidades rurales: Identidad, poderes y narraciones en un "pueblo de brujas" del centro–occidente español". Revista de folklore, ISSN: 0211-1810, 348. zk., 183-187 or.
  • (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio (1966) Las brujas y su mundo. Alianza
  • (Ingelesez) Montesano, Marina (arg) (2021) Folklore, Magic, and Witchcraft Cultural Exchanges from the Twelfth to Eighteenth Century. Saila: Routledge Studies in the History of Witchcraft, Demonology and Magic New York : Routledge ISBN: 9780367557676.
  • Wilby, Emma (2020). Invoking the Akelarre: Voices of the Accused in the Basque Witch-craze, 1609-1614. Liverpool University Press. ISBN: 978-1845199999
  • (Ingelesez) Willumsen, Liv Helene (2022) The Voices of Women in Witchcraft Trials Northern Europe. Routledge ISBN: 978-1032186160

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 5
idea 5
INTERN 5
todo 2