TARDIS

Doctor Who telesailean bidaiatzeko ontzia

TARDIS BBC kateko Doctor Who zientzia-fikziozko telesailean agertzen den gailu bat da, aldi berean denboraren makina eta espazio-ontzia dena. Poliziari deitzeko telefono kabina urdin baten itxura du eta barrualdea askoz handiagoa da kanpotik irudikatzen dena baino. Telesailaren ikono ezagunenetako bat da eta merchandising zabala du.

TARDISa.

TARDIS izena "Time And Relative Dimensions In Space" esaldiaren akronimoa da, euskaraz "Denbora eta Dimentsio Erlatiboak Espazioan". Doktoreak erabiltzen du espazioko edo denborako edozein tokitara bidaiatzeko[1].

Deskribapena

aldatu
 
TARDISaren barnealdeko kontsola hexagonala (1974-1981).

Denboraren Jaunek zuten jakintza aurreratua zen oso eta haiek sortu zuten TARDISa. Bidaiariak espazio-denborako edozein puntutara garraiatzen ditu. Telesailean Doktoreak lapurtu egin zuen TARDISa Gallifrey planetatik ihes egiteko, izan ere Doktorea Denboraren Jaunen arrazakoa baita, eta hura da TARDISa gidatzen duena[2].

TARDISak toki zehatz batean kamuflatu ahal izateko inguruan detektatzen duen zerbaiten forma hartzen du, horretarako dauka "zirkuitu kamaleonikoa" deritzona[3]. Doktorearen TARDISa 40. sailekoa da, dagoeneko zaharkiturik dagoena, eta zirkuitu kamaleonikoak ez du funtzionatzen. Telesailaren hasieran 1963an Londresera iritsi zenean hartu zuen polizia telefono kabina britainiar klasikoaren itxura eta horrela gelditu zen betirako[4].

Barnealdea askoz handiagoa da kanpoaldea baino eta gela eta korridore ugari ditu. Erdigunean kontsolaren gela dago[5]. TARDISa ongi gidatzeko sei pertsona behar dira, horregatik hexagonala da kontrolen kontsola. Telesailean ordea Doktoreak baino gidatzen ez duenez bidaiak oso mugituak eta kaotikoak izaten dira. Telesailak aurrera egin ahala kanpoko itxura gutxi aldatu bada ere barnealdeak izan ditu diseinu aldaketak, vintage-a telesailaren hasierako denboraldietan, aro berriaren hasieran steampunk estilokoa[4] eta 2014tik aurrera psikodelikoa.

Ezaugarriak

aldatu
 
TARDISa bidaiatzen.

Doctor Who telesailean agertzen diren bost dimentsioekin jokatzen du TARDISak; altuera, zabalera, luzera, denbora eta espazioa. Bestalde TARDISa bizirik dagoela esan daiteke, kontzientzia propioa baitu. Sinbiosi bidez doktorearekin konektaturik dago eta bakoitza konturatzen da kidea arriskuan noiz dagoen.

Soinu berezia ateratzen du toki batean materializatzen denean eta berdina egiten du desagertzen denean ere. Soinu hori oso erraza da ezagutzen[6].

Funtzio gehigarriak ditu, aurrez aipaturiko "zirkuitu kamaleonikoaz" gain "zirkuitu itzultzailea" ere badu[7]. Horri esker unibertsoan aurkitzen diren hizkuntza guztiak itzultzen ditu eta TARDISeko bidaiariek ere hizkuntza guztiak ulertu eta hitzegiten dituzte, tokian tokiko azentuarekin[8].

TARDISak inguruan aire burbuila bat eratu dezake bidaiariek bizirik irauteko airerik ez dagoen eremuetan, esate baterako espazio zabalean. Beste espazio-ontzi baterako zubiak ere sortu ditzake.

Azkenik gailu indartsua da eta espazio-ontziak eta planetak eraman ditzake errestan, eta zulo beltzetatik ihes ere egin dezake[9].

Britainiar kulturan izan duen eragina

aldatu
 
Somertongo TARDISa, Newport (Gales) hirian. 4. doktorearen lepokoa du margotuta.

Doctor Who telesaileko irudi ikonikoetako bat da TARDISa. Tamaina ugaritako TARDISak saltzen dira, jostailuak, itsulapikoak, armairuak, iratzargailuak, USBak... 1996an BBC-k erregistratu zuen TARDISaren marka. Metropolitar Polizia Zerbitzuak protesta egin zuen kabina bera haien diseinua zela adieraziz, baina patenteen bulegoak ebatzi zuen poliziak ez zuela aurretik inoiz erregistratu eta BBC hiru hamarkadatan zehar TARDISaren merchandisinga egiten aritu zela, beraz 2002an behin betiko BBCren alde egin zuen[10].

Kalean oraindik gelditzen diren polizia kabina apurrak ere TARDISaren omenez mantendu dira kasu askotan[11][12]. Bestalde "Tardis" hitza erabiltzen da barrutik uste bainoa handiagoa den edozein objetu deskribatzeko, eta Oxford English Dictionary hiztegian zerrendaturik dago bihurkin sonikoarekin batera[13].

Britainia Handiko hainbat musikarik eta musika taldek aipatu dute TARDISa haien abestietan. Esate baterako Radiohead taldearen "Up on the Ladder" abestiaren hitzak horrela hasten dira: "I'm stuck in the TARDIS" (TARDISean harrapaturik nago)[14]. The KLF musika elektronikoko taldeak ere "Doctorin' the Tardis" abestia atera zuen 1988an Doctor Who telesailaren sintonia erabiliz[15].

1984an aurkituriko asteroide batek 3325 TARDIS izena du. Brian A. Skiff astronomoak izen hori jarri zion txura kubikoa duelako[16]. Plutonen inguruko Karon satelitean ere Tardis izeneko sima bat badago[17].

Barnealdeko iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Muir, John Kenneth. (2015-09-15). A Critical History of Doctor Who on Television. McFarland ISBN 978-1-4766-0454-1. (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
  2. (Ingelesez) «TARDIS (The Name of the Doctor)» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  3. (Ingelesez) «Chameleon circuit» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  4. a b (Ingelesez) Burk, Graeme; Smith, Robert. (2012-04-01). Who Is the Doctor: The Unofficial Guide to Doctor Who: The New Series. ECW/ORIM ISBN 978-1-77090-239-8. (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
  5. (Ingelesez) Lewis, Courtland; Smithka, Paula. (2010-10-22). Doctor Who and Philosophy: Bigger on the Inside. Open Court ISBN 978-0-8126-9725-4. (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
  6. (Ingelesez) «Doctor Who: Why Does the TARDIS Make its Iconic Sound?» CBR 2021-11-05 (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  7. (Ingelesez) «Translation circuit» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  8. Halley, M., & Bowker, L. (2021). Translation by TARDIS: The science of multilingual communication in Doctor Who. In L. Orthia & M. Harmes (Eds.), Doctor Who and Science: Essays on Ideas, Identities and Ideology in the Series. McFarland., 62–77 or..
  9. That_Twin_Guy. (2013-08-05). «TARDIS can travel through time and space? What about a black hole? (Physicists welcome!)» r/doctorwho (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  10. (Ingelesez) BBC wins police Tardis case. 2002-10-23 (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  11. (Ingelesez) ScottishArchitect. (2010-10-18). «Police Box Edinburgh: Scottish Tardis, Doctor Who» www.edinburgharchitecture.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
  12. (Ingelesez) Dalziel, Magdalene. (2017-07-29). «Dr Who Tardis-style cafe in Glasgow's Merchant City set to close» GlasgowLive (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
  13. (Ingelesez) «'Sonic screwdriver' to be added to the Oxford English Dictionary» Radio Times (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  14. Radiohead – Up on the Ladder. (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
  15. «Library of Mu - 1988 INFO SHEET TWO» web.archive.org 2018-07-31 (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
  16. «JPL Small-Body Database Browser» web.archive.org 2020-01-09 (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
  17. (Frantsesez) Ferry, Ilan. (2022-05-10). La Mythologie selon Le Seigneur des Anneaux. Les Éditions de l'Opportun ISBN 978-2-38015-258-6. (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).

Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 2
idea 2
iOS 1
multimedia 1
musik 3
os 8
web 2