Thomas Bruce Elgin
Thomas Bruce Elgin (Elgingo VII. kondea) (Broomhall, Fife, Eskozia, 1766ko uztailaren 20a - Paris, 1841eko azaroaren 14a) britainiar diplomatikoa eta arte-bildumagilea izan zen. Elginen eskulturak izenekoak eskuratu zituelako da ezaguna. Militarra zen, jeneral nagusia. 1790. urtean hasi zen diplomazia-lanetan; Bruselan, Berlinen, Konstantinoplan eta beste zenbait herritan izan zen ordezkari. Frantziatik bere herrira zihoala, Amienseko Ituna hautsi zen; atxilotu egin zuten, eta 1806ra arte ezin izan zuen Ingalaterrara itzuli.
Elginen eskulturak
aldatuArte klasikoa oso gustukoa zuenez, Elginek Greziako arte-hondakinak lurpetik atera eta biltzeko baimena eskatu zion Turkiako gobernuari (garai hartan Grezia Turkiaren mendean zegoen). Baimena lortu eta Partenoitik aztarna ugari hartu zituen: frisoak, kariatideak, horma-zatiak, zutabeak, arkitrabeak eta abar. 1803tik 1812ra bitarteko urteetan, bere eskultura-bilduma Ingalaterrara eraman zuen. Greziatik ateratako lan horietako batzuk galdu egin ziren, itsasontzietako bat hondoratu zelako. Kritika gogorrak izan zituen eskulturak Greziatik lapurtu zituelako, besteren artean Lord Byronek ere aurka egin zion The Curse of Minerva (Minervaren madarikazioa) poeman. Britainia Handiko gobernuak Greziatik jasotako eskulturak erosi zizkion, oso merke Elginen ustez. Gaur egun, British Museumen daude ikusgai. 1983an, Greziako gobernuak British Museumi eskatu zizkion eskulturak, baina hark ezezkoa eman zion, beste arrazoien artean, eskulturak zaindu eta gorde zituztela esanez. Eztabaida konpondu gabe geratu zen.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.