Apuleioren Metamorfosiak gaur egunera arte iraun duen latinezko eleberri erromatar bakarra da. San Agustinek Urrezko astoa (Asinus aureus) deitu zion. K.o. II. mendean idatzi zuen Apuleiok, hain zuzen ere, eta grekotik latinera egokitu zuen. Litekeena da testu originalaren autorea Luzio Patraskoa izatea, baina eleberriaren protagonista nagusi eta narratzailea ere Luzio deitzen denez ez dakigu zehazki. Grekoz idatzitako testua galdu egin zen, baina Λούκιος ἢ ὄνος (Luzio edo Astoa) izeneko antzeko istorio bat ere badago. Autore ezezagun batek idatzi zuen eta seguraski Luzio Patraskoak idatzitako testuaren laburpena edo epitomea da. Antzinatean laburpen hori Luziano Samosatakoak idatzi zuela uste zuten.

Urrezko astoa
Datuak
IdazleaApuleio
GeneroaEleberri pikareskoa
Jatorrizko izenburuaMetamorphoseon eta Asinus aureus
HerrialdeaErromatar Inperioa
Luzio gizon bihurtuta 1345eko eskuizkribuaren irudian (Vatikanoko Liburutegia).

Argumentua

aldatu

Eleberri honek Luzioren abentura barregarriak jasotzen ditu. Magiak jakin-mina pizten dionez, Tesaliara joatea erabakitzen du, bertan sorgin eta azti asko bizi baitira. Magia ikasteko gehiegizko obsesio horren ondorioz, nahi gabe asto bihurtzen du bere burua. Hala, Erromako aristokraziako kide izatetik zama pisutsuak kargatzen dituen asto izatera igarotzen da. Eta orduan konturatzen da esklaboek eta behartsuek aberatsen eraginez zer nolako sufrimendua jasaten duten.

Luzio asto bihurtzen da

aldatu
« Ni neure zinezko agindua esan eta esan ari nintzaiolarik, neska gelan sartu zen oso urduri, eta potetxo bat atera zuen kutxatilatik. Potetxoa hartu, musu eman, hegaldi zoriontsua eman ziezadala eskatu, eta nire jantzi guztiak urrun jaurti nituen nigandik; nire eskua lehiatsu sartu, ukendu mordo bat atera, eta gorputzaren atal guztiak igurtzi nituen. Txori bat bezala hasi nintzen jokatzen, besoak, orain bat orain bestea, mugitzen ahaleginduz, baina han ez zen agertzen ez hegaxka ez lumaxkaren inolako arrastorik. Aitzitik, nire ileak loditzen hasi ziren, ilesorta bihurtu arte; nire azal-mintz leuna gogortzen hasi zen, larru bihurtu arte; nire eskuen muturrean hatzek bereizketa galdu zuten, harik eta oin-azkazal bakarra osatu zuten arte; eta nire bizkarrezurraren behealdetik isats luzea ageri zen. Gainera, aurpegia handitu zitzaidan, ahoa luzatu, sudurra zabaldu, eta ezpaina zintzilikatu; belarriak, beren aldetik, neurriz gora haziak neuzkan, eta ilez estaliak. Eta nire zoritxarreko aldakuntza hartako kontsolamendu bakarra: Fotide besoartean ezin hartu banuen ere, ederki haziak neuzkan behintzat neure dohain naturalak. »

[1]


Pertsonaiak

aldatu
  • Luzio: protagonista nagusia eta narratzailea. Nahi gabe asto bihurtu zuen bere burua.
  • Milon: Luzio eta Hipatia hartu zituen etxean. [2]
  • Panfila: Milonen emaztea. Luzio asto bihurtu zuen edabea berea zen.
  • Fotide: Milonen zerbitzaria.[2] Luziori edabea eman zion.
  • Isis: Egiptoko jainkosa. Luzio gizaki bihurtu zuen berriz.[3]
  • Lapurrak: Luzio astoa harrapatu zuten.
  • Lapurren ama: lapurrak zaintzen zituen eta haiekin batera bizi zen. Kontakizun askoren narratzailea, horietako bat Kupido eta Psikeren kontakizuna.[2]
  • Karite: lapurrek bahitu zuten neska gaztea. Luziorekin ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu.[2]
  • Tlepolemo: Kariteren senargaia. Lapurrez mozorrotu zen Karite eta Luzio askatzeko.
  • Siria jainkosaren apaizak: Luzio astoa erosi zuten.

Istorioa eta estiloa

aldatu

Lehen eleberri pikareskoa izan zen. Irudimenez betetako eleberri lotsagabe eta interesgarria da. Urrezko astoa da klase baxuen egoera aztertzen duen eleberri greko-erromatar bakarra. Gai serio bati buruz aritu arren, lan oso dibertigarria eta azkarra da, askotan baita sexualki esplizitua ere.

Istorio nagusian kontakizun barregarriak ageri dira eta horiek idazteko idazlea istorio folklorikoetan oinarritu zela uste da. Eleberriko istorio gehienak emakume adulteroei eta maitaleei buruzkoak dira; magia bidezko transformazioei buruz ere aritzen dira. Kontakizunik luzeena Kupido (Eros) eta Psikeri buruzkoa da. Eleberri honen bidez azalduko dira bi pertsonaia horiek lehenengo aldiz mendebaldeko literaturan.

Apuleioren estiloa haren istorioak bezain atsegina da. Jaiotzaz erromatarra ez izan arren, latinezko prosaren maisua izan zen. Latinaren erritmoa eta errima haren ama-hizkuntza balitz bezala menderatzen zituen.

11 kapitulu ditu eta azkenengo kapituluan estiloa guztiz aldatzen da. Luziok etsita Isis jainkosari eskatzen dio laguntza. Azkenengo kapitulu horren esanahia oraindik ez da argia eta interpretazio asko izan ditzake. Isaiasen liburuaren antzeko eleberri bat dela esan dezakegu, zeren lehenengo kapituluetan esklaboen zailtasunak eta plazerak ageri dira, baina azkenean Luziok erlijioa aurkitu eta plazerei uko egiten die. Bestalde, autobiografia bat ere izan daiteke, kontakizunak autoreak erlijioarekin izandako esperientzia moduan interpretatuz gero. Beste ikuspuntu batetik begiratuta satira bat dela esan daiteke eta azkenengo kapitulua erlijioari buruzko kritika izango litzateke.

Egokitzapenak

aldatu

2002an Gidor Bilbaok Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak argitaratu zuen. Bertan latin-idazleen euskarazko itzulpenak jasotzen dira; horietako bat Urrezko astoarena.

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Urrezko astoa
Liburu osoa: Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak

Erreferentziak

aldatu
  1. Igerabide, Juan Kruz eta Anjel Lertxundi. (1996). Metamorfosiak edo urrezko asto. Literatura unibertsala 53. Ibaizabal.
  2. a b c d Von Albrecht, M. Historia de la literatura romana, bol. II. Bartzelona: Herder, 1999, 1318. or..
  3. Codoñer,Carmen (arg.). Géneros literarios latinos. Salamanca: Universidad de Salamanca, 1987, 50 or..


Kanpo estekak

aldatu
  NODES
Idea 2
idea 2