Vitus Bering (Horsens, 1681eko abuztuaren 5a - Bering uhartea, Kamtxatkatik hurbil, 1741eko abenduaren 19a[1]) daniar itsasgizon eta esploratzailea izan zen. Errusiako armadaren zerbitzura, Siberia eta Alaskako itsasaldeak esploratu eta Beringeko itsasartea aurkitu zuen[1].

Vitus Bering

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakVitus Jonassen Bering
JaiotzaHorsens1681eko abuztuaren 5a
Herrialdea Danimarka
 Errusiar Inperioa
HeriotzaBering uhartea1741eko abenduaren 8a (juliotar egutegia) (60 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: eskorbutoa
Familia
Ezkontidea(k)Anna Bering (en) Itzuli
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakdaniera
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, hidrografoa, itsas ofiziala eta itsasturia
Zerbitzu militarra
Adar militarraErrusiar Itsas Armada Inperial
Graduacommander-captain (en) Itzuli

Find a Grave: 8661756 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Vitus Bering Danimarkako Horsens hirian jaio zen. Oso gazte zela Indietara bidaia bat egin ondoren, 1703an Errusiako itsas armadan sartu zen. Itsaso Baltikoko ontziterian aritu zen Iparraldeko Gerra Handian. 1710-1712 bitartean, Azoveko itsasora igorri zuten, eta Turkiaren aurkako gerran parte hartu zuen. 1713an, Anna Christina Pülse Kareliako merkatari baten alabarekin ezkondu zen. 1715ean egindako bisita labur bat izan ezik, Bering ez zen sorterrira itzuli[2]. Handik aurrera, errusiarrak Siberian egiten ari ziren aurrerakadak eraginda, Asiako ipar kostaren esplorazioari ekin zion buru-belarri.

1725-1728 bitartean, Petri Handiaren aginduz, Kamtxatkarako lehen espedizioa gidatu zuen, Ipar Amerika eta Siberia loturik ote zeuden jakitearren. 1725eko martxoan San Petersburgotik abiatu eta lehorrez, Tobolsk, Irkutsk eta Jakutsken barrena, Okhotskera iritsi ziren bi urteren buruan. Han eraiki zuten itsasontzian Okhotskeko itsasoa gurutzatu eta Kamtxatkara heldu ziren. Bertan San Gabriel (errusieraz: Sviatoi Gavriil) izeneko beste itsasontzi bat egin eta 1728ko uztailaren 25ean itsasoratu ziren. Iparralderantz itsastatuz, abuztuaren 21ean San Laurendi uhartea aurkitu zuten, eta Semion Dezhniovek deskribatuak zituen Diomedes uharteak geroago. Asiako itsasaldeko lurra ikusteari utzi zionean, Asia eta Amerika loturik ez zeudela atera zuen ondorioz Beringek. Itzulerako bidaian, Siberian zeharreko ibilbide luzeak gaixotu egin zuen, eta espedizioan lagundu zioten semeetatik bost hil ziren. 1730eko udan iritsi zen San Petersburgora, baina almirantegoko funtzionarioen kritikak jaso zituen, Ipar Amerikako itsasaldea ikusi gabe itzuli zelako[2].

 
Beringen bigarren bidaia eta Komandorski uharteen aurkikuntza irudikatzen dituen 1966ko sobietar zigilua.

1730ean tronura igoa zen Ana enperatrizak Bering jarri zuen Siberia eta Kamtxatkako itsasaldea esploratzeko beste espedizio baten buruan. Iparraldeko Espedizio Handia deitutakoa (1733-1743) ordu arte munduan egindako abentura zientifikorik handiena izan zen. Ehunka lagunek (soldaduak, marinelak, zurginak, itsas armadako ofizialak, zientzilariak), horietako asko beren familiekin, lau urteko ibilaldia egin behar izan zuten Siberian barrena, Kamtxatkako penintsulara heltzeko. Bering, 1735an Okhotskera iritsirik, bi itsasontzi eraikitzen hasi zen Makar Rogatxev eta Andrei Kozmin ontzigileen laguntzaz: San Petri (errusieraz: Sviatoi Piotr) eta San Paulo (errusieraz: Sviatoi Pavel). Bakoitzak 14 kanoi eta 76 lagunentzako lekua zituen. Beringen taldeak hiru urtez jardun zuen ontzien eraikuntzan[2].

1739an, Beringek Ivan Jelagin bidali zuen Kamtxatkako ekialdeko itsasbazterra esploratzera. Petropavlovsk basea eraiki zuen bertan, eta handik abiatu ziren bi itsasontziak, 1741eko ekainaren 4an, Ipar Amerikako itsasalderantz[3]. Ekainaren 20an, laino handiaren erruz, itsasontziak banandu egin ziren. San Paulok —Aleksei Txirikov buru zuen— Alexander uhartedia (Alaska) begiztatu ostean, Petropavlovskera itzuli zen. Bering, berriz, Alaskaren hegoaldeko itsasaldeko Kaiak uharteraino heldu zen[2]. Eskifaia gaixoturik zegoenez gero, berehala partitu ziren Kamtxatkarantz. Baina, aurrera jarraitu ezinik, Komandorski uharteetan babestu behar izan zuten, eta han hil zen Bering, abenduaren 19an, eskorbutoak jota. Eskorbuto eta goseak eskifaiako beste 29 lagun hil zituzten negu hartan. Bizirik iraun zutenak 1742ko abuztuaren 26an iritsi ziren Petropavlovskera[2] .

Ohoreak

aldatu

Beringen lana ez zen denbora luzean onartu, James Cookek eskualde hartara egin zuen hirugarren bidaian (17761779) haren aurkikuntzak egiazkoak zirela frogatu zuen arte. Gaur egun, Beringeko itsasartea, Bering uhartea eta Bering itsasoak daniar haren izena daramate.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Vitus Bering[Betiko hautsitako esteka] Global.britannica.com
  2. a b c d e Aleksey MALYSHEV: Vitus Bering Russiapedia.rt.com
  3. «The Russian Great Northern Expedition, 1733-1743» Ageofex.marinersmuseum.org
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vitus Bering  
  NODES
chat 1
Idea 1
idea 1