Xare
Xarea pilota jokoaren espezialitateetako bat da, tenisko erraketaren antzeko tresna batekin trinketean bikoteka jokatzen dena. Ipar Euskal Herrian sortu zen.
Xareko erraketa teniskoa baino txikiago da, gaztaina edo hurritz biribildutako zurezko eraztun lodi batez egina, nahiz eta gaur egun material sintetikoz eginak ere erabiltzen diren. Eraztun horri sokazko sare lasai bat lotzen zaio, eta sare hori erabiltzen da tresnarekin pilota jaso eta eskumutur kolpez frontisera botatzeko. Erraketa gehienez 55 cm luze da. Erabiltzen diren pilotak larruz estalita daude eta 83 gramo inguru pisatzen dute.
Jokoaren ezaugarri nagusia da pilota une batez jasotzen dela, indar eta zehaztasun handiagoz bota ahal izateko. Euskal herritarrak izan ohi dira nagusi nazioarteko lehiaketetan, Frantziaren eta Espainiaren izenean jokatuz; Argentinan ere badu indarra, hara emigratutako euskal herritarrek eramana.
Historia
aldatuXare jokoak Ipar Euskal Herrian du jatorria, batzuek diotenez jeu de paume jokoaren eboluzio gisa sortua.
Argentinara Juan Carlos Orueren eskutik iritsi zen jokoa, 1885. urtean. Hala ere, Martín Bordalejo El Maestro izan zen xarearen ospearen eta zabalkundearen bultzatzaile nagusia. Club de Gimnasia y Esgrima de Buenos Aires izeneko klubaren xare atala sortu zuen 1892an. Klubaren izen ona eta ospea zela eta, laster zabaldu zen jokoa Buenos Airesen, Argentina osoan eta Uruguaien.
Honela, bere jatorrizko lurraldean Xarea ia desagertzeraino heldu zen bitartean, Hegoamerikan loraldia bizi izan zuen eta txapelketa asko jokatu ziren XX. mendearen lehen erdian zehar. Xarea 1952ko lehen ediziotik egon izan da Munduko Euskal Pilota Txapelketen baitan. Bertan argentinarrak gailendu izan ziren, nagusik 1980 ingurura arte.
Ondorengoak dira xarean nabarmendutako argentinarrak: Pedro Olhagaray, Amadeo Spinetto, Ignacio Urbistondo, César Rodríguez Egaña, Victoriano Artadi, Julián Amundarain, Jorge Ríos, Ricardo Olivieri, Pedro, Juan eta Alberto Labat anaiak, Basilio Balda, Roberto Elías, Héctor Leyenda, Ricardo Bizzozero, Eduardo Frigerio y batez ere Vicente del Río, historiako xare jokalaririk onena bezala ezagutzen dena. Uruguai ere xare jokalari onen harrobi izan da, hala nola, Pedro Belzagui eta José Pereyra Lucas.
1970eko hamarkadaren amaieratik beherakada hasi zen. Xareak indarra galdu zuen Argentina eta Uruguaien, paleta jokoaren indartzearekin batera. Aldi berean, Ipar Euskal Herriko trinketeetan berezko ondare bezala zaintzearen ondorioz, bertako jokalariak argentinarren mailara heldu ziren eta munduko maila gorenean kokatu ziren. Ordutik, Ipar Euskal Herria eta Frantzia dira jokalari onenen harrobi. Horien artean, nabarmentzekoak dira Michel Garbisu, Patrick Lasarte eta Adrien Camino aitzindariak, eta Fredo Olasagasti, Ramuntxo Ameztoy, Peyo Sanglar, Mattin Celan, Olivier Laberdesque biarnotarra, eta Mikel Funosas, hazpandarra. Azken urte hauetan, Mikel Funosasekin batera, Ramuntxo Borteyru, Raphael Larronde, Bruno Driolet eta Sistiague izan dira nabarmendu diren xare jokalariak.
Hego Euskal Herrian “Irurako Eskola" da aipagarriena. Orokorrean ezaguna izan ez arren, Iruran pilotaren aldaera honen inguruko interes berezia dago, herriko kale bati “Xare” izena jartzeraino heltzen dena. Argentinatik heldutako apaiza izan zen 1919an Euskal Pilota joko hau hau Irurara ekarri zuena. Hasiera batean elizako arkupeetan jokatzen zen, baina 1950 inguruan ohitura galdu egin zen. 1970ean, Donostian Munduko Euskal PilotaTxapelketa jokatu zen. Nazioarteko Euskal Pilota agintariek, Juan Labat argentinar xarelari handiaren eskariz, Iruran berriro xarea berreskuratzeko konpromezua hartu zuten. Hori dela eta, herriko hainbat gaztek - Julian Larrinaga, Jose Olano, Eugenio Arrieta eta Mikel Uzkudun- hainbat bidaia egin zituzten Argentinara, Juan Labat eta Roberto Elias xarelari handien begirapean, une hartako jokalari onenen aurka jokatuz eta teknika hobetuz. Ondorengo urteetan, jokoak arrakasta handia izan zuen Iruran, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren lanari esker, xareak Gipuzkoan(Irura, Irun), Araban(Gasteiz) eta Nafarroan(Oroz Betelu) zabalkundea izan zuen. Irurako gazteak izan dira Espainiako selekzioa, urte luzez, Munduko Txapelketetan ordezkatu dutenak, Eta Mundu Mailako lehen garaipen handia, Iñax Iturbe eta Jose Antonio Morcuende irurarrak eta Jose Javier Larrea eta Orradre, Oroz Beteluko nafarraren eskutik etorri zen, 1988an, Parisen, 22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketan urrea irabazita. Hamar urte geroago, 1998an, Mexikon, etorri zen garaipenik nagusiena, Jose Inazio Lopetegi, Juantxo Larrarte, Iñax Iturbe eta Manolo Molina irurarrek, Munduko Euskal Pilota Txapelketan urrezko domina irabazita, txapeldun izatea lortu zutenean. Azken urte hauetan, José Inazio Lopetegi nabarmendu da, Munduko txapela eskuratzeaz gain, Nazioarteko, Frantziako eta Ipar Euskal Herriko xare txapelketa garrantzitsuenak irabaztea lortu baitu.
Xarea Munduko Euskal Pilota Txapeleketetan
aldatuZnb. | Urtea | Egoitza | Txapeldunak | |||
---|---|---|---|---|---|---|
I | 1952 | Donostia ( ) |
Argentina | Uruguai | J.Labat / R.Elías | |
II | 1955 | Montevideo ( ) |
Ez zen jokatu | |||
III | 1958 | Miarritze ( ) |
Argentina | Uruguai | J.Labat / R.Elías | |
IV | 1962 | Iruñea ( ) |
Argentina | Uruguai | J.Labat / R.Elías | |
V | 1966 | Montevideo ( ) |
Argentina | Uruguai | J.Andrade / R.Elías | |
VI | 1970 | Donostia ( ) |
Argentina | Uruguai | Frantzia | R.Bizzozero / R.Elías |
VII | 1974 | Montevideo ( ) |
Argentina | Uruguai | Frantzia | R.Bizzozero / H.Leyenda |
VIII | 1978 | Miarritze ( ) |
Argentina | Frantzia | Uruguai | R.Bizzozero / H.Leyenda |
IX | 1982 | México ( ) |
Frantzia | Argentina | Espainia | P.Lasarte / M.Garbisu |
X | 1986 | Gasteiz ( ) |
Frantzia | Argentina | Espainia | P.Lasarte / M.Garbisu |
XI | 1990 | Kuba ( ) |
Frantzia | Espainia | Argentina | P.Lasarte / F.Olasagasti |
XII | 1994 | Donibane Lohitzune ( ) |
Frantzia | Espainia | Uruguai | Ameztoy / Olasagasti |
XIII | 1998 | Mexiko ( ) |
Espainia | Frantzia | Argentina | J.Lopetegi / J.Larrarte |
XIV | 2002 | Iruñea ( ) |
Frantzia | Espainia | Kuba | M.Celan / P.Sanglar / O.Laberdesque / J.Sistiague |
XV | 2006 | Mexiko ( ) |
Frantzia | Espainia | Argentina | O.Laberdesque / P.Sanglar / B.Driolet / J.Sistiague |
XVI | 2010 | Paue ( ) |
Frantzia | Espainia | Kuba | O.Laberdesque / L.Algalarrondo / Y.Laberdesque / B.Driolet |
XVII | 2014 | Zinacantepec ( ) |
Frantzia | Kuba | Argentina |
Historiako domina banaketa
aldatu- Zinacantepec 2014ra arte
Postua | Selekzioa | Guztira | |||
---|---|---|---|---|---|
1 | Frantzia | 8 | 2 | 2 | 12 |
2 | Argentina | 7 | 2 | 4 | 13 |
3 | Espainia | 1 | 5 | 2 | 8 |
4 | Uruguai | 0 | 6 | 2 | 8 |
5 | Kuba | 0 | 1 | 2 | 3 |
GUZTIRA | 16 | 16 | 12 | 44 |