Biblia
Negar Kantak
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

aldatu

1 Ai ene! Zeinen bakar gelditu den
jendez hain betea egon ohi zen hiria!
Atzerrien artean izen handiko zena,
alargun baten antzeko egina.
Eskualdeen erregina, besteren menpera makurtua.
2 Negar eta negar ari da gauean masailak malkoz beteta.
Bere maitaleen artean, ez du nork kontsolaturik.
Adiskide guztiek zapuztu egin dute, etsai bihurtu zaizkio.
3 Erbestera doa Juda: zoritxar eta morrontza gogorra!
Horra, atzerrien artean bizi da, baina ez du non kokaturik.
Bere jazarleek harrapatu egin dute, estualdian zegoelarik.
4 Dolutan daude Sionerako bideak, ez baitator inor jaietara.
Hutsik daude hiriko sarrera guztiak.
Aieneka daude apaizak, atsekabez neskatxak.
Sionen ez da samina besterik.
5 Gaina hartu diote etsaiek, aukeran eta lasai bizi dira.
Jaunak baitu atsekabetu, bere errebeldia handiarengatik.
Haren haurrak gatibu joan dira, etsaiak bultzaturik.
6 Joan zaio distira guztia Sion hiri ederrari.
Haren buruzagiak,
larrerik aurkitzen ez duten basahuntzen antzeko.
Indarrak galdurik doaz jazarleen aurrean.
7 Bere erbestealdiko zoritxar-egunetan,
gogora dakartza Jerusalemek
antzina zituen gauza eder guztiak.
Gogora dakar nola jausi zen etsaien eskuetan,
nork lagundurik ez zuela.
Etsaiek barre zegioten, hondaturik ikustean.
8 Bekatu eta bekatu egin du Jerusalemek;
horregatik, higuingarri bihurtu da.
Begirune ziotenek mesprezatu egiten dute,
biluzia ikusirik.
Aieneka ari da, beraz, aurpegia lotsaz gordeta.
9 Soinekoei erantsia darama bere lohikeria.
Ez zen ondorioez ohartu:
sinestezinekoa da haren erortzea; ez du nork kontsolaturik.
«Jauna, begira nire zoritxarra, garaile baitut etsaia».
10 Jerusalemgo aberastasun guztiei etsaiek eskua erantsi
diete.
Jentilak santutegian sartzen ikusi ditu hiriak,
zuk, Jauna, haiek zure batzarrera ez sartzeko
agindua zenuen arren.
11 Hiritar guztiak aieneka ari dira, janari bila;
janaren truke eman dituzte beren gauza ederrak,
biziari eusteko.
«Begira, Jauna, eta ikus zenbateraino nagoen mesprezatua!

12 «Zuek, bidean zoaztenok, begira eta ikus:
ba ote da nirea bezainbateko oinazerik?
Bai mingarria zaidala,
Jaunak bere haserre-suminean eman didan oinazea!
13 Sua bidali du Jaunak goitik, eta hezurretaraino sartu dit.
Sarea ipini dit oinpean, eta itzulipurdika bota nau.
Arras hondatua utzi nau, etengabeko ondoezean.
14 Astuna da nire errebeldien uztarria;
Jaunak bere eskuaz sortan lotu ditu denak,
lepoan ezarri dizkit eta neure indarrak ahuldu.
Aurre egin ezin diodan jendearen esku utzi nau.
15 Babesle nituen gudari guztiak arbuioz bota ditu Jaunak.
Gudarostea bildu du nire aurka, nire gazteak akabatzeko.
Mahatsa dolarean bezala
zapaldu du Jaunak Juda neskatxa ederra.
16 Horregatik nago negarrez, begi biak urtzeraino;
urrun baitut kontsolatzailea, biziberrituko nindukeena.
Nire haurrak galduak daude, etsaia atera baita garaile».

17 Sionek, eskuak otoitzean luzatu arren,
ez du nork kontsolaturik.
Jaunak eraginik, auzoko herriak etsai bihurtu zaizkio Israeli.
Haien artean higuingarri bihurtu da Jerusalem.

18 «Zuzen jokatu du Jaunak, aurka egin baitiet haren
aginduei.
Entzun, bada, herriok denok, eta ikus nire oinazea.
Nire neska-mutilak gatibu joan dira.
19 Neure maitaleei egin diet dei, baina zapuztu egin naute.
Nire apaizak eta zaharrak hirian hil dira,
biziari eusteko janari bila zebiltzan bitartean.
20 Jauna, ikus nire larrialdia! Irakiten daukat barrua.
Iraulia dut bihotza barnean, errebelde izan bainaiz,
errebelde.
Kalean haurrak dizkit ezpatak hil, etxean herio jabe.
21 Entzun nire intziria! Ez dut nork kontsolaturik.
Etsai guztiek izan dute nire zoritxarraren berri,
eta poz hartu dute zeuk egina delako.
Etorrarazi iragarria duzun eguna,
gerta dakiela haiei ere nirea bera!
22 Ikus ezazu haien txarkeria guztia, erabil itzazu
ni neure errebeldiengatik erabili nauzun bezala.
Bai, aieneka eta aieneka ari naiz, eta guztiz makaldua nago».

2. atala

aldatu

1 Ai ene! Jaunak, bere haserrean,
ilunpetan utzi du Sion hiri ederra.
Zerugoitik lurrera bota du Israelgo ospea.
Ez du bere oinaulkia gogoan izan haserre-egunean.
2 Erruki gabe desegin ditu Jaunak
bere herriko egoitza guztiak;
erraustu egin ditu bere suminduraz
Juda lurralde ederraren gotorlekuak;
lurrera bota ditu eta desohoratu
erreinua eta bere buruzagiak.
3 Hauts egin ditu bere haserre bizian Israelen indar guztiak.
Etsaia iristean, atzean gorde du bere eskua.
Sua piztu du bere herrian, inguru guztiak irentsiz.
4 Etsaia bailitzan,
bere eskuina sendo ezarriz teinkatu du uztaia.
Arerioa bailitzan hil digu xarmangarri zitzaigun guztia.
Sua bezala isuri du bere haserrea Sion hiri ederraren
etxolategira.
5 Etsai gisa jokatu du Jaunak: Israel desegin du,
desegin haren jauretxeak, ezereztu haren gotorlekuak.
Atsekabea eta nahigabea ugaldu dizkio Juda lurralde ederrari.
6 Baratzeko hesia bezala bota ditu haren harresiak,
haren batzarlekua xehatu.
Jaiegunak eta larunbata ahaztarazi ditu Jaunak Sionen.
Errege-apaizak gaitzetsi ditu haserrearen haserrez.
7 Jaunak higuin izan dio bere aldareari,
gorroto bere santutegiari.
Etsaiaren eskuetan utzi ditu hiriko dorretxeak.
Garrasika ari dira Jaunaren etxean, jai-batzarretan bezala.
8 Sion hiri ederreko harresia desegitea erabaki du Jaunak:
ez dio hondatzeari utziko, harik eta dena berdindu arte.
Doluz estali ditu dorre eta harresiak,
denak batera amildu dira.
9 Lur jo dute hiriko ateek, hauts egin ditu hango morroiloak.
Haren errege eta buruzagiak jentilen eskuetan daude.
Ez da Jainkoaren legerik irakasten;
profetek berek ere ez dute Jainkoarengandiko agerpenik
jasotzen.
10 Lurrean eserita, isilik daude Sion hiri ederreko zaharrak,
beren buruetara hautsa bota eta dolu-jantziaz estalirik.
Jerusalemgo neskatxak burumakur dabiltza.
11 Begiak erreak ditut negarrez, barrua irakiten, eroria
bihotza,
nire herriaren hondamendia dela eta,
haurrak eta bularrekoak hiriko kaleetan ahulduak daudelako.
12 Beren amei galdezka ari dira: «Non dira garia eta ardoa?»
Zauriturik bezala erortzen dira hiriko kaleetan,
amaren altzoan azken arnasa emanez.

13 Zer esango nizuke, zerekin konparatuko zaitut?
Antzekorik zer aipatuko dizut,
Sion neskatxa eder horri, kontsola zaitezen?
Itsasoa bezain handia da zure hondamendia: nork sendatu zu?
14 Zeure profetek ez dizute agertu
mezu gezurrezko eta hutsala besterik.
Ez zuten zure gaiztakeria agerian ipini,
hala zure zoria aldatzeko.
Gezurrezko eta lilurazko mezua besterik ez dizute agertu.
15 Bidean doazen guztiek txalo jotzen dizute isekaz;
txistuka eta buruaz keinuka ari zaizkio
Jerusalem hiri ederrari isekaz:
«Hauxe dugu, beraz, edertasun beteko,
lur guztiaren pozbide omen zen hiria!»
16 Etsai guztiak isekaz ari zaizkizu,
txistuka eta hortzak erakutsiz,
eta diote: «Irentsi diagu!
Hona, bada, hainbeste itxarondako eguna!
Hemen dugu, ikusi dugu halako batean!»
17 Bete ditu Jaunak bere asmoak;
egin du aspalditik esana eta erabakia;
erruki gabe erraustu du.
Zure lepotik eman dio poza etsaiari,
zure etsaien indarra altxatu du gora.

18 Egin oihu Jaunari bihotz-bihotzez,
egin intziri, Sion hiri eder horrek!
Isuri zeure negar-erreka gau eta egun!
Ez eman atsedenik zeure buruari;
ez bedi ater zure begien jarioa!
19 Jaiki, egizu aiene gau osoan etengabe;
hustu ezazu bihotza Jaunaren aurrean;
jaso eskuak hari, kaleburu guztietan
goseak hiltzen dauden zeure haurren alde otoika.

20 Begira, Jauna, ikus nor darabilzun horrela.
Beren haurrak, beraiek hazitako haurtxoak, jan behar
emakumeek!
Jaunaren santutegian dituzte hiltzen apaizak eta profetak!
21 Zahar eta gazte,
hor daude kaleetan zehar lurrean etzanik;
nire neska-mutilak ezpataz jota erori dira.
Zeure haserre-egunean hil dituzu, erruki gabe garbitu.
22 Jaiegunetarako jendea bezala,
ugari bildu dizkidazu izu-ikarak inguruan.
Zure haserre-egunean, Jauna,
ezin izan du inork ihes egin edo bizirik atera.
Nik hazi eta hezi nituenak, etsaiak garbitu ditu.

3. atala

aldatu

1 Gorriak ikusia nauzu, Jaunaren haserrearen zigorpean.
2 Ilunpetara bultzatu nau eta eraman, ez argitara.
3 Haren eskuak nire aurka dihardu, egunero etengabe.
4 Azal-mamiak jan dizkit, hezurrak hautsi.
5 Saminezko eta nekezko hesia jaso dit inguruan.
6 Ilunpetan biziarazi nau, behin betiko hildakoak bezala.
7 Horma artean sartu nau, aterabiderik gabe;
kate astunez lotu nau.
8 Oihuka laguntza eskatzen badut ere, ito egiten du nire
erregua.
9 Bideak harritzarrez itxi dizkit, bidezidorrak nahastu.
10 Zelatan dagoen hartz izan da niretzat,
gordeta zain dagoen lehoi.
11 Bidetik atera nau, sarraskitu eta bertan utzi nau,
hondatua.
12 Uztaia teinkatu eta bere gezien jo-puntu egin nau.
13 Bere geziez barruraino zulatu nau.
14 Jende guztia barrez ari zait, koplak ateratzen dizkidate
etengabe.
15 Saminez bete nau, belarmin-ura edanaraziz.
16 Hortzak hautsi dizkit harrien kontra, hautsetan zapaldu
nau.
17 Urrun da niregandik bakea,
ahaztua dut zer den zoriona.
18 Neure artean diot: galdua da nire etorkizuna,
Jaunak ematen zidan itxaropena.

19 Neure erbestealdiko zoritxarra gogora ekartzea
edarimin pozoitsua da niretzat.
20 Ezin dut gogotik kendu, eta bihotz-eroria nago.
21 Baina oroitzen naiz itxaropena susperrarazten didan
zerbaitez:
22 Jaunaren onginahia ez dela amaitu, haren errukia ez dela
agortu.
23 Goizero berritzen dira. Bai handia, Jauna, zure
leialtasuna!
24 Neure artean diot: Jauna da nire on guztia!
Harengan dut, beraz, itxaropen.
25 Jauna ona da berarengan uste on duenarentzat,
berarengana jotzen duenarentzat.
26 On da, Jaunak emango duen salbamena isilean itxarotea.
27 On du gizakiak gaztetandik uztarpean ohitzea.
28 Bego bakarrik eta isilean, Jaunak probaren bat ezartzen
dionean.
29 Ahozpez bedi hautsetaraino, izanen baita, beharbada,
itxaropenik.
30 Jar biezaio masaila, joka ari zaionari, utz biezaio irainez
ase dezan.
31 Izan ere, Jaunak ez du gizakia betiko baztertzen.
32 Atsekabea ematen badu ere,
errukitu egiten da bere neurrigabeko onginahiz.
33 Ez du gogo onez umilarazten gizakia, ez dio gogo onez
atsekabe ematen.

34 Herriko preso guztiak hankapean zapaltzen dituztenean,
35 Goi-goikoaren begien aurrean inoren eskubidea ukatzen
dutenean,
36 gizakiari auzia oker egiten diotenean,
Jaunak ez ote du ikusten?
37 Nork eman diezaioke esanari izana, Jaunaren aginduak izan
ezik?
38 Zoriona eta zoritxarra ez ote dira Goi-goikoak esanik
sortzen?
39 Zergatik kexatu behar du, bada, gizakiak,
bekatari izanarren bizirik dagoenez gero?
40 Azter dezagun arretaz geure jokabidea,
eta itzul gaitezen Jaunarengana.
41 Jaso ditzagun eskuekin batera bihotzak zeruko
Jainkoarengana.
42 Errebelatu egin gatzaizkizu, kontra altxatu,
eta zuk ez diguzu barkatu, Jauna.
43 Zeure haserrez inguratu zara,
eta pertsegitu egin gaituzu, erruki gabe sarraskitu.
44 Hodeiz inguratu zara, gure erregua hel ez dakizun.
45 Zabor nazkagarri bihurtu gaituzu beste herrien artean.
46 Etsai guztiak isekaz ari zaizkigu.
47 Ikara, leizea, triskantza, hondamendia: horra gure zoria.
48 Malko-errekak darizkie nire begiei,
nire herriaren hondamendia dela eta.
49 Begien jarioa ez zait agortzen, ez baitugu atsedenik,
50 harik eta Jaunak zerutik begiratu eta ikusi arte.
51 Minduak ditut begiak, nire herriko alabei gertatua ikusiz.

52 Arrazoirik gabe nire etsai direnek
txoria bezala harrapatu naute, harrapatu.
53 Putzu-zuloan sartu naute bizirik eta harria ipini didate
gainean.
54 Burutik gora nituen urak; «Nireak egin du», nioen neure
artean.
55 Zuri egin dizut dei, Jauna, leize-zulotik.
56 Entzun duzu nire deiadarra:
«Ez egin entzungor nire intziri eta oihuei!»
57 Dei egin dizudanean, hurbil izan zaitut;
«Ez beldurtu!», esan didazu.
58 Auzian nire alde atera zara, Jauna, bizia salbatu didazu.
59 Ikusten duzu, Jauna, zer bidegabekeria egin didaten;
egidazu zuzenbide!
60 Ikusten duzu nola mendekatu zaizkidan,
zenbat asmo txar duten nire kontra.
61 Entzuten dituzu, Jauna, haien irainak,
eta nire kontra duten hainbat asmo txar.
62 Nire aurka marmarrean eta azpilanean ari dira etengabe
etsaiak.
63 Egiten dutena egiten dutela, begiraiezu:
bertso barregarriak jarri dizkidate.
64 Jauna, emaiezu beren egiteengatik merezi duten ordaina.
65 Gogortu haien barrena: madarika itzazu!
66 Jauna, jazar itzazu zeure haserreaz, eta garbitu eguzkiaren
azpitik!

4. atala

aldatu

1 Ai ene! Zeinen lausotua dagoen urrea,
zeinen aldatua urre ederra!
Kale bazterretan daude sakabanaturik santutegiko harriak.
2 Urrea balio zuten Siongo bizilagun prestuak,
ai ene!, buztinlariak egindako
buztin-ontzien parekotzat hartzen dituzte.
3 Basa txakurrek ere ematen diete beren umeei titia edatera;
nire herria, ordea, bihozgabeko ama da,
basamortuko ostrukaren antzera.
4 Bularreko haurtxoek, egarriaren egarriz,
ahosabaiari itsatsia dute mihia.
Umetxoak ogi eske, eta emango dienik ez.
5 Litxarreriaz jan ohi zutenak ahiturik erortzen dira
kaleetan.
Luxu artean haziek zabortegian dute bizileku.
6 Nire herriaren gaiztakeria handiagoa da
Sodomaren bekatua baino:
inork eskurik nekatu gabe, bat-batean erraustua izan zen
Sodomarena baino handiagoa.
7 Nire herriko buruzagiak elurra baino garbiago ziren,
esnea baino zuriago;
korala baino gorriztago haien gorputzak,
zafiroa bezain urdin haien zainak.
8 Orain, berriz, kedarra baino beltzago dira,
kalean ezagutezin.
Hezurretan azala besterik ez dute, egurra bezain ihar.
9 Ezpataz hildakoek zori hobea izan zuten
goseak hildakoek baino:
haiek zulaturik hustu ziren, hauek uztarik ezaz.
10 Nire herriaren hondamendikoan,
emakumeek, berez bihotz samurreko izanik ere,
beren haurrak egosi zituzten beren eskuez eta jan.

11 Jaunak bere haserrea hustu du, bere sumina isuri.
Sioni su eman dio eta oinarrietaraino kiskali.
12 Ez lurreko erregeek, ez eta munduko inork ere,
ez zuen uste etsaia Jerusalemgo ateetan sekula sartuko zenik.
13 Eta hau guztia haren profeten bekatuengatik,
haren apaizen gaiztakeriengatik,
zintzoen odola isuri baitute hiri barruan.
14 Itsuak bezala dabiltza kaleetan noragabe, odolez zikinduak,
haien jantziak inork ukitu ezin dituelarik.
15 «Alde hemendik! Kutsatuak!», egiten zaie oihu,
«Alde, alde! Ez ukitu!»
Ihesi doaz noragabe; atzerritarrek hau diote:
«Ezin dira gure artean bizitzen gelditu».
16 Jaunak berak sakabanatu ditu, eta ez ditu gehiago ikusi
nahi.
Ez da apaizentzat begirunerik, ez eta zaharrentzat gupidarik
ere.
17 Begiak akituak ditugu laguntza hutsal baten bila.
Hor gaude begira, noiz etorriko inor salbatzeko gauza ez den
herria.
18 Gure urrats guztiak zaintzen dituzte:
ez daukagu kalera ateratzerik.
Hurbil dugu azkena, beteak egunak; bai, heldu zaigu azkena!
19 Zeruko arranoak baino bizkorrago dira gure jazarleak.
Segika dabilzkigu mendietan, tranpak jartzen dizkigute
basamortuan.
20 Gure arnasberritzailea, Jaunak gantzuturiko erregea,
preso erori da etsaiaren sarean.
Herrien artean haren gerizpean biziko ginela uste genuen.

21 Gozatu eta poztu zu ere, Edomgo herria,
Utz lurraldean bizi zaren hori!
Zuk ere edan beharko duzu zigor-edaria;
mozkortu egingo zara eta biluzik geldituko.
22 Betea dago zure gaiztakeriaren zigorra, Sion hiri eder;
Jaunak ez zaitu berriz atzerriratuko.
Baina zure gaiztakeria bai, Edomgo herri, zigortuko du
eta zure bekatuak agirian jarriko.

5. atala

aldatu

1 Gogoan izan, Jauna, gertatu zaiguna;
begira eta ikus nola iraintzen gaituzten.
2 Gure etxaldeak kanpotarren eskuetara joan dira;
gure etxeak arrotzen eskuetara.
3 Aitarik gabe gaude, umezurtz; gure amak, alargun.
4 Geurea den ura edateko, dirua ordaindu behar;
geurea dugun egurra, erosi egin behar.
5 Gainean ditugu segika;
leher eginak gaude, ez da atsedenik guretzat.
6 Nahiko ogia jateko,
Egipto eta Asiriari luzatzen diegu eskua.
7 Gure gurasoek bekatu egin zuten, eta ez dira bizi;
baina guk daramagu gainean haien gaiztakeriaren zigorra.
8 Esklaboak ditugu nagusi,
eta ez da haien eskutik askatuko gaituenik.
9 Ogia irabazteko bizia arriskatzen dugu,
basamortuko jende armatua dela eta.
10 Labean bezala erretzen daukagu larrua, gosearen erreminez.
11 Bortxatu egin dituzte Siongo emakumeak
eta Judako hirietako neskatxak.
12 Beren eskuz urkatu dituzte buruzagiak,
ez dute begirunerik izan zaharrentzat.
13 Errotarria erabiltzera behartu dituzte mutilak,
egur-zamapean lur jo dute gaztetxoek.
14 Hiriko sarreran ez da zaharrik biltzen,
gazteek ez dute koplarik kantatzen.
15 Agortu zaigu bihotzean poza, gure dantza dolu bihurtu da.
16 Erori zaigu burutik koroa;
errukarriak gu, bekatu egin dugu eta!
17 Horregatik, nahigabetua daukagu bihotza,
negar-malkoz lausoturik begiak.
18 Izan ere, Sion mendia hondamen bihurtu da, azeri-leku.

19 Zu, ordea, Jauna, errege zara betiko,
zure erregetza menderen mendetarako.
20 Zergatik ahaztu nahi gaituzu betiko?
Zergatik utzi nahi bertan behera bizi guztirako?
21 Itzularaz gaitzazu zeuregana, Jauna, eta itzuliko gara.
Berritu gure bizitza lehengo erara.
22 Betiko baztertu ote gaituzu, bada?
Zure haserreak ez ote du mugarik?

  NODES
Idea 6
idea 6